100 saio bete ditu USK-Garabateando Bidasoa egitasmoak

100 saio bete ditu Bidasoaldeko USK-Garabateando Bidasoa zirrimarra taldeak Junkal Alfonsoren begiradapean. Zifra borobila ospatzeko, otsailaren 15ean, igandean, Sunbillan topaketa berezia antolatu dute. Sunbillako San Joan Bataiatzailearen elizan elkartuko dira horretarako, goizeko 11:00etatik 13:00etara.

Urteurren berezia dela eta, parte hartzaileek honako testu hau prestatu duten taldean jarduna eta dinamika nolakoak diren azaltzeko

“Zirrimarra, zirriborro, bozeto, sketch, skize…Aukera beza nahi duenak nahi duena.

Hilean behin, hirugarren igandean, hamaiketatik ordu batera izan ohi dute hitzordua sketch zaleek Bidasoa aldeko toki jakinen batean aldiro. Ezin uka inguruaren edertasuna, edonola ere “artista” bakoitzak begiz jotako hori zirriborratuko du, ez du zertan xarma handiko ezer izan…ustez zatarra dena ere ederretsi liteke!

Pare bat orduko saioari amaiera emateko, partaide guztiek zirrimarratutako artelanak begi-bistan direla aterako da talde argazkia. Mundu zabaleko sketch taldeetan halatsu egin ohi da eta aukera izaten da lagun taldekoen bozeto-libretak ikusi, ikasi eta gozatzeko…

Jarduera honek beharrezko gauza gutxi eskatzen du: jarlekua, papera, arkatza, borragoma eta margoren bat edo beste. Ba ote da hain gutxi eskatu eta hainbeste eskaintzen duen besterik?

Bejondeizula Junkal eta eskerrik asko!”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude