Irungo Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak (HAZ) erantzun eta balorazio bikainarekin itxi du 2025eko ekitaldia. Jon Ugarte Gobernu Irekiko eta Hiritarren Arretako ordezkariak eta Izaskun Larrarte HAZeko arduradunak gaur goizean aurkeztu dute zerbitzuaren urteko memoria, eta bertan jasotako datuek argi uzten dute irundarrengan duen fidagarritasuna. Guztira, 236.013 arreta eskaini ditu HAZek bere lau kanalen bitartez, azken 13 urteotako batez bestekoa % 9,5ean gaindituz. Horrez gain, herritarren artean egindako telefono bidezko inkestek 5etik 4,8 puntuko batez besteko nota orokorra eman diote zerbitzuari, aurreko urteko 4,75ekoa hobetuz.
Harremanetan jartzeko bide nagusia telefonoa izan da berriro ere, 82.713 arreta bideratuta (hilean 7.000 dei inguru) eta 4,5eko balorazioarekin. Aurrez aurreko arretak, berriz, 60.790 bisita jaso ditu eta ia gehieneko puntuazioa erdietsi du, 4,9 punturekin. Kanal honetan azkartasuna eta tratu adeitsua nabarmendu dituzte herritarrek, itxarote-denborek hobera egin baitute: aldez aurretik hitzordua zuten pertsonek minutu bat eta 33 segundo soilik itxaron behar izan dute batez beste (2024an baino 21 segundo gutxiago), eta hitzordurik gabe joandakoen itxaroteari dagokionez, 7 minutu eta 42 segundora jaitsi da. Horrela, erabiltzaileen % 78k hamar minutu baino gutxiago itxaron du bere txanda iristeko.
Ohiko tramitazioez haratago, memorian jasotako beste alor batzuetan ere jarduera handia egon da. Galdutako objektuen atalean, HAZek 2.336 artikulu jaso ditu (% 11 gehiago) eta egindako kudeaketei esker 1.319 jabe identifikatu eta euren ondasunak itzultzea lortu du. Bestalde, sarrera-erregistroak Udalari zuzendutako 51.488 eskaera zein beste administrazio batzuentzako 4.152 dokumentu kudeatu ditu, Kudeaketarako Laguntza Guneak 1.780 kontsulta baino gehiago erregistratu ditu eta guztira 4.075 Irun Txartela berri igorri dira. Ugartek eta Larrartek azpimarratu dutenez, 1997an sortutako zerbitzu hau etengabe hobetzen jarraituko du Udalak lortutako datuak aztertuz, herritarren arretan bikaintasunari eusteko helburuarekin.
Autorzerbitzu terminalak
Beste bide batzuen artean, autozerbitzuko terminalen sareak baloraziorik altuena lortu du, 5etik 5 puntuko nota paregabearekin. Hilean 5.000 arreta inguru erregistratu dira terminal hauetan, eta guztira 60.724 izapide bideratu dituzte, aurreko urtean baino % 6,25 gehiago. Erabiltzaileek oso positiboki baloratu dute makina hauek hiri osoan zehar sakabanatuta egotea eta egunero eskuragarri izatea. Era berean, Egoitza Elektronikoak ere gora egin du 28.783 arretara iritsiz, eta bisita bakar batean eskatzen eta ebazten diren berehalako izapideak 32.996 izan dira, iaz baino % 11,8 gehiago.



