Asko dira Irunen Gabonetan zehar kultur programazio zabala osatzeko ekintzak antolatzen dituzten hiriko elkarteak. Horietako bat Irun´go Atsegiña elkartea da, zeinak mimoz prestatutako ekitaldi txikien bidez, oroitzapen ahaztezinak sortzeko helburua duen. Jesús Rubio elkarteko lehendakaria eta Eneko Calvo elkarteko idazkaria dira eta 2024ko Eguberrietara begira elkartetik antolatuko diren jardueren errepasoa egin digute.
Jesús Rubiok, egun Irun´go Atsegiña elkarteko lehendakaria denak, gogoratu du elkartea 1922. urtean sortu zela. Lehendakariak azaldu duenez, elkartearen sorrerako helburu nagusietako bat ongintza izan zen. Elkarteko lehendakariak aipatu duenez, Irun´go Atsegiñaren fundazioaren urtean bertan hasi zen, halaber, behartsuentzako laguntza, Irungo Asilo Ospitalean hartutakoei lagunduz, haiei San Markos opilak oparituz.
Gaur egun elkartearen jarduerak hasieran finkatutako xede horrekin lotura handia izaten jarraitzen du. Jesús Rubiok azaldu duenez, azaro inguruan hasi ohi dituzte Eguberrietako ekitaldien prestaketak. “Dena den, urtero ekintza berdinak egiten ditugunez, soberan ezagutzen ditugu egin beharrekoak”, gaineratu du lehendakariak. Eneko Calvok adierazi duenez, jendeak ere badaki zer-nolako ekintzak antolatzen dituzten data hauetan. “Haurrek gogo bereziz espero dute urteko garai hau, beraz, guk ere gauzak antolatzeko momentuan gogotsu heltzen diogu gaiari”, azaldu du Eneko Calvok.
Elkartasun biribila
Ongintzaren bidetik jarraituz eta ohitura zaharrak mantenduz, Irun´go Atsegiñak adinekoen egoitzetan errege-opilak banatzen jarraitzen du urtero. “San Markos egunean opilarekin egiten dugun bezala, Errege eguna ospatzeko errege-erroskoak edo errege-opilak banatzen ditugu”, adierazi du Jesús Rubiok. Eneko Calvok aipatu duenez, 1922an gaur egun baino egoitza gutxiago zeuden; hain zuzen ere, bakarra zen. Hala ere, elkarteak Irun´go Atsegiñak Irungo egoitzetako adineko pertsona guztien amabitxi izateko konpromisoari eusten dio. Aurreko urteetan bezala, aurten 500 errege-opil errazio banatuko dituzte egoiliarren gozamenerako. Errege-erroskoen banaketa urtarrilaren 3aren eta 4aren artean egin ohi dute. Izan ere, Eneko Calvok aipatu duenez, “egoiliarrek gogotsu jasotzen duten oparia izaten da, azukre puska eder bat baita eta, beraz, asko eskertzen duten oparia da”.
Errege Magoen bitartekari
Eguberrietan elkarteak enkargu berezi bat izaten du: Ekialdeko Errege Magoekin harremanetan jartzea Irunera bisitan etorri daitezen. Eneko Calvok idazkariak azaldu duenez, Errege Magoen etorrerarekin zerikusia duten ekitaldi guztiak Irungo Udaletxearen lidergopean antolatzen diren ekintzak dira. Irun´go Atsegiña sortu zenetik, elkartea kontaktu magiko hori egiteaz arduratzen da. “Telefonoz deitu edo mezu elektroniko bat bidaltzen diegu eta beti pozik erantzuten digute urtero moduan Irunera etorriko direla esanez”, aipatu du elkarteko idazkariak.
Errege Magoen laguntzaileak urtarrilaren 4an iristen dira Irunera. Irungo udaletxeko Areto Nagusian ematen dute arratsalde osoa, haurren eskariak entzun eta gutunak biltzen. Eneko Calvok adierazi duenez, “arratsalde luzea izaten den arren, laguntzaileak gogo handiz etortzen dira Irunera eta karta guztiak biltzen dituzte Erregeek irakur ditzaten”.
