Urte hasieratik, Txik Txak mugaz gaindiko autobus zerbitzuaren erabiltzaile kopurua % 77 hazi da. Irungo Udalak eta Ipar Euskal Herri – Aturriko Mugikortasunen Sindikatuak mugaz gaindiko hiriarteko garraioa hobetzeko eta autobusen maiztasuna handitzeko sinatutako hitzarmenaren emaitza da. Hain zuzen ere, hitzarmen berriari esker, neguan zein udan, lineak eskaintzen duen zerbitzua nabarmen hobetu da: lehen, autobusak 50 minutuan behin ibiltzen ziren, eta, orain, berriz, 30 minutuan behin ibiltzen dira.
Bi linea martxan
Zehazki, 15 zenbakiko lineako autobusak (lehen 31 zenbakikoa zen lineakoak), Irungo San Juan plazaren eta Hendaiako Zahar Etxearen artekoak, astelehenetik larunbatera, 30 minutuan behin ibiltzen dira, 07:00etatik 20:30era, eta, igandeetan, 60 minutuan behin, 08:00etatik 20:00etara. Gainera, ekainetik irailera, azken autobusa 23:30ean abiatzen da, eta Puianaraino iristen da. Bestalde, ibilbidea sinplifikatu da, ibilbidearen iraupena laburtzeko.
Beste linea batek, 14 zenbakikoak (lehen 33 zenbakikoa zenak), Behobia eta Hendaye Orangers (Sokoburu) komunikatzen ditu, Joncaux, Irandatz, Belcenia, Bd. Empereur, Orio, Aguerria eta Lizardin barrena.
Horrela, linea biei esker, Hendaiako bi geltokiak (nagusia eta Les Deux Jumeaux) hobeto lotuta daude.
Hitzarmen berria
Gaur goizean, Irungo alkate Cristina Labordak Irungo Udalaren eta Ipar Euskal Herri – Aturriko Mugikortasunen Sindikatuaren arteko hitzarmen berria eszenifikatu du, berau sinatuta, Sindikatuko buru Jean-François Irigoyenekin, Euskal Herria Hirigune Elkargoko kontseilari eta Europako eta mugaz gaindiko lankidetzaren arduradun Joseba Erremundeguyrekin eta Hendaiako alkate Kotte Ecenarrorekin batera.
Labordak nabarmendu duenez, “berriro ere, ikusi dugu erakundeok garraio publikoa hobetzeko ahalegina egiten dugunean herritarrek erantzun egiten dutela, erabiltzaile kopuruaren % 77ko hazkundeak adierazten duenez. Hitzarmen hau aurrerapauso handia da mugaz gaindiko mugikortasuna hobetzeko, garraio zerbitzu publikoa efizienteagoa baita eta Bidasoaren bi aldeak hobeto komunikatzen baititu. Gure politiken bidez, betidanik, Iparraldeko bizilagunekiko mugaz gaindiko sinergiak handitzen saiatu gara, saiatzen gara eta saiatuko gara, eta hitzarmen hau beste aurrerapauso bat da”.
Irigoyenek gogoratu duenez, berriz, hazkundea “mugaz gaindiko garraio sare publiko bat ezartzeko egindako ahalegin guztien adierazgarri da”. Azkenik, Erremundeguyk “Irungo Udalarekiko lankidetza estua” azpimarratu du, “Txingudiko badiako garraio beharrei erantzuteko balio baitu”.
Txik Txak, sasoi betean
Txik Txak mugaz gaindiko autobus zerbitzua 2016an jarri zen martxan; besteak beste, Hendaia eta Irun komunikatzeko. Horretarako, hasieran, bi linea sortu ziren, 31 eta 33 zenbakikoak –behin zerbitzuak eguneratuta, hurrenez hurren, bi linea horiek 15 eta 14 zenbakikoak dira–. Lehen hitzarmena zortzi urterako sinatu zen, eta berria ere zortzi urterako sinatu da; 2032 bukaerara arte, alegia. Mugaz gaindiko zerbitzua arrazoizko prezioan garraio zerbitzu publikoa eskainita mugaren bi aldeetako biztanleak konektatzeko nahiaren emaitza da.



