5 urtetik gorakoentzako dantza eskolak eskainiko ditu Eraikik Behobian 

Irailaren 14an hasiko dira entseguak 5 urtetik gorako haur zein gazteentzat, eta Behobiako Auzo Elkartean egingo dira saioak

Eraiki Dantza Taldeak 2026-2027 ikasturte berrirako izen-ematea zabaldu duela jakinarazi du. Datorren ikasturtean, 5 urtetik gorako haurrentzat (ikasturtean zehar adin hori betetzen dutenak barne) zein gazteentzat zuzendutako dantza taldeak antolatuko dituzte. Taldeak kideen adinaren eta mailaren arabera egituratuko dira, esperientziadun monitoreen gidaritzapean. Klaseak Behobiako egoitzan egingo dira, datorren irailaren 14an hasi eta ekainera arte luzatuz.

Ikasturtean zehar dantza saioez haratago hainbat ekimen eta ikuskizun ezagunetan parte hartuko dute taldeko kideek. Besteak beste, San Tomas egunean, Dantzari Egunean, Inude eta Artzaiak jaian, Puxka Biltzean, Amaia Antzokiko zein San Martzialetako emanaldietan eta Euskal Jiran arituko dira dantzan. Horiez gain, asteburu pasak eta bidaiak ere antolatuko dira talde-lotura eta aisialdia sustatzeko.

Entsegu egunak

Entseguen ordutegiari dagokionez, saioak asteko hainbat egunetan banatu dira talde desberdinen arabera. Berrien taldeak ostegunetan egingo ditu saioak 17:30etik 19:00etara; Txikis 1 taldeak ostiralean (17:30-19:00) zein larunbatean (10:30-12:00) izango ditu entseguak; eta Txikis 2 taldeak asteartean (19:00-20:30) zein larunbatean (12:00-13:30). Neska eta mutil ertainek zein handiek ostegun, ostirala eta larunbata artean antolatutako txandak izango dituzte, eta helduen taldea larunbat goizetan bilduko da 11:00etatik 13:00etara.

Parte hartzeko interesa duten pertsona guztiek jada egin dezakete izen-ematea. Horretarako, harremanetan jar daitezke antolatzaileekin 648 402 408 telefono zenbakira deituz (Iñaki) edo eraikidantza@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude