Asteburuan jokatu da Inmobiliaria Urme Txingudi Korrikaren 27. edizioa, Hendaia, Irun eta Hondarribia elkarlotzen dituen 10 kilometroko mugaz gaindiko proba klasikoa. Aurten probak hazkunde ikusgarria izan du arlo guztietan, 896 izen-ematera iritsiz eta azken urteetako goranzko joera sendoa berretsiz (2023an 542 izan ziren, 2024an 602, eta 2025ean 756). Nabarmentzekoa da, gainera, emakumeen parte-hartzea % 31ra igo dela (iaz baino 4 ehuneko-puntu gehiago) eta Ipar Euskal Herriko zein Frantziako korrikalarien kopurua % 28ra iritsi dela (aurreko urteko % 9aren aldean). Horiez gain, Alemania, Polonia eta Portugalgo korrikalariek ere hartu dute parte edizio honetan, probaren nazioarteko izaera indartuz.
Gizonezkoen lehiaketan, Ander Aramendik hirugarren urtez jarraian lortu du garaipena helmuga 31 minutu eta 54 segundotan zeharkatuta. Lasterketa oso lehiatua izan da: Mikel Velascorekiko lehia estuan joan da 7. kilometrora arte, une horretan Aramendik erritmo-aldaketa erabakigarria egin eta bakarrik joan baitzen helmugara. Velascorentzat izan da bigarren postua (32:06) eta Asier Landartek osatu du ohorezko podioa (32:11), 15-20 korrikalarik osatutako tropel nagusiaren abiadura-lasterketa irabazita. Gizonezkoen lehen hamar sailkatuak honako hauek izan dira: Ander Aramendi (31:54), Mikel Velasco (32:06), Asier Landart (32:11), Jose Antonio Gómez de Arriba (32:15), Lukas Cabezón (32:17), Beñat Bengoetxea (32:29), Martin Fagoaga (32:32), Marcos Yaniz (32:35), Gwendal Larque (32:35) eta Mikel Aramendi (32:53).
Emakumezkoen kategorian Silvia Villán burgostarra nagusitu da 40 minutu eta 42 segundoko denborarekin. Bigarren postua Intza Mendez irundarrak eskuratu du helmugara segundo gutxira iritsita (40:56), eta hirugarren postuan Nerea Garcia sailkatu da (41:04). Emakumeen lehen hamar korrikalariak honako hauek izan dira: Silvia Villán (40:42), Intza Mendez (40:56), Nerea Garcia (41:04), Irune Fernandez (41:18), Joanna Elçaurhandieta (41:39), Ana Gonzalez (42:07), Irati Mendikute (42:40), Maike Cuenca (42:55), Leire Eizaguirre (44:27) eta Ainhoa Elortegi (44:47).
Sari orokorren ostean, hiru udalerrietako lehen sailkatuek ere beren aitortza jaso dute. Gizonezkoetan, Damien San Martin (Hendaia), Asier Landart (Irun) eta Lukas Cabezón (Hondarribia) izan dira azkarrenak; emakumezkoetan, aldiz, Joanna Elçaurhandieta (Hendaia), Intza Mendez (Irun) eta Irati Mendikute (Hondarribia). Bestalde, Salto Foundation-ek babestutako handbike eta aulkien kategoria inklusiboan Iñaki Mujika nagusitu da (18:48), Jon Galarraga (22:14) eta Mikel Goicoechearen (29:14) aurretik.
Asteburu osoko ekitaldia
Asteburuko kirol-festa larunbat goizean abiatu zen Gal Stadiumeko alboko zelaian egindako Laboral Kutxa Txingudi Korrika Txikiarekin. 1 eta 13 urte arteko 300 haur baino gehiagok hartu zuten parte eguzkipean egindako familia-jardunaldi honetan. Super Amara BAT klubak publikoki eskertu du hiru udalen, Bidasoa-Txingudi Partzuergoaren, udaltzaingoaren, boluntarioen eta babesleen (Inmobiliaria Urme, Laboral Kutxa, Mendibil, Auto Suecia, Salto, Super Amara, Zaisa, Aneto eta Filipinos) babesa, Gipuzkoako herri-egutegian ezinbestekoa den proba hau posible egiteagatik.



