- Abuztuaren 28an eta 29an
- Ficoban
- Sarrerak salgai
Udaren amaierak nostalgia ukitu bat ekarri ohi du, oporren agurrarekin eta errutinara itzultzearekin batera. Aurten, ordea, Bidasoa eskualdeko kultur panorama erabat astinduko duen proposamen berri bat jaio da, trantsizio hori musika eta ondo pasatzeko festa handi batean bilakatzeko asmoz: Bidasound jaialdia. Abuztuaren 28an eta 29an, Irungo Ficoba erakustazokako kanpoko eremuan egingo da, baina ekitaldi hau ez da kontzertu soil batzuen bilduma izango; antolatzaileen hitzetan, «esperientzia integral bat» izateko jaio da, eskualdean zegoen hutsune handi bati erantzuteko.
Proiektu handinahi honen atzean Cult Productions etxeko bi eragile daude: Rubén Fraile eta Yon Gallardo. Biak ala biak herrian bertan Flashback festa arrakastatsua antolatzetik datoz, 80ko eta 90eko hamarkadetako musika gogora ekartzen duen ekitaldi gogoangarria, bigarren edizioan sarrera guztiak agortu zituena. Arrakasta horrek emandako bultzadarekin, jauzi kualitatibo bat ematea erabaki dute Bidasoundekin, etorkizunean urteroko hitzordu erraldoi bihurtuko den jaialdiaren lehen hazia landatuz.
Sustraiak Irunen
Jaialdiaren jatorriaz galdetzean, Yon Gallardok argi eta garbi azaldu digu aspaldiko ametsa zela: «Buruan generabilen astakeria bat da. Biok genuen tamaina handiko jaialdi bat egiteko gogoa. Aurten ikusiko duguna, lagin bat besterik ez da, etorkizunean are handiagoa izatea nahi dugulako; urrats garrantzitsu bat da guretzat». Beste jaialdi batzuetan bizitako esperientzietatik abiatuta, antolatzaileek nabaritu zuten Irunen eta inguruetan ez zegoela horrelako eskaintzarik. «Hurbilen dagoen antzeko zerbait ikusteko Bilbao BBK Livera joan behar da», gaineratu du Gallardok, jaialdia eskualdera ekartzeko motibazio nagusia azpimarratuz.
“Bertako jendeak bere etxean jaialdi propioa izatea nahi dugu”
Rubén Fraile, Bidasound jaialdiaren antolatzailea
Kokalekuaren hautaketa ez da kasualitatea izan, baina bai berritzailea. Flashback Ficoba barruan egin bazuten ere, Bidasoundek kanpoko espazioak bereganatuko ditu. Rubén Frailek zehaztu duenez, «erakustazoka ezaguna izan arren, jaialdi hau erabat ezberdina izango da, kanpora aterako dugulako, belarrezko gune batera. Dena aire zabalean egingo da, pabiloi baten itxieratik urrun, giro askoz udatiarragoa sortuz».
Abuztuaren amaierako data hautatzea ere estrategikoa izan da, udako agenda kultural estuan zirrikitua aurkitzea erraza izan ez den arren. Donostiako Aste Nagusia eta inguruko beste hainbat festa kontuan hartuta, oporren osteko itzuleraune ezin hobea zela erabaki zuten. Jendea jada herrian dagoela, lanera bueltatu aurreko azken asteburua aprobetxatuko dute Ficoba «leporaino betetzeko».
Kartel Transbertsala
Bidasounden indargune nagusietako bat adin eta gustu guztietako jendea erakartzeko duen gaitasuna da. Kartelak estatu mailako talde ezagunak biltzen ditu: Maldita Nerea, Efecto Pasillo, Celtas Cortos edota David Otero, bertako artista gazte eta indartsuekin batera, hala nola Aitana Grandes eta baita El Vega Life bezalako proposamen freskoak ere.
