Ikasleek energia gaietan esku hartzeko plana sortu dute Eskolako Agenda 2030 programaren esparruan

Gaur, hilak 16, Irungo zenbait ikastetxetako ikasleen talde batek energia gaietan esku hartzeko bere plana udal ordezkarien aurrean aurkeztu du, udaletxeko areto nagusian, Eskolako Agenda 2030 programaren esparruan. Egitasmo hori 2004-2005 ikasturtean sortu zen, bi helburu lortzeko: ikastetxeetako ikasleen artean ohitura jasangarriak sustatzea eta hiria jasangarritasun gaietan zer-nolako egoeran dagoen aztertzea.

Ikasturte honetan, Eguzkitza, Hirubide, Toki-Alai eta Txingudi ikastetxeetako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 3.500 ikasle inguruk garapen jasangarrirako helburuetan zazpigarrena landu dute: energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea.

Aurreko ikasturtean egindako diagnostikotik abiatuta, udalerrian esku hartzeko plan bat diseinatu eta gauzatu dute. Batetik, Lehen Hezkuntzako ikasleek komunikazio kanpaina bat egin dute, herritarrei energia aurrezteko neurrien berri emateko, eta, bestetik, Bigarren Hezkuntzakoek tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko neurriak prestatu dituzte.

Eskolako Agenda 2030

Eskolako Agenda 2030 ekimenak hiru ardatz lantzen ditu: curriculuma, ikastetxea eta udalerrian parte hartzea. Orain arte, askotariko gaiak landu dira, hala nola ura, energia, eskualdeko mugikortasuna, kontsumoa eta elikadura jasangarria, eta, joan den ikasturtetik, garapen jasangarrirako helburuak lantzen ari dira ikastetxeak. Behin dagokion helburua curriculumean eta diagnostikoa ikastetxearen kudeaketan sartuta, esku hartzeko plan bat garatu dute, ikastetxe guztiek hitzartutako neurriek osatutakoa, eta, ikasturte bukaerako udal foroan, ikasturte osoan egindako lana aurkeztu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude