Pauso-K Dance Studioko dantzariak Arizonako Munduko Txapelketan lehiatu dira

Dantzarekiko pasioak Pauso-K Dance Studioko 14 eta 17 urte bitarteko bederatzi neska Arizonaraino eraman ditu. Munduko Hip Hop txapelketan lehiatzeko aukera lortuta, amets bat bete dute, dantza akademia osoaren amets bihurtu dena. Paula Bujanda zuzendariak eta Virginia Gonzalez ikasketa buruak lorpen honek dantza akademiarentzat suposatu duena azaldu dute.

Nola hasi zen Pauso-Kren ibilbidea?

Paula: Iazko ikasturtean 25 urte bete ziren Pauso-K sortu zenetik. Izan ere, orain dela 25 urte hasi nintzen ni eskolak ematen Irungo kiroldegi batean. Orduan gimnastika erritmikoko talde batean eskolak eskainiz hasi nintzen lanean. Hori da gure hasiera data. Han egon nintzen urte askoz lanean, baita beste kiroldegi askotan eta, horrela, pixkanaka jendea biltzen joan nintzen. Zentroz aldatzen nuenean jendea nirekin leku batetik bestera etortzen zela ikusi nuen eta horrela sortu zen gaur egun dugun familia. Orain dela 18 urte lokal hau erosi genuen eta ordutik hau izan da gure etxe finkoa.

Gaur egun, zein da zuen dantza eskolaren egoera?

Paula: Orain 3 zentro ditugu: bat Irunen, bestea Altzan eta hirugarrena Anoetan. Hiru zentroak batuz 600 ikasle inguru ditugu. Beraz, egun eskola handi-handia da eta ondorioz, kudeatzeko zaila, baina, era berean, oso pozgarria.

“Nik pentsatzen dut hemen jarraitzen dugula inoiz ez dugulako dantzarekiko pasioa galdu”

Paula Bujanda, Pauso-K taldeko zuzendaria

Dantza estiloei dagokienez, zeintzuk lantzen dituzue?

Paula: Saiatzen gara eskola eszeniko handia izaten. Arte eszenikoen barruan dauden ekintza guztiak ukitzen ditugu. Dantzaren aldetik, dantza klasikoa, garaikidea eta urbanoa, horietan maila ona dugu. Horretaz gain, antzerkia, kantua, musikalak eta akrobaziak ere lantzen ditugu, besteak beste.

Honezkero izango dituzue ikasturtez ikasturte errepikatzen diren data bereziak, ezta? 

Paula: Bai. Gabonetan beti musikala egiten dugu eta oso funtzio polita izaten da. Gainera, kanpoko jende pilo bat etortzen da emanaldiaz gozatzera: Andoain, Lasarte, eta inguruetatik. Izan ere, oso plan polita da familientzat, ez baita kurtso amaierako emanaldi arrunt bat. Asko lantzen dugun zerbait da eta produkzio aldetik inbertsio handia dago. Horretaz gain, urtean zehar Inauteriak eta beste hitzordu batzuk ere izaten ditugu.

Zuen jardueraren barnean, txapelketek ere garrantzia hartu dutela esango zenuke?

Paula: Mundu eta estatu mailan dantza konpetizioek indar handia hartu dute azken urteetan. Estatu Batuetatik datorren moda bat da; haiei dena kopiatzen diegun bezala, hauxe ere kopiatu diegu. Gure akademian txapelketako 10 bat talde ditugu, bai dantza garaikidean eta baita urbanoan ere. Dantza urbanoaren barnean, geroz eta txapelketa gehiago eta handiagoak daude estatu mailan, bai Bartzelonan bai Madrilen. Guk normalean estatuko iparraldean egiten diren txapelketetan parte hartu ohi dugu: Santanderren edo Burgosen. Aurten Bartzelonara joaten saiatu ginen HHIko lehen aukeraketaren esperientzia hori bizi ahal izateko. Hor izan genuen gure lehenengo sorpresa hurrengo faserako sailkatu ginenean.

Hori da. Nola lortu zenuten Arizonan lehiatzeko aukera?

Paula: Azken batean, hori zen gure ametsa. Ziur zuek ere txapelketa honetako bideoak ikusi dituzuela sareetan, oso ikusgarriak baitira eta HHIkoak bideo oso biralak izaten dira. Lehengo urtean esperientzia hori bizi ahal izateko dena ematea erabaki genuen, argi izanda erabat berdin zitzaigula azkenak izatea. Horretarako, asko eta gogor entrenatzen hasi ginen.

Beraz, txapelketan lehiatu ahal izateko gogor lan egin duzue, ezta?

