Ttipi Ttapa egitasmoarekin etxetik irten eta taldean gorputza astintzeko aitzakiarik ez

Ttipi Ttapa programak Irungo adineko pertsonei ibiltzera ateratzeko gonbidapena egiten die. Astero bi hitzordu dituzte: astearteko eta osteguneko goizeko 10:00etan, Luis Mariano zentro sozialetik abiatuta. Egitasmoaren helburua da Irungo adinekoek jarduera fisiko gehiago egitea eta elkarren arteko harreman sozialak hobetzea. Juana Mari Erro, Gemma Erro eta Jasone Jaunarena proiektuaren arduradunak dira eta egitasmoaren arrakasta azaldu dute.

Irungo Udalak, Nagusilan elkarteak eta Osakidetzak beren aletxoa jarri zuten egitasmo hori abiatzeko. Hasiera batean, orain dela 15 bat urte, ekintza auzoka antolatzeko saiakera egin zen, arrakastarik gabe; jarduera bateratua eta bakarra eskaintzea erabaki zen horrela. Jasone Jaunarenak aipatu digunez, “egitasmoaren hasieran gimnasia apur bat ere egiten genuen aldunditik etortzen zen laguntzaile batekin, ibiltzera atera aurretik”. Pandemia ondoren, ordea, gauzak aldatu egin dira eta orain, laguntzailerik gabe, ibiltzeko bakarrik elkartzen dira: “Guk gure asteroko hitzorduarekin jarraitzen dugu”, erantsi du Jasone Jaunarenak. Taldeko boluntarioak dira orain gidariak, txaleko horia soinean, taldea zuzentzeaz arduratzen direnak. Hasiera batean, asteko hitzordu bakarra zen, ostegunetan. Juana Mari Errok azaldu duenez, “egitasmoaren arrakasta ikusita, jendea bigarren data bat eskatzen hasi zen eta astearte eta ostegunetan egitea adostu genuen”.

“Egitasmoaren arrakasta ikusita, jendea bigarren data bat eskatzen hasi zen eta astearte eta ostegunetan egitea adostu genuen”

Juana Mari Erro, Ttipi Ttapako kidea

Hitzordua argi dago, urte osoan zehar berdin mantentzen dute eta. Zehazki, astearte eta ostegun goizeko 10:00etan abiatzen dira, Luis Marianoko Zentro sozialetik. Ibilbidea ere nahiko antzekoa izaten da beti, Jasone Jaunarenak azaldu digunez, “Irun erdialdetik irten eta Kaneta porturaino joaten gara, joan eta etorri”. 6 kilometro inguruko ibilbidea da, eta eguerdiko 11:45erako bueltatu ohi dira gutxi gorabehera. Eguraldi txarra egiten duenerako ordezko ibilbidea ere pentsatua dute. Juana Mari Errok aipatu duenez, “euria egiten duenean edo eguraldi txarra, Ficobako aterpean ibiltzen gara, atzera eta aurrera eta, atertuz gero, Santiagoko bidegorritik itzultzen gara ibilbidea osatzeko”.

Ibilbidean bidelagun

Egitasmoaren helburua argia da: adineko pertsonei etxetik irten eta taldean gorputza mugitzeko aitzakia ematea. Juana Mari Errok adierazi duenez, jende asko alargun geratzen denean, etxetik irteteko gogo gutxiago izaten du eta etxean bakarrik geratzen da. Eguraldi txarrak, hotzak edo, besterik gabe, egun lainotu batek ere ez dute kalera ateratzeko animorik ematen askotan. “Ttipi Ttapari esker, astean bi aldiz etxetik ateratzeko konpromisoa hartua duzu eta errazagoa da ibiltzeko kalera irtetea”, adierazi du Juana Mari Errok. Neguan parte-hartzaile kopurua apur bat jaisten da, baina Gemma Erroren hitzetan, “benetan nahi duenak etxetik atera eta ez du hitzordua galtzen”.

Taldearen osasun ona agerikoa da. Jasone Jaunarenak azpimarratu duenez, “geroz eta jende gehiago batzen zaigu taldera eta horrek asko pozten gaitu”. Hala ere, antolatzaileek gogoratu dute pandemiak parte-hartzaileen kopuruan eragin handia izan duela, pandemia aurretik gehiago baitziren. Juana Mari Errok adierazi duenez, ostegunetan pertsona gehiago batzen dira egitasmora, astearteekin alderatuta. Abenduaren 9ko irteeran adibidez, 28 ibiltari izan ziren. Pandemiaren ostean, 37 eta 42 pertsonako taldeak elkartzera iritsi izan dira. Pandemiaren aurretik 60 ibiltari izatera iritsi ziren. Gemma Errok azaldu du gehien-gehienak emakumezkoak direla eta, beraz, “gizon gehiago animatu beharko liratekeela beraiekin batera ibiltzeko”. Txantxetan, Gemma Errok azaldu du gizonak erakartzeko noizean behin mus txapelketak antolatu beharko dituztela agian.

