Dantza adierazpen artistiko hutsa baino askoz gehiago da; diziplina, pasioa eta talde-lana uztartzen dituen hizkuntza unibertsala da. Pauso-K dantza konpainia gaztea euskal dantzaren panorama garaikidean indarrez loratzen ari den proiektua da, sormenaren eta gaztetasunaren arteko lotura hori landuz. Erronka berriez, agertokiko bizipenez eta mugimenduaren garrantziaz hitz egin digu Irunen sortutako dantza konpainia berri honetako koreografoak.
Zergatik erabaki duzue Pauso-K, dantza eskola izateaz gainera, dantza konpainia bihurtzea?
Aspalditik Paula Bujandak, akademiako zuzendariak, nahi hori zeukan. Joan zen urtean, urtarrilean, ametsa egia bihurtzeko unea iritsi zela ikusi genuen. Eskolaren 25. urteurrena ospatzen ari ginen eta zerbait berria egiteko unea iritsi zela sentitu genuen. Gainera, ni 2024an Pauso-K-ra itzuli nintzen dantza konpainia batean lanean ibili ostean. Beraz, horrelako zerbait egiteko une aproposa zela pentsatu genuen eta iazko urtarrilean hasi ginen ideia lantzen.
Nola uztartzen dira dantza eskola eta konpainia bat?
Oso ezberdina da dantza eskolarentzat edo konpainiarentzat lan egitea. Ez du zerikusirik eskolako dantzak zuzentzeak, konpainiak eskatzen duen lanarekin. Konturatu gara ikasle askok dantza lanbide bezala izateko prestatzen jarraitu nahi zutela. Beraz, horretarako beste baliabide batzuk lantzen hasteko beharra ikusi genuen, kezkak eta zalantzak aldentzen saiatzeko. Horixe da Pauso-K dantza konpainia gaztearen sorreraren arrazoi nagusia: gure ikasleei, kanpora atera baino lehen, dantzari bihurtzeko oinarrizko pausuak ematen laguntzea.
Zure esperientzia, Jon, hainbat dantza konpainiatan lanean aritu ostean, oso baliagarria izango da proiektuarentzat, noski.
Bai. Egia esan, Pauso-K-n proiektu hau hasi aurretik ni 3 konpainiatan aritu naiz lanean Madrilen, Frantzian eta Italian. Urte horietan ikasi ahal izan dut nola lan egiten duen dantzari batek egunero. Ordu asko egin behar dira lanean eta dantzatzen, eta ahalegin fisiko handia eskatzen du. Bitartean, emanaldiak dituzu eta leku batetik bestera mugitu behar zara gainera. Hori askotan kanpotik ikusten ez den zerbait da, lanbidean sartzen zaren arte.
Proiektu honek erakusten du, hiriburuetako dantza konpainia handiez gain, hemen bertan ere dantzan modu profesionalean aritzeko aukera dagoela, ezta?
Askotan pentsatzen dugu kanpora joatea dela dantzan aurrera jarraitzeko modu bakarra, hemen ez baitaude hainbeste aukera dantzaz bizitzeko. Traba hori ezabatu nahi genuen eta hemen gelditu nahi duen jendeak bertan dantzatzeko eta horretan lan egiteko aukera izatea, urrutira joan beharrik gabe.
“Bi gauza horiek lortu nahi izan ditugu dantzaren bitartez: hemengo konpainia izatea eta bertako kultura lantzea”
Gaur egun zenbat kidek osatzen duzue konpainia?
Paula Bujanda da zuzendaria eta ni koreografiez arduratzen naiz, baina Pauso-K eskolako gainontzeko lantaldeak ere gurekin lan egiten du konpainian. Horretaz gain, 14 dantzarik osatzen dute egun konpainia. Hasieran 12 ziren, baina horietako bat kanpora joan da eta Amsterdamen dantzatzen ari da. Beraz, aurten deialdi bat egin genuen eta bi dantzari berri batu zaizkigu eta orain 14 gara.
Eta, zein izan da konpainiaren barnean sortu duzuen lehen pieza?
