Uda garaian murgiltzearekin batera, Jaizubia zaldiketa eskolak prest ditu jada adin guztietako zaleei zuzendutako ikastaro eta udaleku arrakastatsuak. Kirola, talde lana eta animaliekiko errespetua uztartzen dituen zentro honek ateak zabalik ditu maila guztietako ikasleentzat, aire zabaleko kirolaz gozatzeko aukera paregabea eskainiz. Itziar Urtizberea Jaizubia zaldiketa eskolako lehendakariak udako eskaintzaren berri eman du.
Udako ekintza guztiak prest dituzue jada?
Bai, hori da. Udan egingo diren ikastaroak prest dauzkagu jada. Ikastaro horiek goiz zein arratsaldeetan egiten dira. Lehenengo txanda, goizeko 9:00etatik 13:00etara da. Horietan, aste batez, haurrek ponyak prestatzen eta garbitzen ikasten dute, klase pare bat emateaz gainera. Tartean hamaiketako bat ere egiten dute eta hemen jolasean ere aritzen dira. Arratsaldeko ikastaroak ordubetekoak dira eta bi asteko iraupena izaten dute. Hala ere, bi ikastaroetan, nahi duenak izena eman dezake aste gehigarri gehiagotarako. Udaleku hauek uztaila hasieran hasten ditugu eta abuztu amaierara arte luzatzen ditugu, nahiz eta egia den abuztuko azken asteetan ia ez dela izen-ematerik izaten. Beraz, abuztuaren lehen hamabostaldiaren ostean amaitu ohi dira.
Haurrentzako ikastaroak dira soilik?
Ez du zertan horrela izan. Printzipioz, 3 urtetik aurrerako haurrek eman dezakete izena, adin horretako haurrak shetlandekin hasten baitira. Dena den, hemen hipika ikastaroetan izena emateko adin mugarik ez dago. Izan ere, maila ezberdinetako ikastaroak dauzkagu; inoiz etorri ez direnak zerotik hasten dira ikastaroetan eta jada noizbait etorri direnak edo maila bat dutenak maila altuagoan jartzen ditugu. Ondorioz, udalekuetan izena eman daiteke aurretik hipikan ibili gabekoa izanik ere. Egia da, ordea, ikasturtean zehar eskolan aritzen direnak udan ere gerturatzen direla, baina jende berri asko erakartzen dugu udako ikastaroekin.
“Dena den, hemen hipika ikastaroetan izena emateko adin mugarik ez dago”
Kanpoan egiten den kirola izanik, aukera ona da udako hilabeteetarako, ezta?
Uda da hipikan aritzeko momenturik egokiena. Eguraldi ona egiten badu egun osoa kanpoan ematen duzulako eta oso atsegina da. Goizetan 15 pertsona inguru aritu ohi dira ikastaroetan. Urte osoan zehar eskolak eskaintzen ditugunez, eguraldi txarra egiten duen egunetarako zaldi haztegia ere badugu, guztiz itxita dagoen eremua. Baina, euririk edo hotz handirik egiten ez badu, beti kanpora ateratzen gara, behar dugunean barruan egoteko aukera ere badugunaren lasaitasunarekin. Adibidez, Gabonetan eta Aste Santuan ere udalekuen antzeko ikastaroak egiten ditugu. Eskolez gain, urte osoan zehar lehiaketak izaten ditugu, bai Eskola Kirolekoak edo beste maila batzuetakoak, beraz, bai, urte osoan zehar martxan gaude.
Taldeak ere ez dira handiegiak izaten.
Arratsaldekoetan, berriz, bi mailako ikastaroak daude, hastapen maila eta maila aurreratua, bakoitzean 10 bat ikasle izan ohi dira. Horietaz gain, urtean zehar egiten diren eskolekin jarraitzen dugu udan ere. Hau da, Eskola Kirola da udan egiten ez den jarduera bakarra, hori ikasturtearekin batera baitoa. Gainera, uda hasita egon arren, izen-emateak zabalik ditugu uztailean zein abuztuan zehar, beraz, lekurik badago, edozein unetan eman daiteke izena. Asko dira lehen astea probatu ostean, bigarren edo hirugarren aste bat ere hartzen dutenak.
