Super Amara BATeko mutilak bosgarren eta neskak seigarren Espainiako 20 urtez azpiko Txapelketan

Joan den larunbatean, urriak 24, Espainiako 20 urtez azpiko Kluben arteko Txapelketako A Finala jokatu zen Madrilgo Tres Cantos udalerrian, eta Super Amara BATeko bi taldeek parte-hartze nabarmena osatu zuten estatuko zortzi klub onenen artean. Denboraldiaurrean murgilduta egon arren, bidasoarrek lehiakortasun handia erakutsi zuten pista gainean, mutilen taldeak estatuko elitean duen lekua berretsiz eta emakumezkoenak maila goreneko debutean distira eginez.

BATBOYS taldeak iaz erdietsitako bosgarren postu historikoa errepikatzea lortu zuen 83 puntu batuta, Playas de Castellón (111), Trops-Cueva de Nerja (108), FC Barcelona (105) eta A.D. Marathon (105) taldeen atzetik, eta Atletismo Albacete, Unicaja Jaen zein A.D. Sprint mendean hartuta. Eguneko mugarri nagusietako bat 4×400 metroko erreleboan iritsi zen: Markel Garrancho, Alai Cabello, Hugo Vazquez eta Seckou Sissokok osatutako laukoteak Gipuzkoako 20 urtez azpiko Errekor berria ezarri zuen 3:20.76ko denborarekin. Horrez gain, banakako probetan Eñaut Arburuak 400 metro hesietan (53.99) eta Alain Ocak mailu-jaurtiketan (61.64 metro) euren marka pertsonalak ondu zituzten.

Emakumezkoen aldetik, BATGIRLS taldeak debuta egin zuen Espainiako Sub20 mailako A Finalean eta meritu handiko seigarren postua eskuratu zuen 81 punturekin, Diputación Valencia bosgarren sailkatutik (87 puntu) oso gertu eta Club Ourense zein Alcampo Scorpio 71 atzean utzita. Neskek maila sendoa erakutsi zuten proba guztietan, eta aipatzekoa da Irati Gallegok jauzi hirukoitzean lortutako marka pertsonal berria (10.78 metro). Txapelketa honekin aire libreko denboraldiari amaiera eman dio klub irundarrak, eta dagoeneko kros zein estalitako pistako lehiaketei begira jarri da.

Amaitzeko, BATeko arduradunek eskerrak eman dizkiete Ostadar, La Blanca eta Gernika talde filialei, hitzordu honetarako euren atletak utzi eta erakutsitako lankidetzagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude