Prentsaurreko batean, Berdintasuneko ordezkari Miren Echevestek Irun Beldur Barik programaren aurtengo edizioaren xehetasunen berri eman du. Berriro ere, ikastetxeekin eta belaunaldi berriekin indarkeria matxistaren desagerpena lantzea izango da helburua. Izan ere, “berdintasunean heztea ezinbestekoa da pixkana-pixkana haurrei ere kontzientzia harrarazteko, haurtzaroan finkatzen baitira gure gizartearen balio eta eskubideen inguruko oinarrizko printzipioak, eta argi dago gizarteak etorkizunari begiratu behar diola berdinzale, jasangarri eta bidezkoagoa izango bada”, azpimarratu du Echevestek.
Berdintasun Zerbitzuko arduradunek nabarmendu dutenez, indarkeria matxista emakume eta gizonen arteko berdintasunik ezaren adierazgarririk muturrekoena da, eta gure gizartearen arazo sozial nagusietako bat da oraindik.
Emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko, beharrezkoa da emakume eta gizonen arteko berdintasunik eza desagerraraztea, hari eusten dion oinarria baita, eta, horretarako, horren kontzientzia hartzea. Era berean, horretarako, beharrezkoa da gizarteratze prozesuan parte hartzen duten instituzio eta mekanismo guztietan (familian, eskolan, komunikabideetan, publizitatean, hizkuntzan, aisialdian, jai giroan…) lan egitea, nagusi diren genero rol eta estereotipoak aldatzeko eta sexuen arteko errespetu eta berdintasunean oinarritutako balio eta ereduak sustatzeko.
Aipatu dutenez, beharrezkoa da gazte eta nerabeekin lan egitea, emakume eta gizonen arteko aukera eta eskubide berdintasunean eta aukera eta eskubide berdintasunerako hezteko prebentzio lana egiteko, horixe baita emakumeen kontrako nolanahiko indarkeria motak prebenitzeko modurik onena.
Ildo horretatik, beste urte batez, Irungo Udalak Beldur Barik tailerrak jarri ditu martxan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei emango dizkie, ordubeteko hiru tailer ikasgela bakoitzari, urritik abendura bitartean, eta ikastetxe publiko eta itundu guztiek eman dute izena, Erainek izan ezik. Horrela, guztira, ia 1.500 ikaslek jasoko dute prestakuntza, Parean elkartearen eskutik, hura arduratuko baita programa ikasgeletan inplementatzeaz.
Bestalde, dagoeneko martxan dago Irun Beldur Barik lehiaketaren 2022ko edizioa. Haren bidez, nahi duten diziplina artistikoa baliatuz, bideo formatuan, 12 urtetik 20 urtera bitarteko gazteek nolanahiko indarkeria matxista motak gainditzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa adierazi ahalko dute, eta, kalitate tekniko edo artistikoa baino gehiago, transmititzen den mezuaren kalitatea eta haren bidez nesken ahalduntzeari eta mutilen matxismoaren kontrako konpromisoari buruzko eztabaida eta hausnarketak pizteko gaitasuna baloratuko dira. Hiru kategoriatan banatuko da lehiaketa:
1. kategoria: 2010 eta 2008 artean jaiotakoak (12-14 urtekoak)
2. kategoria: 2007 eta 2005 artean jaiotakoak (15-17 urtekoak)
3. kategoria: 2004 eta 2002 artean jaiotakoak (18-20 urtekoak)
Kategoria bakoitzeko irabazleak 400 euro irabaziko ditu, eta parte hartzen duten bideo guztiek, 100. Epea azaroaren 11n bukatuko da, eta oinarriak eta informazioa https://www.beldurbarik.eus/ helbidean eskuratu daitezke.
Azkenik, azaroaren 25a Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako jardueren esparruan, azaroaren 27an, igandearekin, Irun Beldur Barik 2022 ikuskizuna emango da, Amaia KZn, hainbat diziplina artistikoren bidez emakumeen kontrako indarkeriarekiko zero tolerantzia aldarrikatzeko. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena beharko da.