Abuztuaren 28an, ostiralez, pop eta doinu freskoak izango dira nagusi Maldita Nerea taldea buru dela, eta haiekin batera igoko dira agertokira Efecto Pasillo, David Otero, El Vega Life, Volavent eta Sao. Hurrengo egunean, abuztuaren 29an, larunbata, rock eta folk ukitu klasikoagoen txanda izango da Celtas Cortos handiekin, Burning, La Frontera, La Cabra Mecánica, Embusteros eta La Bona Dea taldeen laguntzaz. Gainera, bi egunetan zehar jaialdia girotzeko, Aitana Grandes eta Oihan Vega izango dira gonbidatu berezi gisa. Horrez gain, azken orduko fitxaketekin borobildu dute eskaintza, Los 40 Principales irratiko Dani Moreno eta Cristian San Bernardino DJen etorrerarekin.
Ostirala 90eko eta 2000ko hamarkadetako doinuei begira egongo da, eta larunbata, aldiz, 80ko eta 90eko ukituekin jantziko da. Dena den, Rubén Frailek zehaztu du jaialdia ez dela kartelera soilik mugatzen: «Nire familiarekin jaialdietara joaten naizenean, ez gara artista bakar baten bila joaten; plan familiar bat da. Kontzertuak edozein herriko plazatan ikus daitezke, esaterako, ekainean Irungo jaietan, baina hau askoz haratago doa». Janariguneak, animazioak eta etengabeko jarduerek osatuko dute bi eguneko egonaldia.
Transbertsalitate hori sarreren salmentan islatzen ari da dagoeneko. Gallardoren ustez, «ederra da ikustea 16 urteko gazteek zein 70 urtekoek erosi dutela sarrera. Gainera, harrigarria bada ere, Madril edota Malaga bezalako leku urrunetan ere saldu ditugu txartelak».
Tokiko zigilua
Jaialdiak bertako izaera edo «seilu lokala» izatea funtsezkoa da Cult Productions-eko kideentzat. Frailek aitortu duenez, orain arte beti kanpora bidaiatu behar izan du jaialdi handiez gozatzeko (Madril, Kantabria…). Orain, ordea, «etxeko jendeak bere etxean jaialdi propioa izatea nahi dugu», horixe baita euren babesik handiena.
“Gainera, harrigarria bada ere, Madril edota Malaga bezalako leku urrunetan ere saldu ditugu txartelak”
Yon Gallardo, Bidasound jaialdiaren antolatzailea
Ekitaldi honek hirian utziko duen arrastoa ere ez da makala izango. Flashback festarekin gertatu bezala —non herriko dendek jantzi tematikoen salmentan gorakada igarri zuten—, Bidasoundek Irungo merkataritza eta ostalaritza kapitalizatzea du helburu, kanpotik datorren jendeak hirian kontsumitu dezan.

Logistika aldetik hilabete gogorrak izan diren arren, antolatzaileek inguruan duten lan-talde bikaina eskertu nahi izan dute. Proiektuaren atzean kontrolatzen duen jendea izatea da garrantzitsuena eurentzat, prozesuan ezusteko handiak eta txikiak kudeatzen laguntzen dutenak. «Guk ez dakigu ezer, egunero hitz berriak ikasten ditugu, baina gure inguruko jendeak asko kontrolatzen du eta horrek dena errazten du», dio Gallardok umorez.
Irribarreak, arrakastaren neurgailua
Lehen edizio honek etorkizunera begira bide luzea izatea aurreikusten dute, espazioa hirukoiztu eta bi agertoki jartzeko ametsarekin. Gainera, etorkizuneko edizioak hain finkatuta egotea nahi dute, non jendeak sarrerak urtez urte zuzenean erosiko dituen. Hala ere, aurtengo arrakasta neurtzeko, diru kontuetatik haratago doa euren herri gogoa: «Niretzat, arrakasta jendea handik irribarre batekin ateratzea da», dio Frailek.
Gallardok bat egiten du ideia horrekin, proiektu hau euren pasioa dela gogoraraziz: «Hau zaletasun bezala egiten dugu. Dirua irabazten dugun egunean, berriro inbertituko dugu txorakeria handiago bat egiteko. Gure arrakasta irribarretan neurtzen da». Oraindik zalantzan daudenei mezu argia bidali diete: «Bi pertsona mota daude: jaialdira doazenak eta joaten ez direnak. Ez ezazu galdu, hurrengo asteetan ez baita beste ezertaz hitz egingo». Bidasound horixe baita, udari agur esateko modurik borobilena eta indartsuena.




