Recicla Birziklatu elkarteko kideek hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko nahiari eusten diote. Elkartearen jarduerak natur ingurune hurbilean zabor bilketak antolatzeaz gain, bestelako proiektuak burutzeko helburua du. Laida Rodriguezek eta Rober Sernak naturaren zaintzan laguntzen duten ekintza txikiak gogoratu dituzte.
Urri amaieran zabor-bilketa bat egiteko asmoa zenuten, baina azkenean bertan behera gelditu da?
Laida: Hori da. Azkenean ezingo dugu antolatu, beraz, hurrengo bilketak pentsatzen eta antolatzen hasi gara jada.
Ez da lan erraza zabor bilketa bat antolatzea?
Laida: Ez, izan ere, antolakuntza lan handia eskatzen du. Oraingoan ez ginen gu antolaketan inplikatutako bakarrak eta, azkenean, ezinezkoa izan da ekintza aurrera eramatea.
Zein da zabor bilketetan gehien errepikatzen den hondakin mota?
Rober: Bilketa eremuaren arabera hondakin mota desberdinak topatzen ditugu. Ibaian latak eta plastikozko botilak edo poltsa asko aurkitzen ditugu. Esaterako, batez ere pandemiaren ostean, gazteek Bidasoa ibaiaren paduretan elkartzeko ohitura hartu dute eta jarrera desegokiek ingurunea nola kaltetzen duten ikusi ahal izan dugu.
Oraintxe Irunen zainketa berezia behar duen espaziorik atzeman duzue?
Laida: Zorionez eta zoritxarrez interneteko Recicla Birziklatu kontura hondakinek kutsatutako eremu naturalen argazki asko iristen zaizkigu. Gazteria biltzen den tokietan zaborra modu desegokian kudeatzen dela konturatu gara. Horren adibide garbia da Palmera Monteroko bidegorrietan gertatzen dena.
Rober: Bestetik, askok mendiko askatasuna nahi dutena egiteko aprobetxatzen dute eta mendira igotako gauzak bertan uzten dituzte, inolako ardurarik gabe. Ohitura hori aldatzeko lan asko dago egiteko.
Konfinamenduak naturaren zainketaz kontzientziatu ordez, kontrakoa eragin du?
Rober: Konfinamenduan sare sozialetan partekatutako irudiek gogoeta eragin eta gizartearen jarrera aldatzeko nahia sustatu zutela zirudien. Kalera itzuli garenen, ordea, lehengo egoerara itzuli gara.
Laida: Arazoak hor jarraitzen du. Pandemiaren unerik latzenean beste gauza batzuei garrantzia ematen hasi ginen eta orain, aldiz, egoera berberean gaude. Egia esan, oraindik okerrago gaude, lehen baino hondakin gehiago dauzkagulako.
Musukoaren erabilerak ere naturan kalteak eragin ditu?
Rober: Bai, asko nabaritu dugu eta ez maskarekin bakarrik. Atzo Hondarribiko hondartzatik pasiatzen nenbilela hainbat eskularru aurkitu nituen hondartzan botata. Musukoak askotan poltsikoetan gordetzen ditugu eta, konturatu gabe, erori egiten zaizkigu. Uste dut lurrean ikusten ditugun maskara gehienak ez direla nahita botatzen. Hala ere, egia da pandemiaz geroztik lurrean maskarak, eskularruak eta eskuak garbitzeko gelen botilatxo txiki gehiago ikusten ditugula.
Pozik egongo zarete udalak zuek proposatutako “Itsasoa hemen hasten da” egitasmoa martxan jarri ostean?
Laida: Bai, oso harro eta pozik gaude. Udalera proposamena eramatea erabaki genuen eta harrera ona egin ziguten. Mundu mailan gauzatzen ari den proiektu honen barnean sartu nahi genuen. Izan ere, gure lurrak Bidasoa ibaiak zeharkatzen ditu eta eskualdean egitasmoa martxan jartzea interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun.
Beraz, instituzioen inplikazioa beharrezkoa da ingurumenaren zainketa sustatzeko?
Laida: Bai, gurea bezalako elkarteentzat oso garrantzitsua da Irungo Udala bezalako instituzioen laguntza jasotzea. Hala ere, lana ez dugu erakunde edo elkarteek bakarrik egin behar. Guztion ardura da natura zaintzea.
Talde lanaz gainera, Recicla Birziklatuk pertsona bakoitzaren jokabideetan eragin nahi du?
Rober: Azken batean, helburua zera da, elkartearen jardueraren bitartez ingurumenaren zainketa sustatzea. Bakoitza bere ekintzen erantzulea dela argi izan behar dugu. Oso ondo dago etxean birziklatzea, bizikletak garraiobide bezala erabiltzea, baina oraindik urrats handiagoak egin behar ditugu.
Sare sozialetan “El Rincón de Laida” bezalako egitasmoekin hondakinen murrizketa sustatu nahi duzue?
Laida: Asmoa da jendeari ezagutzen ez dituen kontsumo ohitura jasangarriagoak erakustea. Erosi ordez, etxean ere gauza asko egin ditzakegu. Birziklatzea garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da gutxiago kontsumitzea eta gauzak berrerabiltzen saiatzea. Hori guztia gure etxeetan hasten da, gure ekintzen bitartez.
Haurrekin gaia lantzeko ere hainbat ekintza antolatu dituzue?
Rober: Etorkizuna beraien eskuetan dago. Horregatik, eskoletara joan eta gure lana aurkezten saiatzen gara, erraza ez den arren. Dena den, zenbait eskoletan sartzeko aukera izan dugu.
Sare sozialak gizartean aldaketa eragiteko tresna gisa baliatu dituzue?
Rober: Sare sozialak doako erremintak direnez, guretzako oso lantresna interesgarriak dira, jende gehienak eta, bereziki, gazteek sare sozialak erabiltzen dituztelako. Gure Instagram kontuan gure lana zabaltzeko ahalegin berezia egiten dugu.
Proiektu berriak bururatu zaizkizue jada?
Laida: Garbiketak antolatzen jarraitzeko asmo dugu, baina hori aurrerago izan beharko da. Gainera, buruan beste hainbat ideia dauzkagu, baina oraindik ezin dugu ezer kontatu, datorren urtean ikusiko dituzue.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.