Hirigintza proiektuak garatzeko modu alternatiboak

Ugaldeko kirol gunea berritzeko prozesu parte hartzailea egin dute

Gero eta prozesu parte hartzaile gehiago proposatzen ari dira erakundeak azken urteotan. Baita Irunen ere. Metodologia eta dinamika ezberdinak erabili izan dira, ez baitago prozesuak zehaztuko dituen araudirik. Orokorrean, jendearen inplikazio eskasa da prozesu parte hartzaileei egiten zaien kritika nagusia. Landetxan burutu dute azkena, eta jendea erakartzea zaila dela onartu dute antolatzaileek. Landetxa Auzo Elkarteak eta Hiritik At arkitektura sozialeko elkarteak aurrera eraman dute, Irungo Udalaren babesarekin. Ugaldeko kirol gunea hobetzeko proposamenak bildu dituzte.1

2014 urteko Irungo Aurrekontu Parte Hartzaileetatik kanpo gelditu zen Ugalde kirol gunea berritzeko proiektua. “Auzo elkarteak arazoak izan zituen proiektua azaltzeko. Guztia bisualago adierazteko laguntza eskatu ziguten. Planoak egin genituen, txostena moldatu genuen, eta proposamena udalaren aurrekontuetan onartu zuten azkenean”, argitu du Miren Lantz Hiritik At-eko kideak. Zubi lana egin zuen arkitektura sozialeko elkarteak, auzo elkartearen ideiaren eta udalaren eskakizunen artean. “Proiektua erakundeek eskatzen duten formatu teknikoan aurkezteko gaitasunik ez zeukan auzo elkarteak”, erantsi du Hiritik At-eko Iker Eizagirrek.

Landetxako bizilagunen eskaerari erantzuteko, prozesu parte hartzailea sustatu zuen Irungo Udalak. Hiritik At elkartearen esku utzi zuen zuzendaritza teknikoa, gaia gertutik jarraitu zuelako. Eizagirrek baieztatu du planteamendu argiarekin heldu ziotela prozesuari: “Alde batetik, aholkularitza teknikoa eman behar genuen. Bestetik, jendearen parte hartzea sustatu Horretarako, proposamen arkitektonikoak metodologia ulergarri baten bidez egin behar genituen”. Lehenengo fasean, ideien zaparrada jaso zuten. Galdetegi bat sortu eta auzoko postontzietan banatu zuten. Auzo elkartearen egoitzan, Elatzeta eskolan, Landetxako estankoan eta Mariño eta Oinaurre tabernetan ere utzi zuten. Bestalde, web gunean internet bidez erantzuteko aukera eman zuen udalak. Otsailaren 26ra arte hartu zituzten proposamenak.

“Xaboi pastilla batzuekin eskalan egindako modulu batzuen bidez eraman genituen proposamenak espaziora”
Iker Eizagirre, Hiritik At-eko kidea
“Garrantzitsuena da ateratzen den proposamena auzoko bizilagunen beharretatik sortua izango dela”
Maider Martiarena, Landetxa Auzo Elkartea

Hiritik At-eko kideek kirol gunearen erabiltzaile diren elkarteekin, eta erabiltzaile potentzial izan daitezkeenekin elkarrizketak egin zituzten. Ondoren, martxoan zehar, tailerrak burutu zituzten, Errepublika eskolan. Lehenengoan proposamenak lehenetsi zituzten, eta bigarrenean, arkitektura proposamenak egin zituzten. Bigarren horretara jendea beldurrez joan zela onartu du Iker Eizagirrek. Baina uste du planteatu zuten metodologiarekin asmatu zutela: “Xaboi pastilla batzuekin eskalan egindako modulu batzuen bidez eraman genituen proposamenak espaziora. Lego piezekin jolasean ariko balira bezala kokatu zituzten parte hartzaileek”. Azken tailerrean, Ugalde kirol gunearen kudeaketa ereduari buruz aritu ziren. Apirilaren 15ean emango dute emaitzen berri, 19:00etan auzo elkartearen egoitzan.

Parte hartzeko ohitura eskasa

Guztira, 25 lagun inguruk parte hartu dute tailerretan. “Jendeak ez du halako prozesuetan parte hartzeko ohiturarik, eta kosta egiten zaio hurbiltzea”, kexu da Fernando Arozena Landetxa Auzo Elkarteko kidea. Dena den, multzo horretan belaunaldi ezberdinetako emakumeak eta gizonak bildu zirela azpimarratu du auzo elkarteko Maider Martiarenak: “Garrantzitsuena da ateratzen den proposamena auzoko bizilagunen beharretatik sortua izango dela”. Modu ez zuzen batean, galdetegiaren bidez, 220 lagun inguru izan dira parte hartzaileak, eta 320 proposamenak. Kopuru horien balorazio baikorra egin du Martiarenak.

