Saioa Huarte, surflaria: “Surfeatzea ez da egun bakar batean ikasten den zerbait”

Saioa Huarte irundarra Hondarribiko HS2 Surf Eskolako kidea da. Pasa den ekainean Espainiako Txapeldun bilakatu zen Parasurfingeko Stand 1 kategorian, Gran Kanarian egindako txapelketan. Irundarra Stand 1d kategorian lehiatzen da, ezkerreko profil osoan duen paralisiak burutik oineraino eragiten baitio, baina horrek ez dio eragozten taula gainean gozatzea. Saioak bere lehen lehiaketa ofizialaren osteko sentipenez hitz egin digu.

Ekainean mugarri garrantzitsua lortu zenuen zure kirol ibilbidean, ezta?

Ni 2016an hasi nintzen surfean, Kind Surfek Donostian antolatutako jardunaldi batean. Egun hartan lehen aldiz probatu eta asko gustatu zitzaidan. Hortik aurrera, pixkanaka surf gehiago praktikatzen hasi nintzen; hasieran egun solteak, baina geroz eta gehiago. Gero 2017an Miren eta Trikirekin, eta haiekin jarraitzen dut.

Surfean 10 urte eraman arren, orain berriki hasi zara txapelketetan lehiatzen.

Aurten lehen aldiz parte hartu dut txapelketa ofizialetan. Egia da 2022an Hendaian egin zen txapelketa txiki batean parte hartu nuela, baina soilik disfrutatzeko helburuarekin joan nintzen. Aurten ordea txapelketa ofizialetan parte hartzeko aukera ikertzen hasi ginen.

Nolakoa izan da lehen aldiz txapelketa ofizial batean lehiatzea?

Nire lehenengo txapelketak izanik, hasieran apur bat urduri nengoen. Azkenean, ni hemen inguruko hondartzetan surfeatzen ohituta nago eta beste toki ezezagunetan aritzea oso ezberdina da. Kanarietan arroka askoko hondartza batean izan zen txapelketa, olatu baldintza ez hain onetan. Hain zuzen ere, txapelketan zehar bi pertsonek burua zauritu zuten. Azkenean, ez da gauza bera entrenatzera joatea edo lehiatzera; txapelketan badakizu ahalik eta hoberen egiten saiatu behar zarela. Hasi berria naiz eta lan asko dut aurretik, baina poliki-poliki joan nahiko nuke, bat-batean salto izugarririk eman gabe, beste pertsonen esperientziek hala erakutsi didatelako.

“Ni hemen inguruko hondartzetan surfeatzen ohituta nago eta beste toki ezezagunetan aritzea oso ezberdina da”

Txapelketek eragiten duten presioa ondo kudeatzen jakin behar da.

Bai, nahiz eta, adibidez, Espainiako Txapelketa txikia den, eta hori giroan nabaritzen da. Txapelketaren aurretik edo ostean denak elkarrekin ibiltzen ginen zerbait hartzeko. Txapelketa handiagoetan, berriz, adibidez Europako Txapelketa batean edo Selekzioarekin zoazenean, zeharo ezberdina da dena. Nik surfa kasualitatez aurkitu nuen, ondo pasatu nahian eta horrela izaten jarraitzea gustatuko litzaidake.

Surf egokituaren barnean, kategoria ezberdinak daude. Nola bereizten dira?

Surf egokituaren barnean 9 kategoria daude. Bertan, tribunal mediku batek zure kasua ikertzen du eta zein kategoriatan lehiatu behar zaren erabakitzen du. Izan ere, bada zutik lehiatzen den jendea, baina baita etzanda edo eserita ere. Esaterako, itsuentzat egokitutako kategoriak daude. Nire kategoriaren izena Stand 1 da, besoan nolabaiteko muga duten pertsonentzako kategoria bat da. Kategoria honetan aritzen garenak inolako laguntzarik gabe sartzen gara itsasora eta taula gainera, beste batzuek aldiz laguntzaileen beharra dute taulara igotzeko.

Nola antolatzen dituzu zure entrenamenduak?