Zer moduz joan da aurtengo ikasturtea?
Ondo. Geroz eta jende gehiagok ezagutzen gaitu eta geroz eta zabalpen handiagoa dugu. Guregana datorren jendea gustura egoten da. Txikiek ere oso ondo pasatzen dute. Esaterako, Hondarribian egin ohi den Erdi Aroko azokan parte hartu genuen. Ponyak eta shetalnd txikiak eraman genituen bertara eta haurrek pilo bat disfrutatu zuten bertan. Hain zuzen ere, asko udako ikastaroetan parte hartzera animatu dira horrela.
Zuena kirol berezia da, izan ere, animalia batekin batera praktikatzen den kirola delako.
Bai zaldiak eta kirolariak osatzen duten binomioa oso garrantzitsua da. Izan ere, emaitzetan eragin handia du nola zauden zu edo nola dagoen zaldia, beraz, alde horretatik, oreka lortzea ezinbestekoa da. Haurrek zaldiak zaintzen ikasten dute horrela. Egia da, pistara bakoitza bere zaldiarekin bakarrik ateratzen direla, baina aurretik egiten diren prestaketa lanetan haurrek elkarlan asko egiten dute, elkar lagunduz aulkiak jartzeko edo muturgainekoak ipintzeko. Horrelako ekintzen bidez taldeko lana ere gauzatzen dugu.
Txapelketak aipatuta, berriki Irun Hiria Saria eta Euskadiko Txapelketa jokatu dira. Nola joan dira?
Guztira, 3 egun iraun dituzten txapelketak izan dira, ostiral, larunbat eta igandean zehar egin baitira. 150 partaide izan ditugu egunean, txikienetatik, 0,65etik hasita, 1,35era arte. Lehiatzera etorri dira Euskadin dauzkagun kirolari onenetarikoak. Adibidez, Kevin Gonzalez de Zarate, bere anaia Álvaro, Xabier Zabaleta, Ruben Gomez. Gaztetxoen artean ere badira oso ondo dabiltzanak: Ibon Ibañez, Ekain Azkarraga… Bertan lehiatu direnez oso emanaldi polita eman dute. Gure kirolariek aldiz, hainbat txapelketetan parte hartu dute ikasturtean zehar eta emaitzak onak izan dira, hainbat podium lortu ditugulako. Anagan Kopa egin genuen, Euskadiko Federazioak antolaturikoa eta bertan Bizkaiko bi klub, Kantabriako bat, Gipuzkoatik guk parte hartu dugu eta Nafarrokoak ere lehiatu izan dira beste edizioetan. Beraz, Kopa horretako pare bat txapelketa Jaizubian jokatu dira eta ekainean egindako Euskadiko Txapelketa ere.
“Asko dira lehen aste bat probatu ostean, bigarren edo hirugarren aste bat ere hartzen dutenak”
Txapelketak zuen kirola ezagutzera emateko lagungarriak direla esango zenuke?
Bai. Gainera txapelketetako saltoak oso ikusgarriak dira eta jendea liluratuta geratzen da. Noski, horrela jendea zaldiketa probatzera animatzen da. Gainera, ikastaroez gain, eskola solteen bonoak dauzkagu, gutxinaka probatzeko eta gustatzen zaionak gelditzeko aukera izan dezan.
Zeintzuk dira zaldiketaren alderdi erakargarrienak?
Kirol oso ezaguna izan ez arren eta gainera, jende askok elite mailako kirola dela pentsatu arren, maila polit batean aritu ahal izateko hori ez da beharrezkoa. Noski, bada momentu bat non mailaz igotzen edo hobetzen jarraitu nahi baduzu, ba eskura baliabide minimo batzuk izan edo lortu behar dituzun. Dena den, gu irabazi asmorik gabeko elkartea gara eta prezio ahalik eta ekonomikoenak mantentzen ahalegintzen gara, eta beraz, horri esker ia edozeinek parte hartu dezake. Zaldiketari esker, kirola egin bitartean animalia bat ezagutzen eta aire zabalaz gozatzen duzun bitartean, elkarlana lantzen duzu; balore asko lantzen dira, beraz.
Elkarrizketa osoaren bideo Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



