Maitmugan: mugaz gaindiko eta higiezinen arloko aholkularitza, esperientzian oinarriturik

Maitmugan mugaz gaindiko eta higiezinen arloko aholkularitza enpresa da, Irunen Francisco de Gainza kaleko 2. zenbakian eta 1. A bulegoan egoitza duena. Mugaz gaindiko kudeaketaz arduratzen dira, enpresei zein partikularrei zerbitzua emanez. Horretaz gain, higiezinekin loturiko zerbitzua ere eskaintzen dute. Maite Varela Erasunek aipatu duenez,  bezero bakoitzak bere historia du eta Maitmuganen abentura horretan bidelagun izan nahi dute, bizitzak dakartzan izapide anitzen kudeaketan lagunduz.

Maitmuganetik kudeaketa ugariez arduratzen dira, bezeroek behar ugari eta askotarikoak dituzte eta. “Guk ditugun bezero gehienak Ipar Euskal Herrian bizi dira, alde frantsesean” azaldu du Maite Varelak. Une jakin batean bizilekuz aldatu ziren pertsonak dira. Beren bizitzan zehar gauza asko gertatzen dira: ezkontzen dira, dibortziatzen dira, seme-alabak dituzte, hil egiten dira, eta Valerak adierazi duenez, “bizi proiektuaren aldaketa horietan gu bezeroen alboan gaude, izapideekin laguntzeko”.

Erabaki bat hartzen denean, atzetik datozen betebeharrak ezezagunak dira askorentzat. Maite Varela Erasunek azaldu duenez, garai batean gipuzkoar asko joan ziren Iparraldera bizitzera, zelaitxoa zuten etxeak edo, besterik gabe, pisua erostea merkeagoa zelako orduan. Orain, kontrakoa gertatzen ari da, horietako asko beren bizi-zikloa bertan amaitu dela ulertu eta asko dira Gipuzkoara itzuli nahi dutenak, batik bat, zerbitzuak gertuago izan nahian.  “Jakin behar da zer zerga uzten ditugu atzean, zer zerga ordaindu beharko ditugun Gipuzkoara bizitzera etortzen garenean edo zer egin behar den beste herrialde batean etxebizitza bat saltzeko”, azaldu du Maite Varela Erasunek, “eta horretarako gaude gu” gaineratuz.

Aldaketa etengabeen gainean

Beraz, jakin beharrekoa da araudi eta legedi espezifikoa aplikatzen dela bizilekuaren eta heriotzaren unean bizi garen tokiaren arabera. Ondorioz, ondorengoek kudeaketak egin beharko dituzte. “Azkenean, gure bezeroei beren bizitzan laguntzen diegu, baina ez bakarrik maila pertsonalean edo partikularrean, baita  lan esparruan ere”, gaineratu du Varelak. Pertsonen bizilekua aldatzeaz gainera, enpresen egoitza lekuz aldatzea ere gertatu daiteke eta, atzetik, kudeaketa bat eskatzen du horrek. Beraz, Maitmuganen eremu hori ere jorratzen dute, kasu honetan esperientzia lagun dutela.

Irun, administratiboki bi herrialdeen arteko mugako hiria denez, mugaz gaindiko izaerarekin loturiko bideratzeak egunean eguneko bizitzaren parte dira. Maitmuganen ordea, mugaldeko bezeroak izateaz gain, estatu osoko bezeroei ere ematen diete zerbitzua. Gauzak horrela, “Espainiako Estatuan dauden bost ogasunei buruzko araudia menperatzen dute, baita Frantziakoa araudia ere, eta egoiliarrak izatearen eta ez izatearen arteko desberdintasunak”. Zalantzarik gabe, Maite Varelak adierazi du jendeari gehien axola zaiona dela ea zenbat ordaindu behar den herrialde batean edo bestean, hau da, zein den aldea.

Araudia gero eta gehiago aldatzen eta egokitzen da eta tartean hutsune asko daude, non jendea bidean galtzen den. “Gu lotura lan hori egiteaz arduratzen gara, bezeroak jarraitu beharreko bidetik gidatzeko”, adierazi du Maitmuganeko arduradunak. Horrela, aholkularitza emanez, legeari jarraiki, zerbitzu guztiak biltzen dituen pakete moduko bat osatzen dute, bezeroen eskuetan jartzeko.

