Bidasoko osasun publikoaren “narriadura larria” eta zerbitzu falta salatu dute herritarrek

Bidasoa eskualdean kalitatezko osasun publikoaren defentsan eta bizi den “une oso larria” argitara emateko ahotsak altxatu dira berriro ere Osasun Bidasoa plataformaren deialdiari erantzunez. Duela urtebete pasatxo, Irunen ia 12.000 pertsona bildu ziren pediatriako larrialdiak berriz irekitzeko, haur eta gazteen psikiatriako kontsulta berreskuratzeko eta osasun-zerbitzuen gainbehera salatzeko, eskualdean gogoratzen den mobilizaziorik handienetako batean. Orduan Osasun Sailak herritarren haserrea eta kezka kontuan hartuko zituela esan zuen arren, urtebete geroago egoerak okerrera egiten jarraitzen duela salatu dute herritarrek.

“Domino efektua” larrialdietan eta pediatrian

Plazaratutako idatziaren arabera, gaur egun ikusten ari garena ez dira arazo isolatuak, bata bestearen atzetik datozen ezbeharren “domino efektua” baizik. Pediatriako larrialdiak itxi zituztenetik, anbulatorioak ia sei hilabetez pediatrarik gabe egon dira, ordutegiak zabaltzeko eta mediku gehiago jartzeko promesak bete gabe utziz. Egoera honek zuzeneko eragina du gainerako zerbitzuetan eta profesionalengan:

Bidasoa Ospitaleko larrialdietako eta Irungo Erdialdeko PACeko (Etengabeko Arreta Gunea) profesionalek langile falta, lan-karga handia eta txandak betetzeko zailtasunak salatzen dituzte. Langile asko nekatuta eta desatenduta sentitzen dira, eta batzuk beste eskualde batzuetara joatea ere pentsatzen ari dira. Dagoeneko medikurik gabeko txandak izan dira PACean, eta ospitalean ere behar baino mediku gutxiagorekin lan egitea ez da arraroa, zerbitzu gehiago galtzeko benetako arriskua egonez.

Itxaron-zerrendak eta osasun mentala

Osasun arloko krisia lehen arretatik eta larrialdietatik haratago doa. Alde batetik, itxaron-zerrendek hazten jarraitzen dute. Bestetik, osasun mentaleko arreta “ez dela nahikoa” adierazi dute, profesional gutxiegi daudelako eta instalazioek ez dituztelako gutxieneko konfidentzialtasun-baldintzak betetzen. Gauzak horrela, gero eta pertsona gehiago bidaltzen dituzte eskualdetik kanpoko zentro pribatuetara kontsultak, probak edo ebakuntzak egitera.

Murrizketei “aski da” esateko unea

Egoera honen aurrean, Bidasoko herritarrek “nahikoa dela” eta murrizketekin zein bete gabeko promesekin amaitzeko garaia dela aldarrikatu dute. Azpimarratu dutenez, ez dute onartuko inork Donostiara joan behar izatea hemen eman beharko litzatekeen larrialdi-arreta jasotzeko.

“Ez dugu ilargia eskatzen. Ez dugu aparteko ezer eskatzen. Geneukana eta inoiz galdu behar ez genuena berreskuratzea eskatzen dugu”. Hori gure eskubidea dela gogoraraziz, eskualdeko herritarrek kalitatezko eta gertuko arreta lortu arte mobilizatzen jarraitzeko konpromiso sendoa berretsi dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude