Eskolako Agenda 2030 Programa jasangarritasunaren kultura hezkuntza-komunitateetan integratzea helburu duen programa da. Bereziki ikasleengan zentratzen da, horiek arazo ekologiko eta sozialen konponbideetan esku-hartzeko beharrezkoak diren konpetentziak eta konpromisoak garatu ditzaten, tokian eta maila globalean, eta ekintza eraldatzaileak egin ditzaten, banakakoak zein kolektiboak, ikastetxean eta udalerrian, orain eta etorkizunean.
Atzo, hilak 12, Programan parte hartzen duten zazpi ikastetxetako 60 ekoordezkari Hiri garapeneko ordezkaria den Borja Olazabalekin elkartu ziren udaletxeko Areto Nagusian programari hasiera emateko helburuarekin.
2024-2025 ikasturtean Haur Hezkuntzatik Batxilergorainoko Irungo 7 ikastetxeetako 3.500 ikasle inguruk parte hartuko dute programan, zehazki Eguzkitza, Hirubide, Pio Baroja, Toki Alai LHI, Toki Alai BHI, Txingudi Ikastola eta Txingudi BHIko ikasleek parte hartuko dute programan.
Ikasleek Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat egin eta “Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak” izeneko 12.GJH landuko dute datozen bi ikasturtetan; udalerriaren egoera aztertuko dute eta horretan oinarrituta hobekuntza proposamenak landuko dituzte. Ondoren, esku-hartze plana diseinatuko dute ekoizpen eta kontsumo arduratsua indartzeko ekintza eraldatzaileak zehaztuz.
Hezkuntza komunitateak egindako lana udal ordezkariei aurkeztu zaie ikasturte amaieran egingo den Udal Foroan. Horrela, ikasleek egindako ekarpenak udalerriko egoera hobetzeko baliatuko dira, udalaren lan ildoetan haur zein gazteen ikuspuntua txertatuz. Izan ere, kontsumo arduratsuan sakondu eta jasangarria den udalerria lortu ahal izateko, denon inplikazioa ezinbestekoa da.