Higiezinen zerbitzuarekin osatua

“Kudeatzen dugulako saltzen dugu eta saltzen dugulako kudeatzen dugu”, da Maite Varelak etengabe errepikatzen duen esaldietako bat. Beraz, jendeak etxea saldu nahi duenean, Maitmuganera jotzen du ere. “Orain arte Frantziako higiezinen agentzietara jotzen zuten, baina orain hona datoz, etxebizitza saltzen laguntzeaz gainera, ordaindu beharreko gastuak edo zergak fiskalki optimizatzen laguntzen diegulako”, azaldu du Maitmuganeko arduradunak.

“Kudeatzen dugulako saltzen dugu eta saltzen dugulako kudeatzen dugu”

20 urte igaro dira Maite Varela aholkularitza zerbitzuak ematen hasi zenetik, baina egun mugaz gaindiko aholkularitzan aditua da. Garaiaren arabera beharrak aldatzen dira, moda edo bizi estiloekin batera. Beraz, esperientziatik harago, uneoro gertatzen diren aldaketak gertutik jarraitu behar dira. “Egia esan, oso lan polita da, gauza asko eta asko ikasteko aukera ematen baitizu”, adierazi du Varelak. Bulegotik igarotzen den bezero bakoitza bere istorioarekin dator eta Maitmuganeko arduradunak azaldu duenez, “elkarrekin abentura bat egiten dugu”.

Aholkulari lana beraz, erronka etengabea da, ia egunero norbait erronka edo behar ezberdinen batekin etortzen delako. Gainera, noizean behin inoiz egin ez dituzten gauzak egin behar izaten dituzte. “Horrelakoetan, lehenik guk kasua ongi aztertzen dugu eta ez dakiguna ikertzen dugu, bezeroari zerbitzua berme guztiekin eskaini ahal izateko”, erantsi du Maitmuganeko arduradunak. Hau da, detektibe eta kudeaketa lana bezala deskribatu daiteke. Funtsezkoena zer egin behar den jakitea da. Dena den, 20 urteren ostean, prozedura asko eta askotan esperientzia luzea dute, beraz, inolako zailtasunik gabe kudeatzen dituzte.

Etorkizuneko erronkak

Muga gaindiko aholkularitzan adituak izan arren, Maite Varelak onartu duenez, oinordetza juridikoaren gaia oso gustukoa du. “Gure esparrutik, mugako eremutik, ateraz gero, edozein nazionalitateko pertsonen munduko mugikortasuna esponentziala dela iruditzen zait”, gaineratu du Maitmuganeko arduradunak. Nazioarteko mugikortasunak ere gauza asko dakartza atzetik, tartean heriotzak gerta daitezkeelako, oraindik sorterrian ondareak edukitzen direlarik. “Kasu honetan ere, herrialde bakoitzaren arabera, irizpideak eta legedia ezberdinak dira, eta betebeharrekoak”. Beraz, Espainiak beste herrialdeekin sinaturik dituen hitzarmenei begiratu behar zaie horretarako.

“Gu lotura lan hori egiteaz arduratzen gara, bezeroak jarraitu beharreko bidetik gidatzeko”

Maitmuganek eskainitako zerbitzu ugarietan interesa dutenak Francisco de Gainza kaleko 2. zenbakira gerturatu daitezke. Horretarako, Maitmuganen webgunean aurkituko dute enpresari buruzko informazio zehatz guztia. Gainera, Maite Varelak nabarmendu duenez, egokiena aurretik hitzordua eskatzea da, telefonoz deituz edo emailera idatzi, “Lehen urratsa elkarrizketa bat finkatzea da eta, hortik abiatuta, balorazioak egiten ditugu bezero bakoitzaren benetako beharrak detektatzeko”, azaldu du Maitmuganeko arduradunak. Aholkularitzarekin edo higiezinekin loturiko galdera korapilatsuenek erantzuna aurkituko dute beraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude