Aurten ere Irungo Udalak hiriko nerabe eta gazteentzako udaleku programa antolatu du, Irrisarri Landen, Igantzin (Nafarroan). Guztira, 300 toki eskainiko ditu. Izena emateko epea, martxoaren 4an, bihar, irekiko da eta martxoaren 17ra arte zabalik egongo da, bi egun horiek barne. Programan izena eman nahi dutenek Udalaren webgunean egin dezakete behin-behineko inskripzioa, autozerbitzu terminaletan, edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan, San Martzial karrikako 2 zenbakian.
Deialdia 2010etik 2018ra bitartean jaiotakoentzat da, urte biak barne, eta astebeteko sei txanda izango dira. 2026ko martxoaren 1erako Irungo erroldan alta eman duten haurrek parte hartu ahalko dute programan.
Udaleko Hezkuntza eta Gazteriako ordezkari Sandra Caballerok eman du horren berri, gaur goizean. Nabarmendu duenez, “udaleku hauek esperientzia aparta dira gazte irundarrentzat, autonomia pertsonala garatzen eta bizikidetza hobetzen laguntzen baitute, ingurune natural zoragarri batean gainera. Badakigu herritarrek oso iritzi ona dutela zerbitzu honetaz, eta, horregatik, urtero-urtero, gogotik lan egiten dugu, gazte irundarrek uda ezin hobea bizitzeko. Bide batez, familiei kontziliatzen laguntzen diegu”.
Izen emate fitxa bakoitzean, hiru anai-arrebak, lagunek-eta eman ahalko dute izena; betiere, txanda bererako izena ematen badute eta adin talde berekoak badira. Txanda guztiak euskaraz izango dira, data hauetan eta adin hauetako haurrentzat:
- 1. txanda: uztailaren 2tik 8ra, 8 eta 10 urte artean dituztenentzat (2016., 2017. eta 2018. urteetan jaiotakoentzat)
- 2. txanda: uztailaren 8tik 14ra, 11 eta 13 urte artean dituztenentzat (2013., 2014. eta 2015. urteetan jaiotakoentzat)
- 3. txanda: uztailaren 14tik 20ra, 8 eta 10 urte artean dituztenentzat (2016., 2017. eta 2018. urteetan jaiotakoentzat)
- 4. txanda: uztailaren 20tik 26ra, 11 eta 13 urte artean dituztenentzat (2013., 2014. eta 2015. urteetan jaiotakoentzat)
- 5. txanda: uztailaren 26tik abuztuaren 1era, 14 eta 16 urte artean dituztenentzat (2010., 2011. eta 2012. urteetan jaiotakoentzat)
- 6. txanda: abuztuaren 1etik 7ra, 11 eta 13 urte artean dituztenentzat (2013., 2014. eta 2015. urteetan jaiotakoentzat)
Esan bezala, txanda bakoitzean 50 toki eskainiko dira guztira, eta txanda bakoitzeko toki bat behar bereziak dituzten haurrentzat gordeko da.
Izena emateko egutegia
Prozesua martxoaren 4tik 17ra bitartean hasiko da behin-behineko izen-ematearekin, eta jarraian, behin-behineko zerrendak martxoaren 26tik apirilaren 1era arte egongo dira ikusgai. Behin betiko zerrendak apirilaren 13an argitaratuko dira, eta hurrengo egunean, apirilaren 14an, zozketa egingo da, honen emaitzak apirilaren 17an ezagutzera emanez. Azkenik, behin betiko izen-emateak apirilaren 20tik 28ra bitartean gauzatuko dira, eta apirilaren 29tik aurrera erreserben kudeaketari ekingo zaio.Behin prozesua bukatuta, bilera bat egingo da udalekuetara joango direnen gurasoekin, programari buruzko informazio guztia emateko.
Ahalmen ekonomikoaren araberako ordainketa sistema
Joan den urtean bezalaxe, Udalak, Ogasun Arloaren bidez, ahalmen ekonomikoaren araberako ordainketa sistema jarri du martxan, familia irundarrek onurak izateko Udalaren zerbitzu eta programa batzuetan; alegia, tarifa hobeak. Gainera, 2026an, familia bakoitzak tarifa bat edo bestea ordaintzeko izan beharreko diru sarrerak handiagoak dira:
- 19.417 eurotik beherako errenta: tarifaren % 5 (10,27 euro)
- 29.911 eurotik beherako errenta: tarifaren % 35 (71,89 euro)
- 37.136 eurotik beherako errenta: tarifaren % 75 (154,05 euro)
- 37.136 eurotik gorako errenta: tarifaren % 100 (205,40 euro)
Ez bada aurkezten eskaerarik, 4. tarifa aplikatuko da, automatikoki, eta tarifa osoa kobratuko da.
AbenturaERO programa
AbenturaERO ere udaleku programa bat da, baina parte hartzaileak Irrisarri Landeko programakoak baino txikiagoak dira; aurten, 2015 eta 2018 artean jaiotakoak. Helburua jarduera ludikoak eta elkarrekin bizitzeko aukera eskaintzea da, haurrak aisialdian elkarrekin jolastea bultzatzeko eta aisialdian (surf, piraguismo, abentura… jardueretan) euskararen erabilera sustatzeko. Apirilaren 13tik 24ra arte izango da AbenturaERO programarako behin-behinean izena emateko epea.



