Ekainaren 3an, joan den asteartean, Irun Ekintzan Irungo Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Itunaren Kontseilu Nagusiak bilera egin zuen, Irun Commerce Lab gunean, 2025erako bide orria finkatzeko. Irungo Udalak sustatzen du Irun Ekintzan, eta, hiriko alkate Cristina Labordaz eta Udaleko lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako ordezkari Nuria Alzagaz gain, udal taldeetako, prestakuntza zentroetako, enpresetako eta hirugarren sektoreko entitateetako ordezkariak bildu ziren.
Bileran landutako gai nagusien berri emateko, alkateak eta Hiri Bultzadako ordezkariak prentsaurreko bat eman dute, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Belokirekin eta Irungo La Salleko Etengabeko Prestakuntzarako eta Enplegurako Prestakuntzarako arduradun Mar Romorekin batera.
Cristina Labordak azpimarratu duenez, “Irunen defendatzen dugun garapen ekonomikoak helburu garbia du: Irun bizitzeko eta lan egiteko moduko hiria izatea. Horregatik, Irun Ekintzan Itunaren esparruan lanean jarraituko dugu, eragile eta erakundeekin elkarlanean, lan egiteko aukera gehiago sortzeko, pertsonen ongizatea areagotzeko eta aurrera egiten duen eta atzean inor uzten ez duen hiri bat eraikitzeko”.
Erantsi duenez, VíaIrun proiektua eta, haren barruan, hiri barruti berritzailea aukera paregabea dira hiriaren garapen ekonomikorako, jakintzaren eta berrikuntzaren alorretan enpresa proiektu berriak, startup-ak eta unibertsitateak erakarriko dituen gune bat eratuko baitute.
Alzagaren esanetan, berriz, “Itunaren Kontseilu Nagusiaren urteroko bilera mugarria da, elkarri gure ikuspuntuak emateko aukera bat baita, eta, horrela, hartutako neurrien edo abian jarritako jardueren balantzea egitekoa, Irungo enpresen lehiakortasun eta berrikuntzaren aurrerapena helburu betiere, funtsezkoak baitira hiriko ekonomiak hazten segitzeko”.
2025erako proposatutako neurri nagusiak
Aurtengo bileran, 2025erako proposatutako neurri nagusiak aurkeztu ziren, Ituna egituratzen duten hiru mahaien inguruan antolatuta:
Merkataritza Mahaiaren esparruan, Irun Commerce Lab gunean merkataritza sektorearentzat aurrera eramango diren jarduerak azaldu ziren, hala nola prestakuntza saioak eta pop-up eta showroom-ak antolatzeko aukerak, zeinen helburua hiriko merkataritza dinamizatu eta modernizatzea den.
Enpresa eta Ekintzailetza Mahaiaren esparruan, Sendotzen programa aurkeztu zen, Lantalde Industriala eta Bidasoa Zirkularra eta Jasangarria proiektuekin batera, zeinek Irunen berrikuntza, enpresen sorrera eta ekimen jasangarrien garapena sustatzea duten xede.
Kualifikazio eta Laneratze Mahaiaren esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat sinatu izana iragarri zen, Elkar Ekin Lanean – Bidalan estrategiaren esparruko sareko ekimen bat. Proiektuaren xedea talderik zaurgarrienak kualifikatzeko eta laneratzen laguntzeko jarduerak sustatzea da, eta, horretarako, prestakuntza ibilbideak garatzea eta laguntza pertsonalizatua ematea, eta egitasmoa Irungo La Salle, Mendibil Elkarte Pedagogikoa, Fundación Secretariado Gitano, Emaús Gizarte Fundazioa, Bidasoa LHII, katealegaia eta Bidasoa bizirik entitateekin elkarlanean eramango da aurrera.
Hiru mahaien artean 1.512.769,33 euroko aurrekontua dute 2025erako, baina litekeena da zenbateko hori nabarmen handitzea batez ere Lanbidek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dituzten beste enplegu proiektu batzuei esker.
Bestalde, bileran, VíaIrun proiektua aurkeztu ere egin zen: hiri barruti berritzaile bat, hiriko trenbide eremu berria garatu eta eraldatzeko eredu bat proposatzen duena eta jardun ekonomikoa, prestakuntza eta ekintzailetza sustatzea duena helburu.
Belokik azpimarratu duenez, “aipatzekoa da zer garrantzitsua den Irun Ekintzan Itunaren Kontseilua, askotariko eragile eta erakundeak biltzen baititu eta hiriko sare ekonomikoa indartzen baitu, izugarri indartu ere”.
Romok adierazi duenez, berriz, “Mahaiari kohesioa ematen dion elementua proiektuetan parte hartzen dugun entitateon arteko elkarlana da; proiektu eta jarduera bakoitzaren muinean pertsonak jarri, eta elkarlanean aritzen gara, pertsonei baliabideak eta laguntza emateko prozesu osoan”.
Irun Ekintzan itunaren konpromisoa da eragile eta erakundeekin elkarlanean jarraitzea, inguru aberats, moderno eta jasangarriagoa sortzeko eta garapen ekonomikoa komunitate osoaren ongizatearen eta enplegagarritasunaren eskutik etortzeko.



