Arrakasta handia izaten ari dira ‘Enrique Albizu Berrikusten‘ erakusketa ezagutzeko antolatu diren bisita gidatuak. Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak jakinarazi duenez, datorren larunbaterako, apirilak 11, aurreikusitako saiorako plazak agortu dira dagoeneko. Hala ere, herritarrek oraindik ere badute aukera Bidasoa eskualdeari estu lotutako margolari honen ibilbidean murgiltzeko, hurrengo deialdietan izena emanda.
Zehazki, beste bi egun geratzen dira Amaia KZko erakusketa aretoan euskal arte garaikidean aditua den María José Aranzasti komisarioaren eskutik ibilbidea egiteko: apirilaren 19an (igandea, 12:30ean) eta maiatzaren 2an (larunbata, 18:00etan). Parte hartu nahi duten interesatuek udalaren webgunearen bidez kudeatu behar dute izen-ematea. Amaia KZ erakusketa-aretoa asteartetik larunbatera (18:00-21:00) eta igande nahiz jaiegunetan (11:30-13:30) egongo da zabalik bisitari guztientzat.
Ibilbide artistiko oso baten bilduma
Maiatzaren 3ra arte egongo da ikusgai erakusketa hau, eta Albizuren sorkuntza-unibertsoaren laburpen sakona eskaintzen du. Lanen artean, erretratuak, arrantzaleak, paisaiak eta natura hilak aurki daitezke, besteak beste. Erakusketak balio erantsi handia du, hainbat erakunde entzutetsuren (Espainiako Bankua, Kutxa Fundazioa edota Arabako Arte Ederren Museoa, kasu) eta udal bildumen ekarpenari esker osatu baita. Gainera, margolanez gain, artistaren marrazki eta argazki aukeraketa batek osatzen du bilduma.
Enrique Albizu
Enrique Albizu (1926-2014) prestakuntza klasikoko margolaria izan zen, Irun, Valentzia, Madril eta Erromako eskoletan hezia. Bere lanean marrazkiaren presentzia sendoa eta argiaren nahiz gizakiaren irudikapenaren garrantzia nabarmentzen dira. Bere bizitzako pasarte esanguratsuenen artean, Caracasera (Venezuela) eginiko emigrazioa dago; bertan, Jose Antonio Agirre lehendakariaren erretratu ezaguna margotu zuen 1957an.



