BATek XLVIII. San Martzial igoera antolatu du aurtengo Sanmartzialetarako

Uda iristearekin batera, Bidasoaldeko paisaia aldatu egiten da. Zapatilen hotsa eta arnasa estua gailentzen dira Irunen, baita hiriko jaietan zehar ere. Aurten ere, Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak jaiak kirola eginez ospatzeko erronka proposatzen die korrikalariei, hiriko jaiekin bat eginez, Carrocerías Euskalduna XLVIII. San Martzial igoera antolatuz.

Aurretik, klubak beste erronka bat izango du, ekainaren 7an Irungo erdigunean. X. Irungo Miliak – 5K Salto Foundation probak kirola eta inklusioa uztartuko baititu. 5 kilometroko zirkuitu homologatua, milia herrikoiak eta haurrentzako probak izango dira, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteari laguntzeko martxa solidarioarekin batera.

“Iazko edizioan lasterketak errekor berria lortu zuen, guztira, 158 parte-hartzaile izan zituelako probak”

Ibon Muñoz, Bidasoa Atletiko Taldeko gerentea

Baina indarrak neurtzeko une gorena ekainaren 27an iritsiko da. XLVIII. San Martzial igoerak 3,6 kilometroko ibilbidea eskaintzen du. Goizeko 10:30ean Urdanibia plazatik irten eta ermitaraino, korrikalariek euren muga fisikoak probatuko dituzte jai giroan murgildu aurretik. Helmugan kategoria bakoitzeko lehen bost sailkatuak sarituko dira.

San Martzial Igoera BATek antolatzen duen proba gogor eta zaharrenetarikoa da aldi berean. Ibon Muñoz Bidasoa Atletiko Taldeko gerentearen hitzetan, “lasterketa honetako parte-hartzaile gehienak irundarrak dira, eskualdeko biztanleak eta korrikalari frantsesen bat ere animatzen delarik”. Bereziki, igoerak gustuko dituzten korrikalariak nabarmentzen dira. Azken urteetan, gainera, korrikalari gazte asko animatzen ari dira igoeran lehen aldiz parte hartzera, probaren osasun onaren erakusgarri dena.

“Lasterketa gogorra izan arren, korrikalari gazte berriak parte hartzera animatzen jarraitzea nahi dugu

Ibon Muñoz, Bidasoa Atletiko Taldeko gerentea

Lasterketan zehar eta bereziki San Martzial Mendiko helmugan oso giro ona izan ohi dela adierazi du Ibon Muñozek: “ez da klubean onura ekonomiko gehien uzten duen proba, baina jaietako ohiko hitzordu bihurtu da, aurtengoa  48. edizioa izango baita”. Ibilbide aldapatsuak  ere ez du publikoa kikiltzen. Ibon Muñozek adierazi du jendea lasterketaren 4 puntu estrategikoetara gerturatu ohi dela animoak ematera: irteerara, Blaia eta Artiga kaleetako bidegurutzera, Txingudiko igerilekuko kurbara eta ibilbidearen amaierako azken bi kurbetara.

Izen-ematea zabalik

Izen-ematea online egin daiteke 12 euroan ekainaren 26ra arte, edo bestela, 16 euroren truke probaren egunean bertan irteeragunean. Irailaren 5ean, lekukoa Hondarribira igaroko da. XLVIII. Guadalupeko igoera lasterketa klasiko bat da herriko jaien atarian eta aurten, gainera, Guadalupe Txikia proba ere berreskuratuko da. Mendiko aldapak maite dituztenentzat, antolakuntzak promozio berezi bat aktibatu du: bi igoerak burutu nahi dituztenentzat “Igoera Packa” dago eskuragarri. Bi probak bakoitza bere aldetik 24 euroan ordaindu beharrean, 18 euro soilik kostatuko da pack-a hartuz gero, hau da, 6 euroko aurrezpena.

Ibon Muñoz  Bidasoa Atletiko Taldeko gerenteak adierazi duenez, “iazko edizioan lasterketak errekor berria lortu zuen, guztira, 158 parte-hartzaile izan zituelako probak”. Dena den, Ibon Muñozek adierazi duenez, lasterketa berezia denez, jendeak probaren aurreko azken egunetan egin ohi du izen-ematea, gainera, kasu honetan, probaren egunean bertan ere egin daiteke. “Lasterketa gogorra izan arren, korrikalari gazte berriak parte hartzera animatzen jarraitzea nahi dugu, probaren etorkizuna bermatzeko”, erantsi du BATeko gerenteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude