‘Emakumeok Mugimenduan’ programak berreskuratu ditu BATek, autodefentsa eta entrenamendu saio doakoekin

Super Amara BAT kirol elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, ‘Emakumeok Mugimenduan‘ doako programa jarri du berriro martxan Irunen, iaz lortutako arrakastari jarraipena emanez. Ekimen honen helburua emakumeen ahalduntzea, osasuna eta kirol-ohiturak sustatzea da, bi jarduera nagusiren bidez: emakumeen autodefentsa ikastaroa eta emakumeentzako entrenamendu taldea.

Alde batetik, emakumeen autodefentsa saioak urriaren 3an abiatu ziren Geaxi Moredaren eskutik, eta doan eskainiko dira urrian nahiz azaroan zehar larunbatero, 09:00etatik 10:00etara eta 10:00etatik 11:00etara. 14 urtetik aurrerako emakumeei zuzendutako jarduera honek Wushu Txinako borroka-arte zaharraren teknikoak (ukabilkadak, ostikoak eta oinarrizko proiekzioak) erabiltzen ditu, parte-hartzaileek arrisku-egoerei aurre egiteko eta osotasun pertsonala babesteko mugimendu zehatz nahiz eraginkorrak ikas ditzaten. Gainera, hilabeteko azken saioan Sara Mariezkurrena BAT Kirol eta Osasun Zentroko psikologoak hitzaldia eskainiko du ahalduntzeari eta arrisku-jarrerak identifikatzeari buruz.

Bestetik, Susana Ruizek gidatutako entrenamendu taldea urriaren 19tik abenduaren 19ra bitartean arituko da Plaiaundiko atletismo-pistan. Saioak goizez (astelehen eta asteazkenetan 09:15etik 10:15era) nahiz arratsaldez (astelehen, asteazken eta ostiraletan 18:00etatik 19:00etara) egingo dira. Talde hau gorputza indartzean, errendimendu fisikoa hobetzean, korrika egiteko teknika lantzean eta lesioak prebenitzean zentratuko da. Gainera, pizgarri gisa, astean gutxienez egun batez parte hartzen duten emakumeek doako izen-ematea lortuko dute abenduaren 19ko Super Amara Gabonetako Kroserako (5 km). Informazio gehiago eta izen-ematea klubaren webgunean daude eskuragarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude