Garraioen sektorean emakume gidarien paperaz hausnartzeko mahai-ingurua antolatu du Plaiaundik

Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Plaiaundi LHIIk mahai-inguru bat egingo du martxoaren 4an, 17:00etan, “Emakume gidaria” izenburupean, garraioaren sektorean emakumeek duten presentzia ardatz hartuta. Jendeari irekitako ekitaldi honetan gidari profesionalak, trafiko-arduradunak eta prestatzaileak bilduko ditu historikoki maskulinizatua izan den sektore batean emakumeen presentzia eta lidergoa azpimarratzeko.

Garraioa garapen ekonomiko eta sozialaren zutabeetako bat da, baina tradizionalki maskulinizatutako eremua izaten jarraitzen du. Hala ere, sektorea erabat eraldatzen ari da, eta gero eta emakume gehiago sartzen dira gidari profesional, trafiko-kudeatzaile eta prestatzaile gisa, etorkizuneko belaunaldientzat profesionaltasuna, lidergoa eta erreferentzia berriak ekarriz.

Jardunaldian errepideko garraioaren hainbat arlo ordezkatzen dituzten emakumeak bilduko dira: Cristina González, Transportes Goitia enpresako salgaien errepideko garraioko gidaria, Paula Martínez, Dbus-eko autobus gidaria, Ekialdebus-eko ordezkari bat, Arantxa Bravo, Plaiaundiko Errepideko Garraioko Ibilgailuen Gidaritza zikloko irakaslea eta Bidebieta autoeskolako gerentea eta Izaskun Echeverria,  Plaiaundiko Errepideko Garraioko Ibilgailuen Gidaritza zikloko irakaslea eta mahai inguruaren moderatzailea.

Haien testigantzen bidez, funtsezko gaiak landuko dira, hala nola gidatzean izandako esperientzia pertsonala, oraindik ere badirauten erronkak eta oztopoak, lana eta familia bateragarri egitea, eta emakume gehiagok garraioa benetako aukera profesional gisa ikus dezaten beharrezkoak diren aldaketak.

Erreferenteak sortu nahian

Ospakizun sinboliko batetik harago, jardunaldi honen helburua da erreferente ikusgarriak sortzea eta gaur egun oraindik bokaziozko erabakiak baldintzatzen dituzten estereotipoak desmuntatzea. “Emakume bat bolantean jartzen denean, ez du soilik ibilgailu bat gidatzen: aldaketa soziala gidatzen du”, hori izango da topaketaren ideia nagusietako bat.

Errepideko Garraioko Ibilgailuak Gidatzeko Teknikariaren zikloko ikasleek modu aktiboan parte hartuko dute eztabaidan, prestakuntzaren eta errealitate profesionalaren arteko lotura indartuz, hori baita Plaiaundiren hezkuntza-ereduaren zutabeetako bat.

Ekimen horren bidez, Plaiaundi LHIIk aukera-berdintasunarekin eta egungo gizarte- eta lan-erronkekin lotutako Lanbide Heziketarekin duen konpromisoa berresten du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude