Irungo Udalak Mugikortasunaren Europako Astea ospatzeko programa antolatu du. Jarduerak irailaren 16tik 22ra izango dira, eta mugikortasun jasangarriak herritarren eguneroko bizitzan dituen onurez sentsibilizatu eta kontzientziatzea izango dute helburu. Era berean, autoaren erabilera zentzugabeak hirian eta ingurumenean eragiten dituen kalteak azaltzen eta garraiobide jasangarriak erabiltzeak (garraio publikoa eta bizikleta erabiltzeak eta oinez ibiltzeak) dituen onurak erakusten saiatuko dira.
Irunen, honako hauek izango dira Mugikortasunaren Europako Astean egingo diren jarduera nagusietako batzuk: hiriko kaleetan barrena egin ohi den bizikleta martxa herrikoia, emakumeek hirian bizikleta erabiltzeko tailer praktikoa, Nagusikleta (mugikortasun arazoak dituzten adinekoak triziklo egokituetan paseatzea) eta Autorik gabeko Munduko Eguna. Irungo Udaleko Mugikortasun Jasangarriko ordezkari Sergio Javierrek eta Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako ordezkari Iñigo Bergesek aurkeztu dute egitarau osoa.
Sergio Javierrek nabarmendu duenez, “berriro ere Mugikortasunaren Astea ospatzeko jarduerak antolatzea Irunen eguneroko bizitzan jasangarritasunaren balioak ezartzearen alde lan egiten jarraitzen dugun adierazgarri da”. Mugikortasun jasangarria sustatzen duen hiri eredu batean sinesten dutela adierazi du Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak, eta ziur daude programazio honek efektu pedagogikoa izango duela herritarrengan:”planeta errespetatzea bultzatuko baitugu, eta mugikortasun jasangarriaren alde lan egiten dugula erakusten jarraitu, oinarrizkoa etorkizunean gure hiriak ahalik eta atseginenak izan daitezen ingurumenarekin”.
Bergesek, berriz, “Bideko Heziketarako agenteen lana” goraipatu du: “Beste urte batez, programatutako jardueretan parte hartuko dute, mugikortasun jasangarria bada-eta segurtasuna ere. Familiei eskoletan lagun egingo diete, eta hirian bizikletan ibiltzen hasten ari direnei, seguru eta konfiantzaz ibil daitezen. Horrela, istripuei aurrea hartzen lagunduko dute, eta, aldi berean, errespetu eta bizikidetza balioak transmititzen”.
Antolatutako ekintzen egitaraua
Irailaren 16tik 22ra Elatzeta eskolaren inguruko zirkulazioaren arintzea egingo da, Araba kalearen inguruan. Ikasleen segurtasuna handitzea izango da helburua. Horrela, ibilgailuek maniobra arriskutsu gutxiago egingo dituzte, ikastetxe sarrerako kutsadura maila jaitsiko da, eta inguruko zebra bideetako ikuspena hobetuko da.
Irailaren 17an, asteazkenean, Emakumeek hirian bizikleta erabiltzeko tailer praktikoa. Bideko Heziketarako agenteek hirian bizikleta behar bezala erabiltzen irakatsi eta lagunduko diete interesa duten emakumeei, hiriko kaleetan bertan. Tailerra arratsaldeko 16:00etatik 18:30era egingo da, Bideko Heziketako Ibarlako zentroan. Ekintzan parte hartzeko ez dago aurretik izena eman beharrik. Interesa duten emakumeek bizikleta eskuan joan behar dute egoitzara, kaskoa jantzita ahal dela, adierazitako orduan.
Irailaren 18an, ostegunean, Nagusikleta egingo da Balazta eta Nagusilan elkarteen eskutik. Mugikortasun arazoak dituzten adinekoak triziklo egokituetan paseatuko dituzte boluntarioek, eta, bide batez, bakarrik egon nahi ez dutenei lagun egingo diete. Caser Anakako egoitzarik abiatuko dira arratsaldeko 17:00etan.
Irailaren 19an, ostiralean, Eskola bidea egingo da Eguzkitza ikastetxearen eskutik. Hirian barrena paseatzen diren bitartean, zirkulazio istripuei aurrea hartzen irakatsiko zaie hiriko gazteei, eta hirian errespetua eta bideko bizikidetza hobetzeko jarraibideak emango zaizkie. Goizeko 8:35ean irtengo dira Euskal Herria hiribidetik Eguzkitza ikastetxera.
Irailaren 21ean, igandean, bigarren eskuko bizikleten azoka, Txingudiko Zerbitzuen eskutik. Bigarren eskuko bizikletak saltzeko karpa bat instalatuko da, bizikleta zaharrei beste aukera bat emateko. Goizeko 10:00etatik 14:00etara egingo da, Zabaltza plazan. Bestetik, bizikletak konpontzeko kamioia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Nahi duen orok eraman ahalko du bizikleta bertara 9:30etik 15:00etara, Zabaltza plazara.
Egun berean, goizeko 11:00etan, Bizikleta martxa herrikoia abiatuko da, Irungo Udalaren eta Ekoetxea Txingudiren eskutik. Herritarrek, bizikleta gainean, erdialdeko kaleak beteko dituzte.Zabaltza plaza izango da irteera eta helmuga eta Plaiaundiko parke ekologikoko aparkalekuan hamaiketako egingo da, Próspero Teatro konpainiak girotuta. Gainera, ohi bezala, Igandero egitasmoaren barnean, ibilgailu motordunak ezingo dira pasatu Colón ibilbidetik 10:00etatik 19:00etara.
Azkenik, irailaren 22an, astelehenean, Autorik gabeko Munduko Eguna izango da. Colón ibilbidea (Gipuzkoa hiribidearen eta Francisco de Gainza karrikaren arteko tartea) bizikletek, trizikloek, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek, autobusek, taxiek eta larrialdietako zerbitzuek bakarrik erabili ahalko dute, 10:00etatik 19:00etara.