Entrenamenduak egiteko, asteazkenetan eta asteburuetan hondartzara joaten gara. Ni, hasi berria naizenez, oraindik ez ditut hemen inguruko hondartza guztiak kontrolatzen, horregatik Kanariak sekulako deskubrimendua izan dira niretzat. Hondartza guztiak berdinak direla pentsatzen dugu, baina ez da horrela: arrokak, korronteak, mareak, etab. asko aldatzen dira leku batetik bestera. Hori ikasteko egunero sartu behar zara itsasora leku ezberdinetatik.

Txapelketak jende berria ezagutzeko aukera emango zizun.

Txapelketari esker Malaga, Valentzia eta Asturiaseko jendea ezagutu dut. Azkenean, hemen inguruan aritzen garenak talde txiki bat gara, Donostiako, Zarautzeko eta Tolosako jendez osatua. Denon artean taldetxo bat osatzen dugu. Espainiako Txapelketa hau inoiz ahaztuko ez dudan zerbait izan da, lehenengoa izateaz gain, familiarekin batera bidatzeko aukera eman didalako eta leku eta jende berria ezagutu ditudalako.

Behin hau bizita, kirolean trebatzen jarraitzeko motibazioa eman dizu?

Bai. Surfeatzea ez da egun bakar batean ikasten den zerbait. Hamar urte entrenatzen daramatzadan arren, hau izan da nire lehen txapelketa. Beraz, bai, honek jarraitu nahi izateko bultzada eman dit. Hemendik bi astera Galiziako beste txapelketa batean lehiatuko naiz, ikasten jarraitzeko. Gauzak eroriz eta hanka sartuz ikasten baitira eta lehenengoan dena ondo egitea ezinezkoa da. Surfa niretzat terapia moduko zerbait da, ez kirola soilik. Ni itsasora astean bi aldiz sartzen ohituta nago, baina txapelketa handiagoetan ondo aritzeko, errendimendu hobe bat beharko da.

“Bai, gustatuko litzaidake jendea surfa probatzera animatzea; batez ere neskak, nire kategorian oso gutxi baikara”

Baliabideei dagokienez, surfa kirol gutxitua izanda, nola moldatzen zarete?

Taula guztiak ez dira berdinak, zure behar eta hondartzaren baldintzen arabera egokitu behar dira. Aurreko astean nire taula propioa erosi nuen, beraz, orain hori ezagutzen ari naiz. Gainera, surfeatzera joateaz gainera, fisikoa zaintzea ere garrantzitsua da, lesioak saihesteko. Txapelketara joateak ere gastu bat dakar, bidaiatu behar duzulako, esfortzu ekonomikoa eskatzen duena. Taularekin bidaiatzeak ere arriskua du, garraioan puskatzeko aukera dagoelako. Surf egokituan kirolari eta klub gutxi gara azkenean, ratioak oso txikiak direlako: kirolari bakoitzak bere monitorea behar baitu eta eskolak kirolari bakoitzaren gaitasunetara egokitu behar dira. Instituzioek baliabideak eman arren, gehiago behar dira, inoiz ez direlako nahikoak.

Zer helburu dituzu etorkizunera begira?

Nik orain buruan Pantín dut, hurrengo txapelketa. Gero selekzionatzen banaute Portugalera edo Kaliforniara joateko aukerak izan ditzaket, baina burua hurrengo txapelketan zentratuta izatea nahiago dut, urrutiegi begiratu gabe. Azaldu bezala, nahiago du poliki joan. Argi dut gauzak lortzeko denbora asko behar dela, ikasketa prozesu luzea baitago atzetik. Beraz, ez dut helburu zehatzik. Gainera, mundu mailan, kirolarien maila oso altua da. Momentuz argi dudan gauza bakarra da surfeatzen jarraitu nahi dudala eta, noski, kirol honetan disfrutatzen. Dakarzkidan esperientziak pilatzen joan nahi dut, lorpen zehatzak bilatzera joan gabe; datorren guztia ongietorria izango da. Bai, gustatuko litzaidake jendea surfa probatzera animatzea; batez ere neskak, nire kategorian oso gutxi baikara. Ondorioz, kirolaririk gabe, ez dago ez txapelketarik, ez baliabiderik. HS2 klubeko ateak parez pare irekita daude horretarako.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude