José Luis Zabalak egindako dokumentazio lana bildu du Amaia Kultur Zentroan dagoen erakusketak
Hiriak Bidasoa ibaiari gehiago begiratu behar diola azpimarratu izan dute ordezkari politikoek aurten, behin baino gehiagotan. Bizkarra emanda bizi izan direla urtetan. Azken hamarkadei buruz ariko ziren, ibaiarekiko harremana estua izan baita Irunen, historian zehar. Amaia Kultur Zentroan dagoen erakusketara hurbiltzearekin aski da, lotura horren neurria ikusteko. Mendetan zehar Bidasoan gora eta behera ibili ziren gabarrariak eta haien ofizioa gogoratzen ditu. Adinekoentzat, aspaldiko oroitzapenak eguneratzeko aukera izango da. Gazteentzat, aurkikuntza harrigarri bihur daiteke.
Beste garai bateko Irun hiria irudikatzen du Bidasoko Gabarrariak erakusketak: garraioa ibaian zehar, nekazariak Santiagoko irletan, hondotik harea eskuz ateratzeko lana, muga fisikoa eta kontrol estua, kontrabandoa eta abar luze bat. Irunen iraganeko ezaugarriak dira jada. Hiriaren historiaren parte. Jose Luis Zabala Madina zenak egindako lanari esker, ordea, ez dira ahanzturan galduko. Lauzpabost urte eman zituen Irudi Ots ikus-entzunezkoen enpresaren sortzaileak gabarrarien ofizioari buruzko testigantzak, argazkiak eta bestelako dokumentazioa biltzen. Hondoxka dokumentala izan zen lanaren lehen emaitza. Orain, dokumentalerako bildutako materialean oinarrituta prestatu dute erakusketa, Unai Telmo Zabala semeak eta Irungo Udaleko Kultura departamentuak.
Gai tematikoen arabera banatutako paneletan, gabarren munduaren deskribapena egiten du erakusketak. Bidasoko gabarren sorrera zehaztea ezinezkoa da. Baina XV.mendean jada, bazeuden gabarren presentziaren berri ematen zuten dokumentuak. Zubirik ez zegoen garai hartan, etsaien sarrera ahalbidetzen zutelako. Beraz, garraiorako erabiltzen ziren gabarrak. Haien funtzioaren arabera, tamaina eta ezaugarri ezberdinak zituzten. Egurrezkoak ziren denak, eta hondo laua zuten, sakonera gutxiko uretan erraz ibili ahal izateko. Zabalak ziren, eta ez oso altuak, merkantziaren karga eta deskarga errazteko. Pertika edo makil luze batez bultzatzen zituzten gabarrariek.
Bidasoaren ertzeko herrien arteko garraiobide bikaina izan zen ibaia mendetan zehar. Jende askok ogibide izan zuen gabarrari lana. “Jornala ateratzen genuen”, adierazi du Nicolas Olasagasti Hondoxka dokumentaleko protagonistak. Merkantzia eta pertsonak garraiatzen zituzten gabarretan. Modu legal eta baimenduan askotan, baina kontrabando gisa ere bai. Karabineroak ezkutuko merkantziaren bila ibiltzen ziren maiz, gabarretako harearen edo belarraren artean, burdinazko hagaxka batekin. Merkantzia ondo ezkutatzeko baliabideak izaten zituzten gabarrariek, ordea. Kontrabandoan pasatzen zuten materialaren berri eman du Olasagastik: “Kobrea, errodamenduak, bujiak, puntillak, sakarina, puruak, irratiak etab”.