Orain, kezka handiena da prozesuaren emaitza izango den proiektuak non amaituko duen. “Jendeak horixe galdetzen du”, aitortu du Iker Eizagirrek: “Gaur egun, prozesu parte hartzaileek ez dute bermerik. Alderdi politiko batek bere egin dezake, eta aurrekontuetara eraman. Edo ez, kaxoi batean gelditu daiteke, bestela”. Prozesuen izaera ez lotesleak min handia egiten duela uste dute Hiritik At-eko kideek. “Parte hartzeak ez baldin badu emaitzarik ematen, jendea frustratu egiten da”, adierazi du Miren Lantzek. Berme handiago batek jendearen parte hartzea emendatuko lukeela uste dute. Ugalde-Landetxari dagokionez, hiritarrek haien proposamena egin dute, eta interesez jarraituko dute haren ibilbidea.

Hiritik At, arkitektura soziala

 

SONY DSC

Sei lagun elkartu ziren duela hiru urte, arkitekturaren eta ingeniaritzaren arloetako ikasketak amaitu berritan. Elkar ezagutzen zuten, mugimendu sozialetan batera ibiliak zirelako. Mugimendu horietan, haien ikasketekin lotutako esperientzia batzuk egindakoak ziren. Ondo hausnartu ondoren, esperientzia horiek profesionalizatzea erabaki zuten. Hiritik At sortu zuten horretarako. Espazioarekin edo hirigintzarekin lotutako proiektuak egiten dituztela azaldu du Miren Lantzek, baina filosofia argi bat dutela: “Paper baten gainean hormigoizko munstroak egin beharrean, gizartea eraldatzeko ekarpenak egitea dugu helburu”. Iker Eizagirrek uste du espazioaren ekoizpena ez dela hiritarraren ongizaterako helburuarekin egiten, kapital metaketaren prozesua laguntzeko baizik. “Orain, unibertsitatean lortu ditugun jakintza teknikoekin, espazioaren kudeaketa aldatzeko tresnak ditugu”.

Hiritik At osatzen duten gazteen helburua da haien lana eta eguneroko pertsonala ez banatzea. “Askotan hori gertatzen da. Gure eguneroko jardueretatik edo nahiko genukeenetik zeharo aldentzen gaituen enplegua izaten dugu”, azaldu du Iker Eizagirrek. Haiek, bizitzeko diru-sarrera batzuk emango dizkien, eta bide batez, testuingurua eraldatzeko balioko duen tresna sortu dute. Momentuz, elkarte egitura eman diote Hiritik At proiektuari. Hiru lagun daude soldatarekin lanean. Gainerako sei kideek astean behin egiten dituzten bilera txikietan, edo hiruhileko bakoitzeko asanbladan parte hartzen dute. Ordaindutako zenbait lan egin dituzte dagoeneko: Lekeition jauregi-etxe bat biziberritzeko parte hartze prozesua, Hondarribiko Udalarekin baserrien eta lursailen errolda, Udalbiltzarekin jakintzaren inguruko saretze prozesua, eta Bilboko Otxarkoaga auzoan espazio publikoa erabiltzeari begira jolasak antolatzea.

Epe luzeko lan ildo estrategikoak dituztela argitu du Miren Lantzek: “Nekazaritza hirietan txertatzea eta ez galtzea da bat. Kooperatibismoa lantzea, bestea”. Bidasoa Bizirik garapen agentziarekin harremanetan dago Hiritik At, eta Olatukoop ekonomia sozial eraldatzailearen sarean parte hartzen du. Lakaxita gaztetxean dute bulegoa, eta kezkaz bizi izan dituzte San Migel-Anaka eremuaren plan bereziaren modifikazioari buruzko berriak, ordenaziotik kanpo gelditu baita eraikina. Irungo Udalarekin harremanetan ari dira, gune autogestionatuaren biziraupena bermatzeko. “Eraikinarekin zer egin eztabaidatu beharko litzateke. Baina proiektu sozial gisa, zilegitasuna duela uste dugu”, adierazi du Miren Lantz-ek. Haien lan jarduerari esker, auzian erabilgarri izan daitezkeen ezagutza teknikoak lortu dituztela nabarmendu du Iker Eizagirrek. “Plan berezi bat zer den, nola egiten den, zein norma juridiko dituen etab.”. Lana eta mugimendu sozialetan parte hartzea uztartzeko helburua beraz, betetzen ari dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude