Txingudiko Zerbitzuek bisita gidatuak antolatu dituzte saneamendu-instalazioetara azaroaren 22rako 

Txingudiko Zerbitzuak mankomunitateak herritarrak gonbidatu ditu azaroaren 22an, igandean, eskualdeko saneamendu-azpiegituretara egingo diren doako bisita gidatuetan parte hartzera. Nazio Batuek azaroaren 19an aldarrikatzen duten Saneamenduaren Munduko Egunaren harira kokatzen da ekimena, eta helburu nagusia du etxean erabili ondoren urak egiten duen ibilbidea zein naturara itzuli aurretik behar duen tratamendu teknikoa gertutik erakustea.

Erakundeak nabarmendu du saneamendua osasun publikoa eta ingurumena zaintzeko ezinbesteko zerbitzua dela, nahiz eta sarearen azpiegitura gehienak eta langileen eguneroko ahalegina sarritan oharkabean igaro herritarren begietara.

Ibilbideak bi txandatan banatuko dira, eta joan-etorria errazteko garraioa autobusez eskainiko da, Irungo Gipuzkoa hiribidetik abiatuta eta Irun zein Hondarribian hainbat geldialdi eginez. Lehenengo txanda 09:00etatik 12:15era bitartean egingo da, eta bertan Hondartzako ponpaketa-estazioa zein Atalerrekako hondakin uren araztegia (EDAR) bisitatuko dira, ur zikinak bultzatzeko zein garbitzeko faseak ezagutzeko. Bigarren txanda, berriz, 11:15etik 13:45era burutuko da, eta zuzenean Atalerrekako araztegira joango da instalazioen funtzionamendua eta arazketa-prozesuaren etapak xehetasunez azaltzera. Jarduera doakoa den arren, plazak mugatuak direnez aldez aurretik eman beharko da izena www.txinzer.eus webgunean, eta bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egiteko aukera egongo da.

Komunaren erabileri errepasoa

Bisita hauetan arreta berezia jarriko da komunetik edo hustubideetatik bota behar ez diren hondakinek eragiten dituzten kalte larrietan; izan ere, toailatxo hezeek, olioek zein produktu kimikoek buxadurak eta matxurak sortzen dituzte ponpetan, arazketa zailduz eta ibaiak zein itsasoa kaltetuz. Horregatik, ekimenak herritarren lankidetza eta etxeko ohitura arduratsuak sustatu nahi ditu, Irungo Mendibil merkataritza-gunean azaroaren 20ra arte ikusgai dagoen ‘ExpoRetrete‘ erakusketaren mezuarekin bat eginez. Bi egitasmoek agerian uzten dute sare hidraulikoaren funtzionamendu egokia eta uraren zaintza etxe bakoitzeko eguneroko hautuetan hasten direla.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude