Txingudi Errugbi Kluba denboraldiaren bigarren zatian bere indarra erakusteko prestatzen ari da

Irungo Udalak Irungo elkarteetan euskara sustatzeko martxan jarritako Kalean Bai programara atxikitako elkarteetako bat da Txingudi Errugbi Kluba. Denboraldiaren lehen zatian egokitzapen lana egin ostean, Txingudiko seniorren eta gazteen taldeak beren onena erakusteko prestatuko dira. Xabier Sánchez Txingudi Errugbi Klubeko pentsa arduradunak denboraldiak orain arte emandakoaren errepasoa egin du.

Zaisa Txingudi

Mutilek osatutako Zaisa Txingudi taldearen kasuan, aurrekoetan gertatu bezala, aurtengoa ere trantsizio urtea izan da. Izan ere, denboraldi hasieran taldeak baja asko izan zituen eta gainera, kanpotik zein 18 urtez azpiko taldetik jokalari gutxi iritsi ziren. Ondorioz, bai entrenamenduetarako eta partiduetarako taldea osatu ahal izateko zailtasunak izan dituzte.

Dena den, mutilen taldeak berritasun garrantzitsu bat izan du aurten. Leire Muñoz Iñigo Camareroren lantaldera batu baita, 3/4etan aditu bezala taldearen prestaketan laguntzeko. Berrikuntza eta aldaketak eragin ditu honek joko estiloan. Hain zuzen ere, emaitzak nabaritzen hasiak dira, Gabonak iritsi aurreko azken jardunaldietan Zaisa Txingudik joko erritmoa hartu baitu. Euskadiko Errugbiko Bigarren mailan jokatutako 7 jardunaldietatik 2 irabazi dituzte. Denboraldiaren bigarren zatiari begira zalantzak uxatu eta berez irabazteko errazak izan beharko luketen taldeen aurka aritzea aurreikusten dute. Beraz, urtarrilaren 11n jokatuko dute lehenengo itzuliko azken partida La Únicaren aurka, Plaiaundin.

Biok Txingudi

Emakumeen kasuan ligaren formatua moldatzen ari da, Ligan eratu berri diren emakume taldeen parte hartzea errazteko, emakumezkoen kirola sustatzeko. Beraz, denboraldiko lehen zatian ligako talde guztiak elkarren aurka lehiatu dira. Biok Txingudik B multzoan jokatu du fase hori eta taldeak kalitatezko salto bat eman duela nabaritu da. Izan ere, iaz hasitako jokalari berriek zelaian jada esperientzia irabazi baitute.

Gauzak horrela, taldeak lehen fasea ondo borrokatu du eta ondorioz, 3 garaipen eta 2 porrot izan dituzte. Hala ere, oso partidu interesgarriak jokatu dituzte, emaitza aipagarriak lortuz. Aurten egutegi aldetik arazoak daudenez, jokalariek ez dute atseden handirik hartzeko aukerarik izan eta, ondorioz, ez dute bigarren fasea prestatzeko nahiko denborarik izan. Dena den lehenengo mailako ibilaldia ezin hobeto hasi dute Getxon Neskek Loratzen taldeari 5-8 irabaziz. Denboraldiaren bigarren zatian zehar talde indartsuen aurka lehiatuko dira neskak.

Harrobia Lantzen

Txingudi Errugbi Klubarentzat harrobia da bere proiektu kuttunena, apurka-apurka klubaren piramidea zabaltzen saiatu eta jokalari berriak erakartzeko helburuarekin. Ez da zeregin erraza, haurrak 8 urteak bete arte ezin baitira errugbian aritu, beraz, beste kirolen konpetentzia nabaria da. Hala ere, Txingudik talde propioak sortzeko gaitasuna du oraindik ere, beharrezkoa denean inguruko beste klubekin, Baztan edo Donibane Lohitzuneko klubekin, adibidez, elkarlanean ere arituz, kalitatezko eskaintza bermatzeko.

Errugbi eskolaz gain, 14, 16 eta 18 urte azpiko taldeak dauzkate klubean, akademia izenez ezagutzen duten zatian eta bertan 60 eta 70 jokalari artean dituzte. 14 urtez azpiko taldeak oso ondo hasi du denboraldia, bere multzoko lehenengo postuan baitago orain. 16 eta 18 urtez azpiko taldeak, berriz, Euskadiko Txapelketan lehiatuko dira, maila altuagoa eskatzen duen mailan, alegia. Beraz, Txingudiko talde bakoitzak bere erronka txiki eta handiak izango ditu datozen hilabeteetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude