Astearte honetan, Miguel Ángel Páezek Hirigintzako ordezkari eta Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariek espazio publikoa garapen jasangarrirako irizpideei jarraikiz urbanizatzeko ordenantza baten proiektua aurkeztu dute. Testuaren helburua espazio publikoa ikuspuntu sozial eta berdeago batetik moldatzea da, eta Irungo ehunean klima aldaketari aurre egitea. Ostiral honetan egingo den osoko bilkuran, Udalbatzari aurkeztuko zaio, hasieran onar dezan, eta, behin hasierako onarpena emanda, jendaurrean jarriko da, alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, 30 egunez gutxienez.
Miguel Ángel Páezek azaldu duenez, hilabeteetan lan egin, eta burutu dute hiriko paisaian jasangarritasun irizpideei jarraikiz esku hartzeko arauak ezartzeko ordenantza. Hirigintza ordezkariaren hitzetan, “oso tresna baliagarria da klima aldaketak dakartzan erronkei heltzeko, hala nola tenperaturaren igoerari eta itsasoaren mailaren gorakadari”. “Hiriko ingurunea urbanizatzeko neurri, teknika eta materialak zehazten ditu, Irunek etorkizun hobea izan dezan ziurtatzeko”, gaineratu du Páezek.
Borja Olazabalek adierazi duenez, berriz, “laster, hiriak ordenantza berri bat izango du, garapen jasangarrirako helburuak lortzeko bidean aurrera egiteko, Udalarentzat lehentasunezkoak eta premiazkoak baitira erabat. Ematen dugun pauso bakoitza emateko, kontuan hartzen dugu klima aldaketa, pertsonen bizi kalitatea hobetzea helburu”.
Araudi berriaren xedea Hiri Antolamenduko Plan Orokorra osatzea da; izan ere, Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren irizpide eta oinarrien esparruan ordenantza batzuk prestatu beharra xedatzen du. Era berean, araudi berriaren bidez, Udalak Bultzatu 2050 Hiri Agendari, Klima 2050 Estrategiari eta Urban Klima 2050 proiektuari erantzungo die.
Ordenantzaren edukia
Honako hauek dira ordenantzaren testuaren helburu nagusiak: urbanizazio lanak egiteko irizpideak homogeneizatzea, segurtasun juridikoa izateko tresna bat sortzea, espazio publikoa kontzeptua eguneratzea, hiria atsegina eta segurua izateko irizpideak ezartzea eta hiri ehunak klima aldaketaren epe ertain eta luzeko ondorioen kontrako erresilientzia handiagoa izatea.
Dokumentua hiru tituluk osatzen dute eta eranskin batek -tituluak sei kapitulutan banatuta daude-. I. tituluak xedapen orokorrak biltzen ditu (araudiaren helburuak eta irispidea), eta II. tituluak, berriz, hiru lan ildo nagusiak:
Espazio berdeei dagokienez, hiri ehuna naturalizatzeko jarduketei ematea lehentasuna; ildo horretatik, azpiegitura berdea sortzea, parke eta lorategiak eraikiz eta berdeguneak, landare apaingarriak eta zuhaitzak landatuz; egungo eremu zuhaiztuak ez txikitzea, eta erabiltzen ez diren espazioak berdetzea.
Ordenantzak iradokitzen duenez, Irungo hiri ehuna beroaldietara egokitu beharko litzateke, eta haiei aurre egiteko sendotu, espazio berdeez osatutako korridoreen bidez, lurraldea zatikatu gabe; horrela, biodibertsitatea eta hiriko aireztapena hobetuko lirateke, eta aire hotza sartuko litzateke lekurik jendeztatuenetan.
Gainera, urbanizazio lan ororen esparruan, zuhaizte plan bat prestatu eta ingurumena eta paisaia lehengoratzeko neurriak hartu beharko dira.
Oinezkoentzako espazio libre zolatuei dagokienez, horrelakoek klimaren kontrako erresilientzia handiagoa izateko neurriak hartzea; diseinu irizpideek estres termikoa txikitzen laguntzea eta ur jarioa bideratzea; eta, horretarako, gainazal irazkorrak sustatzea, ura pasatu ahal izateko (berrerabili edo lurrera iragazi ahal izateko).
Uholdeak gertatzeko arriskuan dauden hiriguneen erresilientzia handitzea planteatzen du ordenantzak, eurialdi bortitz, ugari eta hedatuagoetara egokitzeko.
Gainera, 3,50 m baino zabalagoak diren espazio guztiak zuhaiztu beharko dira.
Espazio libreak sortzea da helburua, hiriak inklusiboa, segurua eta jasangarria izan behar duela kontuan hartuta, eta, horretarako, neurri hauek zehazten ditu ordenantzak, besteak beste: oinezkoentzako ibilbideen irisgarritasun unibertsala sustatzea eta ikastetxeen eta haurrek erabiltzen dituzten espazioen inguruko eremuak oinezkoentzat egokitu daitezen bultzatzea.
Bide sareari eta aparkalekuei dagokienez, Hiri Mugikortasun Jasangarriko 2023-2027 aldiko Planarekin bat etorriz -onartua izatear dago-, hiri ehunean ibilgailu motordun gutxiago erabiltzea, kaleak autoen zerbitzura egoteari uzteko moduan diseinua sustatzen du ordenantza.
Ordenantzak distantzia laburrak oinez egiteari ematen dio lehentasuna, eta, kalea oinezkoentzako bideak eta ibilgailuak bereizteko bezain zabala ez den kasuetarako, erabilera mistoko plataforma bakarrak ezartzen ditu (galtzada eta espaloia maila berean egotea).
Bestalde, II. tituluaren hirugarren kapituluan, besteak beste, arau hauek xedatzen ditu ordenantzak: ahal dela, espaloiek 3 m zabal izan beharko dute gutxienez, eta, salbuespenezko kasuetan izan ezik, zeinak behar bezala justifikatu beharko diren, oinezkoentzako espazioek kaleen osotasunaren % 50 izan beharko dute gutxienez.
Azkenik, aparkamendu berriek eskakizun batzuk bete beharko dituzte irazkortasunari eta zuhaitzei dagokienez: urbanizazio berrietan, euri ura iragazi beharko dute, eta, 50 toki ere dituzten parkingetan, zuhaitz bat izan beharko da aparkatzeko lau lekuko.
Dokumentuaren III. tituluak espazio publikoan klima aldaketaren kontra borrokatu beharra aipatzen du.



