Irungo Udalak, Mugikortasun Jasangarriko arloaren bitartez, hiri-autobusen zerbitzuak indartu eta egokitu ditu jaietako egun seinalatuenetan herritarrei eta bisitariei zerbitzurik onena bermatzeko. Ekainaren 19tik uztailaren 1era bitartean, jende-pilaketek eta programatutako ekitaldiek ohiko ibilbideak moztea eragingo dute. Hori dela eta, Irunbusen lineek ordutegiak aurreratuko dituzte eta geltoki nagusi batzuk erdigunetik kanpo kokatuko dira aldi baterako, herritarren joan-etorriak errazteko.
L1 eta L2 lineetako aldaketa nagusiak
L1 lineari dagokionez (Zaisa – Ospitalea), ohiko ibilbidea duten azken zerbitzuak goizago amaituko dira egun nagusietan. Ekainaren 27, 28 eta 29an, berriz, 16:30ean. Ekainaren 23an 17:15ean moztuko da ibilbide arrunat, nahiz eta San Joan bezperan Hondarribia kaleko geltokia ordubetez bertan behera geratuko den arratsaldean. Ekainaren 30ean, San Martzial egunean, zerbitzua egun osoan egokituko da eta erdigunetik gertuen egongo diren geltokiak Dunboako anbulatorioa eta Hondarribia kalea izango dira. Uztailaren 1eko azken ohiko irteera 17:30ean egingo da, Zabaltza eta Luis Mariano bezalako geltokiak ezabatuz.
L2 lineak (San Juan – Katea – Txingudi) ere antzeko mozketa dinamika jarraituko du arratsaldeetan. Ekainaren 21ean goizeko bederatzietan kenduko da ohiko ibilbidea, eta ekainaren 23, 27, 28 eta 29an arratsaldeko bostak aldera amaituko dira zerbitzu arruntak. San Martzial egunez, hilak 30, linearen goiburua Sindikalean (Elizatxo 10) kokatuko da egun osoz, eta La Salle izango da geralekurik hurbilena. Uztailaren 1ean, azken irteera arrunta 17:40an izan ostean, erdiguneko geraleku asko kendu eta zerbitzua Topo edo La Salle inguruetara bideratuko da.
L3 eta L4 lineen egokitzapenak auzoetan
L3 lineak (San Juan – Artia) ekainaren 27an (19:00) izango ditu azken ohiko irteerak; ordu horietatik aurrera Fermin Calbeton eta Nafarroa 4 geltokiak kenduko dira, eta bidaiariek Nafarroa 18ra jo beharko dute. Gainera, ekainaren 27ko goizean (10:00etatik 11:30era) San Martzial mendirako eta Arbeserako sarbideak moztuko direnez, une horretan ezingo da autobusaren maiztasuna ziurtatu. Ekainaren 30ean, goiburua Nafarroa 18ra aldatuko da egun osoz, eta ezabatutako geralekuen ordez Arbes eta Dunboako anbulatorioa erabili beharko dira.
L4 linearen kasuan (San Juan – Anzaran – Olaberria), jaietako egun gehienetan (ekainak 23, 27, 28, 29 eta uztailak 1) arratsaldeko azken irteera arrunten ondoren SJ Langile, Urdanibia Plaza eta Fermin Calbeton geltokiak kendu egingo dira, eta goiburua Gipuzkoa etorbideko 1. zenbakian jarriko da. Ekainaren 24, 25 eta 26an ere, arratsaldeko 18:45etik aurrera, SJ Langile eta Urdanibia Plaza bertan behera geratuko dira. Aldaketarik handiena ekainaren 30ean aplikatuko da: egun osoan zehar goiburua Olibondoetako biribilgunean egongo da, eta Anzaran, SJ Langile zein Urdanibia Plazako zerbitzuak erabat bertan behera geratuko dira.
Gautxoriak
Gautxoriak (gaueko hiri-autobusak) ibilbide alternatiboa eskainiko du ekainaren 19tik uztailaren 1era bitarteko gau guztietan, Gipuzkoa etorbideko 1. zenbakian goiburua ezarriz. Behobiarantz orduro egongo dira irteerak 23:00etatik 06:00etara, eta Katearantz 23:30etik 06:30era. Kontuan hartu behar da ekainaren 22, 23, 24 eta 25eko gauetan, baita uztailaren 1ean ere, zerbitzua laburragoa izango dela eta azken irteerak goizaldeko 02:00etan (Behobiarantz) eta 02:30ean (Katearantz) egingo direla.
Lurraldebusen hiriarteko zerbitzuak
Azkenik, Lurraldebusek hiriarteko zerbitzu bereziak jarriko ditu martxan ekainaren 25etik uztailaren 1era eskualdeko herriekin lotura bermatzeko. E78 lineak (Hondarribia – Irun) ekainaren 25-26ko gauean ordu erdiro funtzionatuko du goizaldeko ordu bata arte, eta ekainaren 28-29ko gauean zerbitzua goizaldeko laurak arte luzatuko da. Larunbat gauean (ekainak 27) eta San Martzial gauean (ekainak 30), E78 lineak gau osoan zehar 15 minutuz behin eskainiko ditu autobusak noranzko bietan. Gau garrantzitsu horietan, Donostiaraino doan E77 lineak ere gau osoan zehar orduro eskainiko ditu zerbitzuak, jendearen joan-etorri segurua erraztuz.



