- Girabira dantza: Irailaren 27an, Antzaran parkean
- Girabira txikimusika: Urriaren 12an, Mendibil parkean
“Musika, parkeak eta ‘ekin!” lelopean, Girabira programaren 11. edizioa abian da dagoeneko. Irungo parkeetan zehar familia guztiarentzako ibilbidea proposatzen du programak, emanaldiak, tailerrak eta piknikak uztartuz. Zirkua, txotxongiloak, dantza eta musika izan dira aurten aukeratutako gaiak. Zehazki, Pía Alzaga eta Ainara Rubio daude egitasmo honen atzean, Txikis del Bidasoa izenpean. Hain zuzen ere, Irunen antolatzen diren jarduera eta ekintzak urratsez urrats euskalduntzeko helburua duen Kalean Bai egitasmoaren parte da Txikis del Bidasoa.
Zirkoaren gaiaren inguruko lehen jardunaldia abuztuaren 10ean egin zen. Arratsaldeko 17:30etik aurrera, Artean Espazioak eta A&B Shows-ek eskainitako tailerrak izan ziren protagonista, non haurrek eta helduek sormena eta gorputz adierazpena landu ahal izan zituzten. Ondoren, 19:00etan, Ganso & Cía. konpainiak Hamlet antzezlanaren bertsio bat aurkeztu zuen keinu eta zirku komedia batean, ikusleen gozamenerako.
Ekitaldiak abuztu amaieran jarraitu zuen. Zehazki, abuztuaren 29an, Girabira txotxongiloen munduan murgildu zen Alai Txoko parkean. Arratsaldeko 17:30etik aurrera txotxongiloekin loturiko tailerrak egin ziren eta 19:00etan Ostomila txotxongilo taldeak “Alaia Galtzagorria” antzezlana antzeztu zuen.
Girabira programak aurrera jarraituko du datozen asteetan. Irailaren 27an, Dantza izango da protagonista Antzaran auzoan, El Pinar parkean. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, tailerrak eskainiko dira, eta, 19:00etan, Tio Teronen Semeak konpainiak “Haurreskolari” ikuskizuna aurkeztuko du. Sarrera doakoa da.
Azkenik, urriaren 12an, Girabira Txikimusika izango da Mendibil parkean, 12:30etik 14:30era.
Girabira egitasmoa
Girabira 2015ean Irungo Gazteen Aurrekontu Parte-hartzaileetan bozkatu zen proiektu bat da. Hiriko parkeetan zehar egiten diren jardunaldi tematiko sorta bat da, kontzertuak, tailerrak eta parkeen esplorazioa uztartuz, gazteek eta familiek hiria berriro aurki dezaten.
Girabiraren leloa hauxe da: “musika, parkeak, ekin!”. Proiektuaren helburua da eskualdeko gazteei kultur proposamen alternatibo bat eskaintzea, diziplina berriak probatzeko, elkarrekin jarduteko eta hiriko leku desberdinak berriro aurkitzeko aukera izan dezaten. Gainera, elkarbizitza, balioetan heztea eta topaguneak sortzea sustatzen du, eta tokiko musika taldeei jotzeko eta beren lana ezagutzera emateko aukera ematen die.