Hasi ginen Inguma izeneko pieza bat sortuz. Oso giro intimoko pieza da, dantza garaikidekoa. Gure kultura, mitologia, historia eta mezua zabaldu nahi dugu, aprobetxatuz, lehen esandakoaren harira, hemengoak diren konpainia gutxi daudela eta ondorioz, ez direla hainbeste kontatzen halako gaiak. Bi gauza horiek lortu nahi izan ditugu dantzaren bitartez: hemengo konpainia izatea eta bertako kultura lantzea. Lanak ingumari buruz hitz egiten du, ametsen munduaz eta bertan gure kulturarekin loturiko gauza asko txertatu ditugu. Apirilean Bilboko Orkestra Filarmonikoan hasi ginen emanaldiaren zatitxo bat eginez eta Irungo Euskaraldian beste zati bat aurkeztu genuen. Azkenean, urrian, Ingumako pieza osoa estreinatu genuen Hondarribiko Itsas Etxean.
Hasierak errazak ez badira ere, nolako harrera izan zuen lehen pieza hark?
Bai. Nik uste zailena programazioan zure lana sartzeko leku bat topatzea dela, izan ere, lehia handia dago. Baina, publikoaren aldetik, harrera izugarria izan zen, sarrera guztiak saldu ziren eta, beraz, oso pozik.
Nolakoa da zuen egunerokoa konpainia baten kide izanda?
Esan bezala, gazte konpainia bat gara. Pauso-K dantza eskolako ordutegietara egokitu behar gara entrenatu ahal izateko, akademia honetan gauza asko egiten baitira astean zehar. Larunbatero asteko entseguak egiten ditugu. Horretaz gain, hilero egin behar ditugun ekintzak aurreikusten ditugu, horrela, egin beharreko lana antolatzen dugu. Orain konpainiako kide berriei Inguma pieza erakusten ari gara eta haiek piezan txertatzen. Bestetik, pieza berri batekin lehen pausuak ematen hasi gara, gauza berriak egiten inprobisazio askorekin eta gauza berriak probatzen. Pieza berri hau bideratzen hasi nahi dugu.
Eskolako dantzarientzat erreferentzia handia izango da gertutik konpainia bat lanean ikustea, ezta?
Bai, azkenean, unibertsitatera zoazenean praktikak egiten dituzu. Dantzan aldiz, praktikak egiteko aukera hori murritzagoa da. Beraz, aukera hau da prestakuntza hori egiteko modua, gero kanpora lanera ateratzen direnean hobeto prestatuak egoteko.
“Azkenean, dantza ez da soilik antzoki baten barruan egin behar, beraz, dantza beste lekuetara eraman nahi dugu”
Uste duzu Konpainia gazte bat zaretela zuen lanean islatzen dela?
Gure entseguetan ilusio handia arnasten da. Edozein ideia planteatzen dudanean nabari da jendea aurrera edozer gauza ateratzeko prest dagoela. Hau da, ez dute inolako trabarik jartzen horretarako, lan egiteko gogoz baitaude.
Hurrengo emanaldiak non eta noiz izango diren argi duzue?
Galdera hori egiteko oso momentu ona da, deialdi asko daudelako oraintxe bertan. Hala ere, apur bat itxaroten ari gara. Badakigu Inguma berriro egingo dugula, baina oraindik ezin dugu baieztatu non eta noiz izango den.
Aurretik aipatutako ametsen mundura itzuliz, noraino eraman nahiko zenukete Pauso-K dantza konpainia?
Egia esan, oraindik proiektuaren hasieran gaudenez, urratsez urrats goaz, pausoka, gure izenak dioen bezala. Uste dut gure nahia ekitaldi asko egitea dela, ideia desberdinak landu ahal izateko. Azkenean, dantza ez da soilik antzoki baten barruan egin behar, beraz, dantza beste lekuetara eraman nahi dugu. Beste zentro batzuetara eraman nahi dugu, dantza zerbait artistikoa izateaz gain, pedagogikoa ere badelako. Ondorioz, uste dugu konpainia leku askotara eraman dezakegula eta hori izango litzateke gure ametsa.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