Virginia: Hilabete luzeetako lanaren emaitza izan da. Joseba Vergara izan da gure koreografoa, lan bikaina egin duena, eta guk ere ordu asko sartu ditugu hemen entrenatzen. Ohiko entrenamenduez gain, hilero 4 edo 5 ordu jarraituko saio bereziren bat egin dugu. Udara iristearekin batera ere, entrenamendu kopurua handitu dugu, Arizonako txapelketa hurbil genuen eta.

Nolakoa izan da Arizonan bizitako esperientzia?

Virginia: Amets bat izan da, hasieratik bukaerara. Gainera, uste dut ez dela izan soilik guk bakarrik bizitako amets bat, baizik eta Pauso-K taldeko familia guztiarekin partekatutakoa. Oraindik sinetsi ezinik gabiltza mundialean parte hartzera iritsi garela eta mundu osoko dantzarien kontra lehiatu garela. Hau da, ez soilik dantzariak, baita koreografoak eta entrenatzaileak ere ezagutzeko aukera izan dugu. Guztira, 10 egun pasa ditugu Arizonan dantzan etengabe, ezin da gehiago eskatu. Dantzatzeaz gain, festaz gozatzeko eta ur parkeaz gozatzeko aukera ere izan dugu.

Argazkia: Pauso-K

Eta txapelketari dagokionez, nolakoa izan zen zuen parte-hartzea?

Paula: Txapelketa hauek barnetik ikustea oso ikusgarria da, ekitaldi asko daudelako. Lehenengo egunean Banderen Eguna izeneko ekintzan parte hartu zuten, Olinpiaden inaugurazioaren antzera. Txapelketari hasiera emateko lehenengo fasea jokatu zen eta beraien kategorian 60 taldek parte hartzen zuten, 30 talde finalerako sailkatzen zirelarik. Pauso-K-ko taldeak 32. postua lortu zuen, eta beraz, finalaren atarian geratu ziren, eta oso gutxigatik, gainera: 0,04 punturengatik. Egia esan, guk ez genuen horrelako ezer espero, esperientziaz disfrutatzea zen helburua. Dantzariak eszenatokitik negarrez jaitsi ziren baina poztasunarengatik, inoiz baino hobeto dantzatu eta disfrutatu zutela esanez. Finalerako sailkatzeko hain gutxira geratu zirela jakin genuenean ezin genuen sinetsi eta horrek asko motibatu gaitu berriro itzuli behar dugula sinisteko, hurrengoan bai finalaurrekoetatik pasatzeko.

“Guztira, 10 egun pasa ditugu Arizonan dantzan etengabe, ezin da gehiago eskatu”

Virginia Gonzalez, Pauso-K taldeko ikasketa burua

Pauso-Kko dantzari txikientzat ere lorpen eredugarria da hau, ez duzu uste?

Paula: Virginiak gure sare sozialetarako prestatutako txapelketako blogekin txoraturik daude txikiak. Eskolatik igarotzen ziren senide eta lagun guztiak lehiaketan zeudenengatik galdetzen zuten, etengabe haien esperientziaren berri jakin nahian. Dantzari txiki guztiak berriz, orain Arizonara joan nahian daude; hasi daitezela gurasoak dirua aurrezten, beraz.

Irailean ikasturte berriari ekin ahal izateko indarberritzeko astirik izango duzue?

Paula: Eskolako areto batzuetan obra txiki batzuk egingo ditugu, argi politagoak jartzeko. Bestetik, Virginia oso motibatuta etorri da, ideia askorekin, eta oraindik biltzeko aukerarik izan ez badugu ere, asmo guztiei forma ematea falta zaigu. Goranzko joera honekin jarraitu nahi dugu, hori argi dugu.

Hain zuzen ere, hazten jarraitzeko, etengabe berritzea beharrezkoa izango da.

Paula: Nik pentsatzen dut hemen jarraitzen dugula inoiz ez dugulako dantzarekiko pasioa galdu. Bai Virginia eta bai ni, txikitatik elkarrekin egon gara mundu honetan, baita gainontzeko irakasleak ere. Virginiak Arizonatik negarrez deitzen zidan esanez amets bat bizitzen ari zirela eta, benetan, dantzak hau sentiarazten digu guri eta hori erakusten diegu gure ikasleei, hori da gure sekretua. Azken batean, dantza ekintza zoragarria da zure burua ezagutzeko, komunikazioa lantzeko, batez ere nerabeek arazoei aurre egiteko modua eskuratzeko, zoriontsu izateko bidea topatzeko eta taldean lan egiten ikasteko.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude