Urriaren 23tik 26ra ura izango dute hizketagai Oiasso Museoan

Urriaren 23tik 26ra Oiasso Museoak historia eta zientziari buruzko ziklo bat hartuko du Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuarekin lankidetzan antolatua izan dena. Ekimen berri horretan, urari buruzko zenbait jarduera egingo dira.

Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak adierazi duenez, “eskertzen da Biogipuzkoak Irun aukeratu izana historia eta zientzia batzen dituen ziklo berri hau estreinatzeko.  Zikloa inauguratzeko, uraren gaia aukeratu dute, eta egokia iruditzen zaigu Irunen terma erromatarrak berreskuratzen ari garen honetan.  Beraz, espero dugu, hala nahi baita, ekimen berri hau urteroko jarduera bat bihurtzea eta gehiagotan gozatzeko aukera izatea”.

Zikloaren helburua da herritarrek jakitea historian zehar nolako garrantzia izan duen osasun-zientziak gure gizartearen aurrerapenean eta horri buruzko eztabaidak eta gogoetak sustatzea. Horretarako, bi entitateek partekatzen dituzten eta elkarren osagai diren tresna eta gaiak erabiliko dituzte: zientzia, dibulgazioa, historia eta osasungintza. Higiene-, osasun- eta medikuntza-neurri askok gure bizi-kalitatea, banakakoarena zein kolektiboa, hobetzeko aukera eman dute. Hiriak eratu dituzte, eta hirigintza, eraikinak eta instalazioak aldatu.

Oiasso Museoa gune egokia izan da, egindako ibilbide hori zabaltzeko eta osasuna, osasungintza, zahartzea edo eritasuna bezalako gaiei buruz eztabaidak eta elkarrizketak proposatzeko.

Ura, gai nagusia

Ziklo hori inauguratzeko, ura aukeratu dute gai nagusi. “Ura, bizi-iturria” izenburupean, Oiasso Museoaren esparruan, hainbat jarduera egingo dira, urriaren 23tik 26ra bitartean. Jarduera guztiak 19:00etan izango dira, Oiasso Museoan, edo handik irtenda, eta dohainik izango dira.

Urriaren 23an 

Aizpea Goenagak eta Itziar Vergarak, bi erakundeetako zuzendariek, urak historian eta osasunean izan duen zereginari buruz hitz egingo dute.

Urriaren 24an

Adolfo López de Muniainek (Biogipuzkoako Neurozientzien arloko burua) ura, historia eta osasuna elkartuko ditu hitzaldi batean.

Urriaren 25ean

Zinema eta mahai-ingurua Cristina Ubani eta Mertxe Urteagarekin, erromatar azpiegiturei buruz. Film eta dokumental hauek proiektatuko dira: L’aigua a les termes o banys públics d’Ilturo a ca l´Arnau 7  eta Ingeniaritza erromatarra: Akudeuktuak II.

Urriaren 26an

Bisita gidatua Irungo iturri enblematikoetatik, Koldo Garciaren eskutik. Bisita horretan, urari buruzko poemak irakurriko dituzte Ana Pérezek eta Aizpea Goenagak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude