Irungo Udalak, Herritarren Segurtasun eta Bizikidetza arloaren bitartez, SMS bidezko alerta-sistema berri bat abian jarri duela jakinarazi du. Sistema honen helburu nagusia da jabeen ibilgailua Udaltzaingoak jarritako balizamendu baten barruan aparkatuta dagoenean horren berri ematea, jabeak autoa eremu horretatik ahalik eta lasterren ken dezan eta eragozpenak saihestu daitezen.
Balizatutako eremuak kono, hesi, argi edo buien bidez fisikoki mugatzen diren espazioak dira. Gune hauen helburua zirkulazioa antolatzea, arriskuez ohartaraztea edo pertsonen segurtasuna bermatzeko jarduera bateraezinak bereiztea izaten da.
Alerta-sistema berri honekin, Udaltzaingoak honako mezu zehatz hau bidaliko du eragindako jabeen telefono mugikorrera:
“Udaltzaingoak jakinarazten dizu (data)-ko (ordua)-tik aurrera (matrikula) ibilgailua aparkatuta dagoen (lekua)-ko aparkalekua beste erabilera batzuetarako gorde dela. Mesedez, lehenbailehen kendu. Eskerrik asko eta barkatu eragozpenak”.
Iñigo Berges Herritarren Segurtasun eta Bizikidetza ordezkariak azaldu duenez, askotan ibilgailuaren jabeak ez daki bere autoa balizaje-eremuan dagoela, hainbat egunetan mugitzen ez duelako. Horregatik, Bergesen ustez, ohartarazpen berri hau oso onuragarria izango da bide publikoan egiten diren ekitaldiak, obra txikiak edo gainerako jarduerak baldintza hobeetan aurrera eraman ahal izateko, erretiratu beharreko ibilgailu guztiak behin koordinatuta eta garaiz kenduta egongo direla bermatuko baitu.