Jarduera irekia da. Hau da, edonork parte hartu dezake bertan, doan, aurretik izena eman beharrik gabe. Juana Mari Errok aipatu du, batez ere, 60 urtetik aurrerako pertsonentzat pentsatutako ekintza dela. “Hala ere, parte-hartzea guztiz irekia dago eta, beraz, edonork parte hartu dezake, adina kontuan hartu gabe”, adierazi du Juana Mari Errok. Adibidez, oporraldietan zehar, parte-hartzaile asko bilobekin batera etortzen dira. Jasone Jaunarenak aipatu du ibilaldietan Garaguneko erabiltzaileen konpainia ere izan ohi dutela. Jasone Jaunarenak adierazi du, jendeak zalantzak izan ohi dituela lehen aldiz etortzeko, izena ematea edo ordaintzea beharrezkoa dela pentsatuz, baina inondik inora ez.

Ibiltzea baino gehiago

Ttipi Ttapa kirola egitetik harago doa. Izan ere, asteroko bi ibilaldiei esker parte-hartzaileen artean harreman estuak sortu dira. “Bakarrik bizi den jendeak lagun berriak egin ditu eta oso eskertuta dago”, azaldu du Gemma Errok. Gainera, ibilaldiez gain, adiskidetasuna urrutiago doa. Behin ibilaldia amaituta, askok hamaiketakoa elkarrekin hartzeko aprobetxatzen dute, beste batzuk elkarrekin doaz oporretara edo talde bazkariak eta guzti ere antolatzen dituzte. “Ttipi Ttapari esker oso harreman politak sortu dira”, aipatu du Jasone Jaunarenak. Gemma Errok, taldeko kideetako batek, azaldu digu bera oso nagia zela, baina bere ahizpa tematiari esker probatzera animatu zela: “talde baten parte zarela sentitzeak indarra eta energia ematen dizu”.

“Ttipi Ttapari esker oso harreman politak sortu dira”

Jasone Jaunarena, Ttipi Ttapako kidea

Urtean zehar ekitaldi bereziak antolatzen dituzte. Esaterako, San Tomas egunaren harira, ibilaldi berezi bat egin zuten 2025eko abenduaren 18an. Horrela, ohiko ibilbidea apur bat laburtuta eta gosea egin ostean, txistorra pintxo goxo batez gozatzeko aukera izan zuten. Hiriko jaietan, Sanmartzialen harira ere ibilaldi berezia antolatzen dute. Taldeko helduena kantinera izendatzen dute eta gainontzekoek zuriz eta gorriz jantzirik laguntzen diote ibilaldian zehar. Ekitaldi solidarioetarako tartea dute, adibidez, Irungo Miliak bezalako egitasmoetan parte hartuz. Argi dago ibiltzeko eta, bitartean, ondo pasatzeko aitzakiak edonon topatzen dituztela.

“Jendeak Ttipi Ttapak dakartzan gauza guztiak jakingo balitu, ziur egunero etorriko liratekeela”, azaldu du Gemma Errok. Kirola egiteko taldeaz gain, giro ona da nagusi bertan. Hiru elkarrizketatuek baieztatu digutenez, parte-hartzaileei daukaten gogobetetasun mailaz galdetuz gero, erantzuna 10etik 10 puntukoa izango litzateke. Juana Mari Errok azpimarratu duenez: “taldean oso giro ona egotea lortu dugu”. Gemma Errok, berriz, taldeko pailazoa dela onartu du, ibili bitartean, umore ona falta ez dadin. Ttipi Ttapak jende askoren bizitza eraldatu duela aipatu du Juana Mari Errok: “etxean bakarrik eta triste egotetik, jendea kalera ibiltzera irten eta pintxo-potea, bidaiak edo bestelako hainbat ekintza sozial egitera itzuli da”.

Ttipi Ttapa errealitate arrakastatsu bat da dagoeneko. Beraz, jende gehiago erakartzeko eta proiektura batzeko anima dadin, egitasmoa ezagutarazteko publizitatea behar dutela adierazi digute. “Ia-ia familia bat bezalakoak gara, elkar ikusterakoan asko pozten gara eta”, erantsi du Jasone Jaunarenak. Horrela, taldetik kide berriei ongi etorria eman eta lagun berriak egiteko irrikan daude. “Ttipi Ttapa taldea Irungo ekintzarik onena da”, nabarmendu du Gemma Errok. Bere ahizpak, Juana Mari Errok, baieztatu du, “behin animatu eta probatzera etorriz gero, ziurra da errepikatzea”. Aho batez, Gemma Errok, Juana Mari Errok eta Jasone Jaunarenak zalantzan daudenak animatu dituzte Ttipi Ttapara batu eta bidelagun berriak izan daitezen, ez baitira damutuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude