Gipuzkoako Foru Aldundiak Amute eta Zubimuxuko biribilguneen arteko Mendeluko zeharbidea bulebarizatzeko proiektua idazteko lizitazioa ireki du, 43.347,93 euroko aurrekontuarekin eta obrak 2027an hasteko aurreikuspenarekin. Esku-hartze honek mesede zuzena egingo dio Iruni; izan ere, Bidasoaldeko Hobekuntza Plan Integralaren barruan kokatuta, bi udalerrien arteko konexioak eraldatu eta irundarrentzat mugikortasun aktiboagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa bermatuko du.
Irungo herritarrentzat onura nagusietako bat bidegorri sareari jarraipena ematea eta sendotzea izango da. Proiektuak bi norabideko bidegorri berri bat eraikitzea aurreikusten du, Irunekin lotura bermatuz. Bizikleta-bide hori zuzenean lotuko da gaur egun Letxunborroko biribilguneraino iristen den bidegorriarekin, eta, bestalde, Amuterantz doan zatiarekin. Horri esker, Irun eta Hondarribia artean bizikletaz mugitzen diren pertsonek ibilbide babestu, jarraitu eta erabat konektatua izango dute beren eguneroko joan-etorrietan.
Eskualdeko errepideen eraldaketa
Horrez gain, proiektuak nabarmen hobetuko du oinezkoen segurtasuna Irun gertuko eremu horretan. Egunero 13.000 ibilgailu baino gehiago igotzen direnez 550 metroko tarte horretatik, Amutaldeko saihesbide berriak trafiko nagusia bere gain hartuko du. Horri esker, Mendeluko errepide zatia baretuko da, espaloiak zabalduko dira bi ertzetan eta argiteria zein seinaleztapen berriak jarriko dira. Eraldaketa honek hiri-ingurune atsegintzat jotzeko baldintzak sortuko ditu, autoen fluxua gutxituz eta Irungo sarrera-irteeretan oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailuen arteko bizikidetza hobea lortuz.



