Artoteka artelanak mailegatzeko zerbitzua ostegunero jarriko da martxan berriz CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroko IrekiART gunean, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Arte garaikidea zabaltzeko eta bitartekaritza artistikoa sustatzeko plataforma honek tokiko sorkuntza publiko desberdinengana hurbiltzea du helburu, eta Irun izan zen programa hau ezarri zuen Gipuzkoako lehen udalerria. Laura Díez arduradunaren gidaritzapean, erabiltzaileek obrak maileguan hartzeaz gain, sortzaileekin bitartekaritza-jarduerak egiteko aukera izango dute, bertako artisten lana ezagutu, esperimentatu eta gaur egungo erronkei buruz hausnartzeko.
Artotekaren bildumak Euskal Autonomia Erkidegoko hogei sortzaileren lan garaikideak biltzen ditu, marrazkia, pintura, argazkia, eskultura eta bideoa uztartzen dituzten pieza hibridoen bitartez. Parte hartzen duten artisten artean daude Belén Cerezo, Estela Miguel, Helena Goñi, Iván Gómez, Izaskun Araluzea, Jenni Alvarado, Juana García-Pozuelo, Maite Pinto, Mawatres, Miguel Cordero, Miren González Goikoetxea, Oihane Sánchez, Ra Asensi, Raisa Álava, Raquel Meyers, Saioa Olmo, Selene Torrado, Tunipanea, Verónica Domingo Alonso eta Yara Blossom. Gainera, katalogoan sartu nahi duten sortzaileek beren fitxa teknikoa duten hamar artelan arteko proposamenarekin osatutako portfolioa aurkez dezakete.
Bi mailegu mota
Zerbitzuak bi mailegu-modalitate nagusi eskaintzen ditu, obren balioaren eta hartzailearen arabera, biak ere gehienez sei hilabeteko iraupenarekin. Alde batetik, partikularrek 300 euro arteko balioa duten artelanak doan hartu ahal izango dituzte maileguan, garraioaz eta muntaketaz eurak arduratuta. Bestetik, ikastetxe, egoitza edo osasun-zentro bezalako espazio kolektiboek 6.000 euro arteko obrak eskatu ahal izango dituzte; kasu horretan, espazioaren, erabiltzaileen eta artisten beharretara egokitutako bitartekaritza-jarduerak diseinatuko dira mailegua aktibatzeko. Informazio gehiago Artotekaren webgunean kontsulta daiteke.



