Francisco Javier Garrido Romanosek irabazi du XXXV. “Adour-Bidasoa” Pintura Lehiaketa

Francisco Javier Garrido Romanos egile calahorratarrak irabazi du “Adour-Bidasoa” Pintura Lehiaketaren XXXV. edizioa “La higuera” izeneko lanarekin. Teknika mistoan egindako 144×144 zentimetroko margolan honek lehen saria (500 euro eta plaka) eskuratu du, eta Irungo Udalaren pintura-ondarearen parte izatera pasako da. Nuria Alzaga Kultura ordezkariak lehiaketaren osasun ona eta mugaz haraindiko izaera azpimarratu ditu, 1992an abiatutako lehiaketa honek 35 ediziotan zehar Bidasoaren bi aldeetako topagune kulturala izaten jarraitzen duela gogoraraziz.

Aurten 40 lan aurkeztu dira guztira, jatorri oso desberdinekoak baina gehienbat ingurunekoak. Hain zuzen ere, 27 obra Gipuzkoakoak izan dira, 3 Euskadi zein Nafarroako beste leku batzuetakoak, 4 Estatuko hainbat erkidegotakoak (Segovia, Valentzia, Errioxa eta Malaga) eta 6 Frantziakoak. Gainera, Kultura arloak bereziki nabarmendu du artista gazteek aurkeztutako proposamenen kopurua, lau lan jaso baitira kategoria honetan.

Aipamen bereziak

Garrido Romanosen lehen sariaz gain, epaimahaiak beste bi sari nagusi banatu ditu: Hondarribiko Naiara Goikoetxea Guzmáni Epaimahaiaren Sari Berezia egokitu zaio “Zintzilik (470 manómetro)” akrilikoarengatik, eta Nerea Iridoy Silvo hondarribiarrak Artista Gaztearen Saria eskuratu du “Pétalo” lanarekin, bakoitzak 500 euro eta plaka jasoz. Finalista gisa gelditu dira Emilio Martínez Navascues irundarra, Eduardo Larrasa Espino hondarribiarra eta Sofía Arostegi Parra hernaniarra. Epaimahaia Susana Ferreirak, Ane Lekuonak, María José Aranzastik, Xabier Arribasek eta Javier Arizabalok osatu dute.

Sari-banaketa eta erakusketa

Sari-banaketa eta lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketaren irekiera publikoa datorren irailaren 11n egingo da, ostirala, arratsaldeko 19:00etan Amaia KZko erakustaretoan. Bertaratzen direnek urriaren 4ra arte izango dute bilduma ikusteko aukera, asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igandeetan 11:30etik 13:30era bitarteko ordutegian. Astelehenetan erakustaretoa itxita egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude