Lauren Etxepare, Alarde Tradizionaleko kornetina: “Niretzat historia alardearen zati garrantzitsua eta oso hunkigarria da”

Argazkia: Estudio Gover

Hiru urte igaro dira Lauren Etxepareri Alarde Tradizionaleko kornetin berria izateko proposamena iritsi zitzaionetik. Tartean alarderik egin ez bada ere, aurten lan emankorraren fruituak ikusi ahalko dira. Lauren Etxeparek azaldu du kornetinaren lanak alardearen barnean duen ardura eta garrantzia, karguan estreinatzeko aste gutxi batzuk geratzen zaizkionean.

Orain dela bi urte izendatua izan arren, 2022. urtera arte itxaron behar izan duzu kargua betetzeko. Itxaronaldia luzea izan da?
Luzea egin zaigu, bai, luzea egin zaigu guztioi hainbat arlotan eta niri honi dagokionez ere luzea egin zait. Paco Carrillok hots egin zidan 2020ko otsaila amaiera aldera eta nirekin kafe bat hartu nahi zuela esan zidan. Geratu ginen, berak egin zidan proposamena eta handik bi edo hiru astera iritsi zen denok ezagutu genuen konfinamendua. Egia da proposamena ez zela 2020. urtean ateratzeko, baizik eta 21ean, baina behin hori jakinda dena arretaz begiratzeko esan zidan, kornetina non kokatzen den eta bere mugimenduak hurrengo urterako ikasteko. Azkenean hori ez nuen ikusterik izan eta gero etorri zen denok dakiguna.

Zer ardura du kornetinak alardearen barnean?
Kornetinak alardean zehar gertatzen diren mugimendu guztiak iragartzen ditu. Mugimendu horiek jakinarazteaz gain, momentu bakoitzean egin beharreko ekintzak iragartzen ditu.

“Kornetinak alardean zehar gertatzen diren mugimendu guztiak iragartzen ditu”

Erraza da kornetina jotzen ikastea?
Zaila da kornetina hutsetik jotzen ikastea, baina aldez aurretik antzekoa den beste instrumenturen bat jotzen baldin badakizu, alegia, tronpeta, jauzia ez da hain handia. Edozein kasutan, bada jauzi bat instrumentu batetik bestera. Tresna txikiagoa baita eta presioak handiagoak dira. Xamurragoa da tronpeta bat jotzea kornetin bat jotzea baino, txikiagoa baita eta tonu altuagoetan jo behar duzu. Beraz, badu berea.

Pandemiaren etenaldiaren ondorioz aurtengo sanmartzialak are bereziagoak izango dira?
Izango dira, bai, zeren eta lehen esaten nizun bezala azken hilabete hauetan gauza asko berreskuratu ditugu: kirola, zinema, kaleetara itzuli gara, etab. baina ez dugu jairik izan. Bi urteren ostean jaiak berreskuratzearekin batera emozio asko askatuko direla uste dut, bai egun horretan zein aurreko egunetan.

Alarderik egin ez arren, aurreko urteetan lanean jarraitu duzue?
Bete betean jarraitu da eta jarraitu dugu buruzagien batzordeari dagokion egutegia. Hilero bilerak egin ditugu eta batzorde bakoitzeko bilerekin jarraitu dugu. Ez da etenik izan eta orain nabaritzen dugu makineria guztia behar bezala koipeztatuta iritsi garela.

500. urteurrenak are bereziago egingo ditu aurtengo ospakizunak?
Bai, beste balio erantsi bat ematen dio. Dena ez da historia jaian, baina niretzat historia alardearen zati garrantzitsua eta oso hunkigarria da. Aitortuko dizut niri zaila egiten zaidala imajinatzea zer izango zen orain dela 500 urte herrixka hura, bi kale eta lau baserrirekin besterik gabe. Bat batean mehatxu bat iristen zaie eta horri aurre egitea lortzen dute. Beraz, bai, urteurrenak zerbait erantsia ematen die aurtengo festei.

Data berezia ospatzeko ekintza berriak proposatu dituzue. Horien artean ekainaren 12ko erromeria, ezta?
Agintarien batzordeak eta San Martzialeko batzordeak antolatutako jai bat da. Ospakizun berria da, urte honi propio dagokiona eta printzipioz aurten besterik egingo ez dena. Ekintza hori botoarekin lotua dago, izan ere, herria salbatuta urtero mendira prozesioan igotzeko promesa egin zitzaion eta hori dela-eta erabaki dugu antzeko gauza bat egitea. Erromeria bat antolatu dugu erromeria batek dituen elementu guztiekin: musika, dantza, taloak, etab.

Uste duzu ardura guzti hauen erdian festaz gozatzeko aukera izango duzula?
Bai, ardurazko tarteak egongo dira eta horietan txintxo ibili beharko gara. Jakina ere festan eta parrandan ibiltzeko uneak egongo direla, lagunekin, familiarekin eta ezagunekin gozatzekoak.

Zein izan da orain arte alardearen barnean egin duzun ibilbidea?
Oso sinplea. Beti Bandan atera izan naiz. 16 edo 17 urterekin sartuko nintzen tronpeta jotzen nuelako garai hartan eta hor egin ditut 31 edo 32 urte. Tartean ez da aparteko mugimendurik izan.

Zer esanahi du zuretzako alardeak?
Alardea elkartasunezko jai bat da, non jende askok parte hartzen duen. Alderdi asko ditu, badago desfile bat noski, eta badago desfile hori ikustera etortzen den jende asko. Nik ulertzen dut jende guzti horren artean elkartasunezko lotura bat dagoela, muga eta desberdintasun askoren gainetik eta hori oso gustukoa dut.

“Alardea elkartasunezko jai bat da, non jende askok parte hartzen duen”

Irungo jaien barnean zein da gehien atsegin duzun momentua?
Ez dakit zer azpimarratu. San Pedro Eguna izugarri maite dut, oso egun betea delako eta gauza ederrez osatuta dagoelako, goizetik hasi eta arratsera arte. Lehenago, ekainaren 28ko aurkezpenak oso bereziak dira. Entseguak ere oso gustukoak ditut. Udalak antolatutako bestelako ekitaldiak ere asko gustatzen zaizkit, esateko, emanaldiak eta kontzertuak. Eta noski, San Martzial eguna ere.

Zer eskatzen diezu 2022. urteko festei?
Festa hauei eskatuko nieke beren funtzioa betetzea eta jendea gozarazteko aukera bat izan daitezela. Espero dut denok, irundar guztiok, jaiegun eder bat izango dugula eta baita bisitan etortzen direnek ere.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude