Irungo Udala auzo elkarteekin bilduko da azken mugikortasun neurriak errepasatzeko

Datozen asteetan, Irungo Udaleko Mugikortasun Jasangarriko Arloa hiriko auzo elkarte bakoitzarekin bilduko da mugikortasun esparruan hartu diren azken neurriak berrikusteko. Bada, bileren helburua auzo elkarteekin elkarrizketa zuzen eta konstruktibo bat izatea da, eta neurri zehatzei buruz hitz egiteaz gain hirirako nahi den mugikortasun ereduaz elkarrekin hausnartzea.

Azken asteetan, Udalak neurri batzuk hartu ditu mugikortasunaren esparruan: TAO eremuak hedatu ditu, eta ordutegi berriak ezarri; bertakoek bakarrik aparkatzeko eremu gehiago sortu ditu; etab. Sergio Javier Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak adierazi duenez, “Entzun egin nahi dugu, egindakoa ebaluatu, eta elkarrekin auzo bakoitzaren beharrei erantzuten dieten proposamen berriak landu, eta bilera hauek aukera paregabea dira hiri osoko bizi kalitatea eta espazio publikoa hobetzeko mugikortasun eredu bat adosteko”.

Garraio publikoaren erabilera, etxebizitza bakoitzak bertakoek aparkatzeko bi txartel izateko eskubidea, isuri gutxiko eremuaren sorrerak berekin dakartzan erronkak eta abar: Udalak egindakoa ebaluatzeko, ekarpenak jasotzeko eta elkarrekin auzo bakoitzaren beharretara egokitutako mugikortasun eredu bat eraikitzen jarraitzeko moduan heldu nahi dio prozesuari.

Hiri barruko Mugikortasun Jasangarrirako Plana

Esan bezala, Hiri barruko Mugikortasun Jasangarrirako Planaren bidez hasitako elkarrizketa eta akordio prozesuaren esparruan izango dira bilerak, hori baita Irun jasangarri eta irisgarriagoa eta ingurunearekin adeitsuagoa izateko bide orria. Honako plana, 2024ko uztaileko osoko Bilkuran onartua, gardentasun, elkarkidetza eta hizketa konstruktiboaren jarduketa bat suposatzen du irundarrontzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude