
Garaipenarekin hasi du Zaisa Txingudik denboraldi berria. 10-25eko markagailuarekin amaitu zuten Iruñean Euskal Ligako lehenengo jardunaldia. Klubeko gazteek berriz denboraldi hasiera gazi-gozoa izan dute, garaipen eta porrotekin. Hondarribiko hondartzan euria izan zen protagonista errugbi eskolen denboraldi hasiera ospatzeko jardunaldian.
Aurreko denboraldia amaitu zuen zelai berean jokatzea tokatu zitzaion Zaisa Txingudiri. Iazko denboraldi amaieran porrot latza jaso zuen La Unicaren bigarren taldearen aurka baina. Oraingoan, aldiz, emaitza guztiz kontrakoa izan da. Laister hasi ziren mugakoak puntuak lortzen, hirugarren minutuan, Alejandro Lasak zigor kolpe bat zutoinen artean pasatzea lortu baitzuen (0-3). Oso eroso zeuden Txingudiko jokalariak baloiaren jabetza mantentzen zuten bitartean, baina irabazitako metro guztiak zigor kolpe gehiegi egiteagatik galtzen joan ziren. Aldiz, La Unicak paseetan akats asko egiten zituen, bere jokoaren jarraitasuna kaltetuz.
Bederatzigarren minutuan, bisitarien indiziplinek iruindarrei lehenengo puntuak gehitzeko aukera eman zien, hagen artean ostikatutako zigor kolpe baten bidez (3-3). Jokoa ildo beretik jarraitu zuen hemezortzigarren minutura arte, Joao Costa, Aritz Rodriguez eta Imanol Rodriguezen arteko konbinazio polit bati esker, Txingudik hamarna metro irabazi zituen nafarren entsegu eremura gerturatuz. Alejandro Lasak ostiko batez baloia beste hegalean jarri zuen, Koldo Segurolak baloia harrapatu eta Keoma Pachecori eman zion, honek Zaisa Txingudiren lehenengo entsegua lor zezan (3-8). Lasak eraldaketa sartu zuen 3 eta 10ekoa jarriz markagailuan.
Bi minutu geroago, La Unicak erasoan izandako akats bat aprobetxatuz, Carlos Lorak baloia lapurtu zuen eta Aritz Rodriguezi eman zion baloia entsegua lortu eta beste bost puntu gehitzeko markagailuan. Lasak, berriz ere, bi puntu gehiago lortu zituen (3-17).
Hamar minuturen ostean, zigor kolpe bat baliatuz, Zaisa Txingudiko joko-zabaltzaileak hiru puntu gehiago lortu zituen (3-20). Azkeneko minutuetan emaitza heltzen lortu zuen Zaisa Txingudik eta atsedenaldira iritsi ziren 17 puntuko abantailarekin.
Etxekoak fisikoki hobeto zeudela kontuan zuten beltz eta txuriek, hortaz, bigarren zatian burua hotz izatea nahi eta ezkoa zela argi zuten.
Izan ere, La Unicak akatsak gutxitzea lortu zuen eta erasoan eman zuen denbora gehien, baina Txingudi ondo aritu zen defentsan eta nafarrek puntuak lortzea galarazi zuen. 69. minutuan, baloia berreskuratu eta kontraeraso azkar bat egin ondoren, etxekoen entsegu-eremura iritsi zen Zaisa Txingudi, berriz ere. Aurrelariekin fase batzuk egin ondoren, Joao Costak entsegua lortzear egon zen, baina baloia ez zen eremura iritsi eta La Unicak jabetza berreskuratu zuen. Hala ere, hiru minutu geroago, obala lapurtu zuen berriz Bidasoako taldeak eta, oraingoan bai, Costak entsegua lortu zuen (3-25).
Azkeneko minutuetan, fisikoki dena emanda, Txingudik ezin izan zuen La Unicaren erasoa gelditu eta etxekoek entsegua eta eraldaketa gauzatzea lortu zuten (10-25).
Emaitza honekin, Zaisa Txingudik modu paregabean hasi du denboraldia lau puntu gehituz.
Garaipena lortu zuen hamabostekoa Jon Sanchez, Aitor Asurmendi, Joao Costa, Iñaki Cano, Asier Amigo, Jon Mediavilla, Aritz Rodriguez, “Lutxo” Echevarria, Alejandro Lasa, Carlos Lora (kapitaina), Ekain Hiribarren, Imanol Rodriguez, Koldo Segurola eta Keoma Pachecok osatu zuten.
Marco Dufrechouk debuta egin zuen teknikari lanetan eta Iñigo Camarero eta Leire Muñoz Caorekin batera aritu zen gidaritzan aulkitik eta Tom Walsehn aholkularitzarekin.
Epailea Miguel Ángel Zulaica izan zen.
Emaitza gazi-gozoak gazteentzako
14, 16 eta 18 urte azpiko taldeek jardunaldia izan dute asteburu honetan, baita ere.
Gipuzkoako txapelketaren denboraldiaurrean ari dira 14 urte azpikoak eta Arrasaten jokatzea tokatu zitzaien, etxeko Deba Arroa eta Gaztediren aurka. Partida bana irabazi eta galduta, prestaketan jarraituko dute.
16 urte azpikoek garaipena lortu zuten 10 eta 36 emaitzarekin Getxon bizkaitarren bigarren taldearen aurka ondo jokatu ondoren.
Sub 18ek, aldiz, 67 eta 7 galdu zuten Getxo Bren aurka.
Euria ez zen aitzakia izan Hondarribiko hondartzan
Gipuzkoako errugbi eskolen denboraldi berriari hasiera eman zitzaion igandean Hondarribiko hondartzan. 10 eta 12 urte azpiko mailetako 400 jokalari inguruk hainbat partida jokatu zituzten antolatutako 10 zelaietan.
Xabi Sánchez, Txingudiren errugbi eskolako arduradunaren hitzetan, “urteak daramagu topaketa hau antolatzen denboraldi hasieran eta, urtez urte, handiagoa bilakatzen ari da. Pozik gaude hainbeste jende errugbiaren inguruan ikusteko aukera izateaz!”.
Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Errioxatik etorritako jokalariek oso ondo pasa zuten partidak jokatzen zein ondorengo hirugarren denbora partekatzen. Topaketan lanean aritu ziren boluntario guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Sanchezek “dimentsio honetako ekitaldi bat antolatzea ez da batere erraza eta jo ta su ibili diren boluntarioen lana ezinbestekoa izan da”.
Eskolako ateak irekita daudela gogorarazi nahi izan du ere koordinatzaileak “entrenamenduak ostiralero egiten ditugu Plaiaundin, 18:30etatik aurrera, eta guztiz irekiak dira errugbia probatu nahi duten neska-mutilentzat.