Lezoiak eta harea
Trenbidea eta zubiak eraiki zituztenean, bi zeregin nagusi geratu zitzaizkien gabarrariei, kontrabandoaz, arrantzaz eta nekazaritzaz gainera. Lehenengoa, ibaiertzetako dikeen eraikuntza zen. Padurari lurrak irabazi zizkioten aspaldiko irundarrek, nekazaritza jardueretarako, lehenengo, eta eraikuntzarako ondoren. Horretarako, zotal deituriko lur blokeak ateratzen zituzten ibaiertzetik, eta padurako lurrak babesteko dikeak edo lezoiak eraikitzeko erabiltzen zituzten. Gabarrarien beste jarduera nagusia, ibaiaren hondotik harea ateratzeko lana zen. Harea beltza eraikuntzarako ateratzen zuten, zuria berriz, nekazaritzarako. “Milaka metro karratu atera geniten”, aipatu du Olasagastik. Itsasbeherarekin kargatu behar izaten zuten ontzia, eta itsasgoran portura bueltatu. Ontziraleku txiki ugari zegoen orduan ibaiertzetan.
Gabarrariek betetzen zituzten funtzio horiek ere ordezkatu egin zituzten, ordea, XX.mendean zehar. Hiriaren zabaltzearekin betera, eraikuntzarako harea ateratzeko prozesua mekanizatu egin zuten. Dragak eta gabarroi handiak erabiltzen hasi ziren. Ponpa motordunak eta xurgatzeko makinak heldu ziren beranduago. Hormigoiak lezoien sistema zaharra ordezkatu zuen, era basatian, kasu batzuetan. Hiritik pasatzen diren erreken kanalizazioan gerrako presoak erabili zituzten, adibidez. Edonola ere, aldaketa guzti horien ondorioz, gabarrek irletako nekazarien garraiobide gisa besterik ez zuten biziraun, jarduera hori ere ia zeharo galdu zen arte. Gaur egun ez da gabarrarik ikusten Bidasoaren ertzetan.
Zabalaren dokumentazio lana
Gabarrarien ofizioaren desagertzeaz kontziente zelako, hain zuzen ere, dokumental bat egiteko ideia bururatu zitzaion Jose Luis Zabalari. Faisanen Irlako Festibalean soinu teknikari ari zela ezagutu zituen Gregorio eta Nicolas Olasagasti, 2000 urtearen inguruan. Materiala irlara garraiatzeko arduradunak ziren gabarrari beteranoak. Haiekin izandako elkarrizketen ondorioz erabaki zuen José Luis Zabalak Hondoxka dokumentala egitea (Pertikaren laguntzaz nabigatzea da hondoxka aritzea). Filmean, Puntaletik Behobiarainoko bidea egiten dute Gregoriok eta Nicolasek gabarraz, eta haien bizipenak kontatzen dituzte ibilbidean. Ibaiaren ikuspuntutik grabatuta dago, gabarratik bertatik, edo beste ontzi batetik. Soinuaren trataeran ere arreta berezia jarri zuen egileak. “Zenbait irteera egin genituen, Jose Luis ez zelako erabat konforme gelditzen. Errepikatu eta errepikatu aritzen ginen. Azkenean gustura gelditu zen, eta gu ere bai”, baieztatu du Nicolas Olasagasti gabarrari ohiak.
“Zenbait irteera egin genituen, Jose Luis ez zelako erabat konforme gelditzen”
Nicolas Olasagasti
Dokumentala egiteko prozesuan, eta ondoren, beste gabarrari batzuk ezagutu zituen, eta haiei ere elkarrizketak egin zizkien. Orain erakusketan bildu dute dokumentazio guzti hori, eta irundarrek behintzat ikus dezakete. Apirilaren 17ra arte egongo da Amaia Kultur Zentroan, asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara. Igandetan, berriz, 11:30etatik 13:30etara irekiko dituzte ateak. Hondoxka dokumentala bi aldiz eman dute jada Amaian, eta ikusi ez duenak, beste aukera baten zain egon beharko du. Dokumentala eta erakusketa, alde batetik bestera garraiatzea gustatuko litzaioke Unai Telmo Zabalari, beste herrietan ere ikusi ahal izan dezaten. Gabarran, dagoeneko, ezin izango ditu eraman.