Gaur irekiko dira Eguberrietako azoka, izotz pista eta txirrista erraldoia

Gabonetara hurbiltzeko beste urrats bat eman du gaur Irunek. Gaur irekiko dira Eguberrietako azoka, izotz pista eta txirrista erraldoia. Gaur goizean, Irungo alkate Cristina Labordak, lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Kulturako ordezkari Nuria Alzagak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendari Libe Oteguik Zabaltza plazako eguberrietako azoka inauguratu dute.

Goizean ordezkariek egindako bisitak iraun duen bitartean, alkatea aurtengo azokako hogei bat erakusketariek eskaintzen dituzten eskulanak, kosmetikoak, bitxiak, ehungintzako produktuak, apaingarriak eta opariak ikustera gerturatu da.

Eguberrietako azokaz gain, Luis Marianoko eta Sargia parkeko izotzezko pistak eta Antzarango txirrista zabalduko dira gaur. Eguberrietako eskaintzaren barruan, klasiko bilakatu dira atrakzio horiek, eta, berauei eta egitarauari esker, eguberriez familiartean gozatzeko planik aproposena bihurtu da Irun: “Eguberriak primerako plana dira Irunen. Urteak daramatzagu egun hauetaz etxean gozatzeko lanean, Irungo zein kanpoko adin guztietako jendearentzako askotariko jarduerak antolatzen. Izan ere, Irungo eguberriak turistentzat ere erakargarriak izan daitezen nahi dugu, turismoak zuzeneko ekarpena egiten baitio hiriko ekonomiari. Azken batean, hauxe da eguberrietako kanpainaren zuzeneko helburuetako bat: bertako merkataritza eta ostalaritza sustatzea, eguberrietako azoka honen bidez besteak beste”.

Abenduaren 20tik urtarrilaren 5era, etenik gabe, helduek zein haurrek kalejirak, kontzertuak, antzerkia, dantza, zinema eta beste hamaika proposamen izango dituzte aukeran, Irun osoa pozez, dibertsioz eta ondo pasatzeko gogoz betetzeko.

Bide batez, alkateak Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera ekarri du gogora, baita Errege Magoena: hurrenez hurren, abenduaren 23an eta urtarrilaren 5ean iritsiko dira, hiriko kaleak magiaz betetzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude