Foru Gobernuaren Kontseiluak Azken Portu inguruan biribilgune berria eraikitzeko proiektuaren lizitazioa onartu du. Aldundiak bultzatutako jarduketa honi esker, auzoaren mugikortasuna hobetuko da eta Behobiatik sartzen diren ibilgailuen mugimenduak erraztuko dira. Proiektuak 1.018.000 euroko aurrekontua du eta lau hilabeteko exekuzio epea.
Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak lan-bilera egin dute gaur Cristina Laborda Irungo alkatearekin. Bertan, Azken Portu inguruko esku-hartze berriari buruz hitz egin dute, Foru Gobernuaren Kontseiluak proiektuaren lizitazioa onartu baitu. Esku-hartze hori, gainera, Bidasoaldeko sarbideak eta mugikortasuna hobetzeko planean aurreikusitako esku-hartzeetako bat da.
Jarduketak biribilgune berri bat eraikitzea aurreikusten du, Artiga pasealekuaren eta GI-636 errepidearen arteko mugimendu guztiak antolatu eta osatu ahal izateko, egungo egoera hobetuz, eskuinera biratzea baino ez baitu ahalbidetzen gaur egun, oso urbanizatuta dagoen eremu batean, non bizitegi-auzo bat eta jende joan-etorri handia duen kiroldegi bat baitaude. Esku-hartze horri esker, gainera, AP-8 autobidearekin Arbes-Oinaurren egingo den lotune osoaren eraginkortasuna indartu ahal izango da.
Eider Mendoza Diputatu nagusiak azpimarratu duen bezala, aurten bertan jarduera gauzatzen hasteko bidean azkar aurrera egiteko aukera emango duen urratsa da. “Konpromisoak betetzen eta urrats zehatzak ematen jarraitzen dugu, Bidasoaldeko bide azpiegituretako jarduketa plan integrala Irunen eta Hondarribian mugikortasuna eta segurtasuna hobetuko dituen errealitate bat izan dadin”. “Fasez fase eta jarduketaz jarduketa, Bidasoalde osorako sarbide sistema ordenatuagoa, seguruagoa eta funtzionalagoa finkatzeko beharrezkoak diren elementuak osatzen joango gara lankidetzan”, amaitu du.
Bestalde, Cristina Laborda Irungo alkateak azpimarratu duenez, “urrats berri horrek, etorkizun hurbilagoan, Arbesen eta Palmera Monteron barne trafikoak murriztea ekarriko du, biribilguneak ibilgailuak saihesbidera zuzenean sartzea ahalbidetuko duelako, auzo horietatik igaro gabe. Hiria inguratuko duen bide-eraztun berria forma hartzen ari da, hirigunea zeharkatzea saihestuko duen eta GI-636 errepideari eusten dion zirkulazio-bolumen handia banatuko duen alternatiba bihurtzeko “.
Eskualdeko mugikortasuna
Eskualdeko mugikortasuna hobetzeko planak, oro har, 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta, besteak beste, N-638 eta GI-636 errepideetako sarbideetan eta AP-8arekin Arbes-Oinaurren lotunea osatzeko egingo dira jarduketak, baita Amute, Mendelu eta Plaiaundi eremuetan ere.



