A63 autobidearen operadore den Vinci Autoroutesek Bidegiri jakinarazi dionez, mantentze-lanak abiatuko ditu Biriatuko ordainlekuaren eremuan urriaren 29tik aurrera. Esku-hartze horretan galtzadako lauzak eta ubideak konponduko dituzte bi noranzkoetan, eta horretarako ordainlekuko hainbat bide eta errei itxi beharko dituzte txandaka. Jarduketek zuzeneko eragina izango dute Biriatuko zubian eta AP-8 autobideko zirkulazio orokorrean.
Lan horien ondorioz, Bidegik ohartarazi du auto-ilarak eta zirkulazio moteltzeak sor daitezkeela datozen egunetan, batez ere arratsaldeetan, AP-8an Irun parean Behobiarako eta Frantziarako noranzkoan. Era berean, Iparraldetik Gipuzkoara itzultzen diren gidariei ere arreta handiz eta tentuz zirkulatzeko eskatu die, lanen afekzioak bi norabideetan nabarituko baitira.
Egoera honen aurrean, foru agentziak zuhurtziaz gidatzeko eta joan-etorriak aldez aurretik antolatzeko gomendioa luzatu du. Erabiltzaileek errepideko obren, balizko afekzioen eta trafikoaren egoeraren berri denbora errealean jaso dezakete Bidegiren webgunearen bidez.



