
Larunbat honetan Durango Ermarmotorren aurka jokatuko du Plaiaundin. Garaipena lortuz gero, hirugarren postuan sailkatzeko aukera dute oraindik. Goizean berriz, 14 urte azpiko taldeak Gipuzkoako ligako finalerdiak jokatuko ditu Hernani/Atleticoren aurka. Jarraian, eskualdeko ikastetxeen errugbi topaketa jokatuko da Plaiaundin.
Biok Txingudi laugarrena da gaur egun eta hirugarrena jasoko du Plaiaundin larunbat honetan. Durangok 20 puntu ditu, Txingudik baino 6 gehiago, eta irabazi behar du matematikoki hirugarren posizioa eskuratzeko. Beste aldetik, Txingudik azkeneko bi partidak irabazi beharko ditu, eta durangarren porrota azkeneko jardunaldian, sailkapenean aurrea hartzeko.Erronka zaila bada ere, Asier Gonzalez, Alejandro Lasa eta Patxi Artolak zuzendutako taldea gogor lan egiten ari da ahalik eta posiziorik onenean amaitzeko ligako fase hau.
14 urte azpikoek finalerdiak jokoan
10:30etan 14 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztanek Gipuzkoako ligako finalerdiak jokatuko ditu etxean Hernani/Atleticoren aurka. Azkeneko partidetan asko borrokatu ondoren, mugako taldeak txapelketa irabazteko borrokan mantendu nahi du. Finalerdiak bi itzuli izango ditu, lehenengoa etxean jokatuz eta bigarrena datorren asteburuan izanik.
Rugby Olinpiadaren hirugarren edizioa ospatuko dute
14 urtez azpikoen partidaren ondoren, eskualdeko ikastetxeen errugbi topaketa antolatu du Txingudi Errugbi Klubak. Xabi Sánchez, klubeko koordinatzailearen hitzetan, “ikasturtean zehar bisitatzen ditugun ikastetxeak elkarren artean partidak jokatzeko antolatzen dugu topaketa hau. Honela, Plaiaundi ezagutzeaz gain, errugbiaren beste elementuak erakusteko aukera eman digu ekitaldi honek”. Kirol Aukera eta Pasquier Recondo enpresek laguntza berezia emango diote klubari ekitaldi honetarako.



