Irungo Udalak adin eta gustu guztietarako 155 proposamen baino gehiago biltzen dituen 2026ko San Pedro eta San Martzial jaien egitarau ofiziala aurkeztu du gaur. Jaiek ofizialki ekainaren 23tik uztailaren 1era arte iraungo duten arren, jarduerak bihar bertan, ekainak 5, hasiko dira Zabaltza Plazako kioskoan egingo den dantzaldiarekin, eta uztailaren 1ean amaituko dira Los Perolas fanfarrearekin. Cristina Laborda alkateak eta udal ordezkariek azaldu dutenez, herriko elkarte eta erakundeen konpromisoari esker osatutako egitarau honek kaleak bizipozaz betetzea eta hiri bizi, ireki eta abegitsu bat islatzea du helburu.
Musika eta ikuskizun eszenikoak izango dira berriro ere jaietako erakargarri nagusietako batzuk. San Juan eta Urdanibia plazak astinduko dituzten kontzertuen artean, Chenoa, Henry Méndez, Mikel Erentxun, Metrika eta Zea Mays bezalako kartelburu handiak arituko dira aurten. Tradizioari dagokionez, iaz arrakasta handia izan ondoren, Txaranga Eguna errepikatuko da ekainaren 20an eta 28an Peña Poteo taldearen eskutik. Erraldoiek ere euren lekua izango dute; ekainaren 6an erraldoi festa handia ospatuko da Ondare Kultur Elkartearen 15. urteurrenarekin batera, eta ekainaren 20, 23 eta 28an ere irtengo dira Irungo Atsegiña eta Bidasoako Erraldoiekin batera herriko erdialdea girotzeko.
Aurtengo berrikuntza teknologiko eta ikusgarriena jaien amaieran iritsiko da, uztailaren 1ean gaueko 22:30ean Ficobako kanpoaldetik ikusi ahalko den “Munduko festak” drone-ikuskizunarekin. Gau horretan bertan, baina apur bat lehenago, 20:30ean, Zabaltza Plazan ohiko bakarrizketen saioa antolatu da, eta aurten Mikel Bermejok eta Patricia Galvánek ziurtatuko dituzte herritarren barre-algarak.
Kirola
Kirolak ere bere txoko sendoa mantenduko du herriko talde eta kluben inplikazioari esker. Jaietako klasikoen artean, esku pilota jaialdi profesionala uztailaren 1ean Uranzu frontoian, emakumeen eskubaloiko San Martzial Torneoa, 3×3 saskibaloi txapelketa eta Aiako Harriko natura parkeko mendi martxa nabarmentzen dira. Edonola ere, protagonismo berezia izango du txirrindularitzak San Pedro klasikoaren 105. edizioarekin ekainaren 7an, eta ekainaren 27an San Martzial mendira egingo den igoera atletikoarekin.
Adinekoak eta haurrak
Adineko pertsonek eta haurrek ere euren espazio propioak izango dituzte jaietan. Nagusiek dantzaldiez gain, Tipi Tapa ibilaldia ekainaren 25ean eta ibilaldi neurtua hurrengo egunean gozatu ahal izango dituzte. Belaunaldien arteko harremana sustatzen laguntzeko, antzara-jokoak eta kometa-tailerrak egingo dira ekainaren 22an Urdanibia plazan. Euskarako arloko jarduerak, berriz, haurrengan zentratuko dira batez ere, ekainaren 23tik 26ra Sargia Parkean egingo diren txotxongilo-saioekin, ekainaren 14ko Kantu Jirarekin eta ekainaren 28ko klarion-tailerrarekin hizkuntza-ohituretan eragiteko.
Gaztegunea
Gazteentzat, Santiagoko frontoian kokatuko den Gaztegunea izango da topagune eta erreferentziazko gune nagusia ekainaren 25etik 27ra bitartean. Hiriko nerabeentzako karpa honetan Serko, Hazas, La Neni, Tati eta Aimar DJen saioak eskainiko dira, eta hainbat erronkari aurre egin beharko diote, hala nola Gaming Guneari Mario Kart txapelketarekin, Street Escape jokoari, “Gazteconquis” trebezia-txapelketari, ur-jokoei edota Japoniako sukaldaritza ardatz izango duen IrunTxef lehiaketari.
Jai inklusiboen bila
Azkenik, guztiontzako moduko jai irekiak bermatzeko, Udalak inklusio neurri garrantzitsuak abiarazi ditu aurten ere. Ficobako barraketan musika eta argi keinukariak itzaliko dira ekainaren 17, 24 eta 25ean, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, autismoaren espektroko nahasmenduren bat edo hipersentsibilitatea duten gazteek eragozpenik gabe gozatu dezaten. Horrez gain, San Juan plazako kontzertuetan mugikortasun urriko pertsonentzako plataforma berezi bat jarriko da martxan, eta laster formulario bat igoko da Udalaren webgunean erabili nahi dutenek eskaera egin dezaten.
Jaietako kartelen sariketako finalisten erakusketa ekainaren 12tik 28ra egongo da ikusgai Amaia KZn, eta egitarauaren 28.000 ale banatuko dira herriko postontzietan xehetasun guztiak eskura egon daitezen.