“Dena den, urtero ekintza berdinak egiten ditugunez, soberan ezagutzen ditugu egin beharrekoak”
Jesús Rubio, Irun´go Atsegiñako lehendakaria
Egun lanpetuena, baina berezia, urtarrilaren 5a izaten da, Errege Magoak Irunera iristen baitira. Iaz, adibidez, euriteak ez zuen ekidin Errege Magoak Irunera iristea. Eneko Calvok azaldu duenez, Iaz Errege Magoak trenez iritsi ziren Irunera. Aurten ordea, tren geltokia eraisteko lanak direla eta, oraindik ez dute argitu nolakoa izango den aurtengo iritsiera, ez baitago jakiterik egun horretarako tren geltokia nola egongo den. “Argi dagoen gauza bakarra da, nola edo hala, ziur aurten ere Errege Magoak Irunera iritsiko direla”, azpimarratu du Eneko Calvok. Dena den, desfilean atera aurretik, Errege Magoak Irungo adineko pertsonen egoitzetara gerturatuko dira. Horrela, egoiliarrak agurtzeko aukera izango dutelako.
“Argi dagoen gauza bakarra da, nola edo hala, ziur aurten ere Errege Magoak Irunera iritsiko direla”
Eneko Calvo, Irun´go Atsegiñako idazkaria
Gero, urtero moduan, erregeen kabalgatak hiri erdialdeko kaleak zeharkatuko ditu, karrozetatik hiriko txiki eta handiak agurtzeko. Eneko Calvo idazkariak aipatu duenez, “San Juan plazara iritsi arteko ibilbidea berezia izaten da, erregeei aukera ematen dielako haur guztiak gertutik ikusteko”, azaldu du elkarteko ordezkariak. Udaletxeko jaiotzatik pasa eta beren eskaintzak egin ostean, Udaletxera igotzen dira balkoitik irundarrei zuzendutako hitzaldia emateko. Horren ostean, hiriko leku jakin batzuetara joaten dira opariak banatzera. “Behin konpromiso guztiak amaituta, lasai lo egiteko momentua iristen da, erregeek gau osoa baitute aurretik Irungo etxe guztietan opariak banatu ahal izateko”, erantsi du Eneko Calvo Irun´go Atsegiñako ordezkariak.
Erraldoiak ere saltsan
Urteko gainontzeko ospakizunetan gertatu bezala, Irun´go Atsegiñako erraldoiek ere hainbat irteera egiten dituzte. Hain zuzen ere txandaka antolatzen dira. Baserritar bikoteak Olentzeroren etorreran parte hartzen du, alkate eta alkatesak, turkiarrak eta afrikarrak Errege Magoen desfilean irteten dira. Aurten gainera, berritasun batekin datoz, Irun´go Atsegiñak Zebra Allboardersekin sinatutako akordiori esker erraldoietan inspiratutako arropa lerro bat kaleratzeko zorian baitaude. Horrela, Irungo haur eta helduek erraldoien kamisetak eta sudaderak jantzi ahalko dituzte. Eneko Calvok adierazi duenez, “Zebrakoek badakite Irungo erraldoiak zeintzuk eta nolakoak diren, eta beraz, horrekin arropa lerro oso bat sortzen ari dira”. Jesús Rubio presidenteak azaldu du arropa lerro hau Gabonetarako iristea espero dutela.
Bazkideentzako bilgunea
Irun´go Atsegiñak 900 bazkide baino gehiago ditu egun. Eneko Calvok adierazi duenez, “gure elkartea oso handia da, 23 mahai eta ia 200 pertsonentzako lekua baitu”. Ondorioz, data berezi hauetan elkartea pil-pilean egoten da, bazkari eta afari asko egiten baitira, batez ere Gabon gau, Eguberri egun, Urte Zahar, Urte berri eta Errege eguneko jaiegunetan. Horregatik, Jesús Rubio lehendakariak azaldu du jendeak aurrerapen askorekin egiten dituela egun horietarako erreserbak.
2025era begira, Irun´go Atsegiñak proiektu berriak ditu buruan. Horietako batzuk, elkartearen barnean egingo dira. Eneko Calvoren hitzetan, “etxe guztietan bezala, beti dago pendiente edo egiteko dagoen konponketaren bat edo elkartean berritu beharreko tresneria”. Kanpora begira berriz, Jesús Rubio presidenteak aurreratu du poltsikoan pare bat proiektu dituztela: “horietako bat ziurrenik aurrera ateratzea lortuko dugu, bestea ikusteko dago oraindik, baina momentuz ezin dugu ezer gehiago aurreratu”. Beraz, 2025a iritsi arte itxaron beharko da Irun´go Atsegiñak esku artean dituen berritasunak jakiteko.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



