Ostiral honetan, Hirigintzako ordezkari Miguel Ángel Páezek eta Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek Udala espazio publikoaren garapen jasangarrirako urbanizazio ordenantza bat prestatzeko egiten ari den lanaren beri eman dute.
Miguel Ángel Páezek azaldu duenez, “Udalak lehendik ere betetzen ditu jasangarritasun irizpideak bere jardunean, baina anbiziotsuagoak izan nahi dugu. Ildo horretatik, Plan Orokorraren osagarri, ordenantza bat argitaratu nahi dugu, hiriak jasangarritasunarekin duen konpromisoaren beste adierazgarri bat: ingurumena zaindu, jakina, baina baita pertsona guztiak, zerbitzu publikoen irisgarritasun unibertsala eta aukera berdintasuna gogoan ditugula eraiki hiria”.
Ordenantzaren xedea da irisgarritasunari, ekitateari eta jasangarritasunari erreparatuz Irungo espazio publikoa Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuen eta erakunde publikoen ekintza ildoen arabera egokitzea, hala nola Irungo Udalaren 2030 Agendaren arabera.
Borja Olazabalen hitzetan, berriz, “jasangarritasuna behin betiko kontua da, eta zeharkakoa izan behar du Udalaren jardun guztian. Mugikortasun Jasangarrirako Plana eta Energia Jasangarriaren eta Klimaren aldeko Ekintza Plana adierazgarri garbiak dira, eta horrelako ordenantza bat izatea Udaleko arloek egunerokoan hiria gero eta jasangarriagoa izan dadin egiten duten ahaleginaren beste osagarri bat da”.
Udalaren ekimen honek hirigintza antolamendua osatzeko udal ordenantzak prestatu beharrari erantzuten dio, eta, era berean, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra osatzen du, Planaren arabera ordenantza berriak Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren irizpide eta funtsen esparruan kokatu behar baitira. Hain zuzen ere, Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana berrikuspen fasean dago, 2030 ingururako xedapenak har ditzan barnean.
Zertan datza ordenantza?
Besteak beste, honako hauek dira ordenantzaren helburuak:
- Urbanizazio jarduketak diseinatzeko irizpideak hiri agendek (bereziki, Klima 2050 estrategiak eta Urban Klima 2050 proiektuak) ezartzen dituzten ekintza ildoetara egokitzea
- Hiri ehuna naturalizatzeko jarduketei ematea lehentasuna eta, ildo horretatik, azpiegitura berdea sortzea, parke eta lorategiak eraikiz eta berdeguneak, landare apaingarriak eta zuhaitzak landatuz
- Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak adierazten duen mugikortasun jasangarria ezartzen laguntzea –gaur egun, 2023 eta 2027 arteko aldiari dagokion zikloa idazten ari dira–, espazio osasungarriagoak, kutsadura txikiagokoak eta zaratarik gabekoak sortzeko
- Uholdeak gertatzeko arriskuaren peko hiriguneen erresilientzia handitzea, eurialdi bortitz, ugari eta hedatuagoetara egokitzeko
- Irungo hiri ehuna bero boladetara egokitzea / haiei aurre egiteko sendotzea eta, ildo horretatik, naturan oinarritutako drainatze sistemak eta itzalguneak / ur guneak erabiltzea
Ordenantza idazketa fasean dago, eta haren egitura garatzen ari dira.