Espainiako Sprint Txapelketarekin batera amaiera eman dio denboraldiari Santiagotarrak taldeak. Kluba oso pozik agertu da lortutako emaitza bikainekin eta kirolariek lasterketa bakoitzari aurre egiteko erakutsitako lehiakortasun zein jarrerarekin. Lehiaketa honek ikasturte osoko lan eta ahaleginari erantzun bikaina eman dio, azken saio honetan lortutako arrakastarekin prestaketa-aldia borobilduz.
Nabarmentzeko modukoa izan da emakumezkoen junior mailako ontziek erakutsitako maila altua, guztira bost domina bildu baitituzte. Zilarrezko bi domina eskuratu dituzte: Eiderrek eta Anak osatutako bikoteak K2 1000 metroko proban, eta Eider, Ana, June eta Katixak osatutako laukoteak K4 500 metrokoan. Horrez gain, hiru brontzezko domina ere erdietsi dituzte: Eiderrek banakako K1 1000 metroko saioan, zein K4 taldeak (Eider, Nerea, June eta Katixa) 1000 metroko eta 200 metroko distantzietan.
Gainerako kategorietan ere kirolariek lan aipagarria egin dute txapelketa osoan zehar. Emakumezkoen junior K2 probetan Katixak eta Nereak 7. postuan amaitu dute 200 metrokoan eta 9.ean 500 metrokoan; bitartean, Enara, Irati, Irati eta Araiak osatutako K4 ontziak 9. postua lortu du 200m-an, eta banakako K1 saioetan Junek 10. zein 11. postuak lortu ditu eta Anak 15. amaitu du. Gizonezkoetan, junior mailako kanoan (C1), Rodrigok 10. postua erdietsi du 200m-an eta 18.a 500m zein 1000m-an, eta Ibaik 24. amaitu du K1 1000m-an. Azkenik, senior gizonen mailan, Markelek 17. postua lortu du K1 1000m-an, eta Unaigaz batera osatutako K2 bikoteak 11. postuan amaitu du 500m zein 1000m-ko distantzietan.



