Chenoa, Zea Mays, Gozategi, Henry Méndez, Bele eta Metrika, 2026koSanmartzialetarako kontzertuen artean

Irungo Udalak aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietako musika egitaraua aurkeztu du gaur goizean. Ekainaren 6tik 30era bitartean, adin eta gustu guztietarako kontzertuak izango dira hiriko plaza nagusietan.

Irungo alkateak, Cristina Labordak, eta Kultura ordezkariak, Nuria Alzagak, 2026ko jaietako kartel musikala ezagutzera eman dute. Aurkezpenean azpimarratu dutenez, aurten ere lehen mailako kartela osatu dute, Irun ekitaldien hiri gisa sendotzen jarraitzeko asmoz. “Gure musika-proposamenek harrera bikaina dute, eta urtez urte jende gehiago erakartzen dute”, adierazi du alkateak.

Guztira, hamar hitzordu musikal garrantzitsu iragarri dituzte, San Juan eta Urdanibia plazak eszenatoki nagusi izango direlarik:

Aurtengo kontzertuak

Jaietako musika eskaintza ekainaren 6an hasiko da San Juan plazan Puro Relajo taldearen eskutik. Hurrengo astean, ekainaren 12an, talde sorpresa bat arituko da plaza berean, eta ekainaren 13an Gozategi taldeak Urdanibia plaza girotuko du. Hilaren erdialdera iritsita, Chenoak ekainaren 19an eskainiko du bere kontzertua San Juanen, eta biharamunean, ekainaren 20an, Zea Mays eta Kaparrak taldeen txanda izango da Urdanibian.

San Juan bezperan, ekainaren 23an, Bele (Lide Hernando) igoko da Urdanibiako agertokira. Jaien amaiera aldera, ekainaren 27an Henry Méndezek jarriko du martxan San Juan plaza. Hilaren 28an eskaintza bikoitza egongo da: Jamaica Show taldea San Juanen eta Metrika, Brava eta Katana Urdanibian. Azkenik, ekainaren 30ean, Diskofesta batekin itxiko da egitaraua, DJ Aitana Grandesen eta lagunen eskutik.

Nuria Alzagak nabarmendu duenez, egitaraua osatzerakoan herritarren gustuak eta proposamenak kontuan hartu dira, estilo ezberdinak uztartuz: “Betiko funtzionatzen duten estiloak mantentzen saiatzen gara, baina urtero genero berriak txertatzen ditugu publiko zabalago bati erantzuteko”. Jaiak hurbildu ahala, Udalak egitarauaren xehetasun gehiago eta ekainaren 12ko talde sorpresa nor den jakinaraziko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude