Pío XII auzoko kaleetan barrena ibiltzean, badago azken asteotan auzoari aire freskoa eman dion proposamen berri bat. Alfonso Morales kaleko 5. zenbakian ateak ireki berri ditu Re-read liburu denda bereziak. Ez da ohiko liburu denda bat, ezta erabilitako liburuen biltegi kaotiko bat ere. Proiektu honen atzean Marco Poppelmann Eggert eta Beatriz Moral Ledesma daude, kultura ekonomia zirkularraren bidez gizarteratzeko eta irakurzaletasuna adin guztietako herritarrengana hurbiltzeko asmoz.
Re-read ez da ezerezetik sortutako abentura bat. Donostian hamar urteko esperientzia sendoa daukate antzeko negozio batekin, eta bertan egiaztatu ahal izan dute bigarren eskuko liburuen salmentak bizitza erabat aldatu diela, gizarteari balio erantsi handia eskainiz: “Gure bizitza modu oso positiboan aldatu duen negozioa da”, azaldu du Marcok. “Oso pozik gaude merkataritza zirkularraren eredu honekin, zakarrontzitik salbatzen ditugun liburuak berriro erabiltzeko aukera ematen duelako”, erantsi du Marco Poppelmannek. Horrela, irakurzaletasuna sustatzen dute gazteen, helduen zein adinekoen artean. “Egunero zerbait berria ikasten den giroa sortzen da, eta negozio estilo honek erabat sorginduta gauzka”, azaldu du Poppelmannek.
“Jendeak paperari oso lotuta jarraitzen du, baita gazteek ere”
Beatriz Moral, Re-read dendaren jabea
Irunen denda berri bat irekitzeko erabakia bezeroen eskariari erantzuteko hartu zuten. Donostiako dendaraino irundar ugari hurbiltzen ziren azken urteotan, Irunen bertan Elkar denda bakarrik zegoelako liburuak eskuratzeko, eta liburuak prezio merkean lortzeko tokien faltak mugiarazita. Marco Poppelmannek gogoratu du, ezagutzen zituzten irundar guztiek hirian denda bat irekitzera animatzen zituztela: “Azkenean ausartu egin ginen; jada bi hilabete inguru daramatzagu martxan eta gauzak bide oso onetik doaz».
Auzoan komunitate giroa
Dendaren irekiera Pío XII auzoko jaiekin batera gertatu zen, eta horrek auzokideekin lehen harreman azkar eta goxoa izatea ahalbidetu zuen. Plazan bertan kokatuta egoteak ikusgarritasun handia eman zien hasiera-hasieratik. Beatriz Moralen hitzetan, harrera ezin hobea izan da: “Oso pozik gaude jendearen erantzunarekin”. Denda zabaldu genuenean auzoko jaiak zirenez, jende askok ikusi zituen denda muntatzen. Asko sartzen ziren dendara zertan ari ziren galdetzera eta Beatriz Moralek aipatu duenez, “ilusio handia egin zigun hainbeste pertsona pozik ikusteak, Irunen horrelako negozioak beharrezkoak direla esanez”.
Komertzio berriak ez ditu soilik Pío XII auzoko bizilagunak erakarri, hiri osoko irakurleak ere hurbiltzen ari baitira. Gainera, inguruko denda eta merkatarien laguntza eta elkartasuna azpimarratu nahi izan dute jabeek. Marco Poppelmannek auzoan jasotako harrera beroa eskertu du: “Inguruko negozioek ere sostengu handia eman digute, irekierarako laguntzarik behar ote genuen galdetuz”. Gainera, “bizilagunekin oso harreman ona dugu jada», gaineratu du Marcok pozik.
Dendaren funtzionamendua
Askotan bigarren eskuko liburu dendak leku ilun edo desordenatuekin lotzen dira. Re-read-ek erabat hausten du irudi hori. Liburu guztiak zehaztasunez garbitu, ikuskatu eta kategoria ezberdinetan sailkatzen dituzte dendan zehar sakabanatutako apaletan. Hain zuzen ere, bezero asko harrituta geratzen dira aleak zein egoera onean dauden ikusita, berriak ote diren galdetzera iritsiz.
Re-readen liburuak saltzen direnik esan beharrik ez dago. Dendaren berezitasuna da ordea, salneurriak guztiz finkoak direla, liburuaren tamaina edo edizioaren balioa edozein dela ere. Erosten den liburu kopuruaren arabera soilik merkatzen da prezioa. Liburu bakarra erosiz gero, liburuak 4 euroko prezioa izango du. Bi liburu erosita ale bakoitza 3 euroan salduko da, hau da, 6 guztira. Prezio merkeena berriz, 5 liburu edo gehiago erosita aplikatuko da: 2,40 euro erositako liburu bakoitzeko. Horrez gain, Re-member txartela eskaintzen dute: 12 euroren truke 5 liburu eskuratu daitezke. Beatriz Moralek azaldu duenez, “Txartel honek diru-zorro gisa funtzionatzen du eta ez dago 5 liburuak batera eraman beharrik; sobratzen den dirua txartelean gordetzen da eta aurrerago erabiltzeko aukera dago”. Gainera, Re-member txartela Donostiako zein Irungo dendetan erabili daiteke, sistema bera partekatzen baitute.
Liburu saltzaileak izateaz gainera, Irungo Re-read dendan liburu erosleak ere badira. Eskaintza neurrigabeak denda ez betetzeko, liburu bakoitzeko 25 zentimo ordaintzen dizkiote behin dendan berrikusi eta salmentarako interesgarria zaiela egiaztatu ondoren. Marco Poppelmannek azpimarratu duenez, “Inor ez dator diruagatik, liburuek amaiera ona izatea nahi dutelako baizik, zakarrontzian amaitzea saihestuz”. Dendan sartzen ez diren edo ale gehiegi dituzten liburuentzat, soberan dauden aleak Cubara bidaltzeko ekimena ere martxan dute, liburu horiek dendan dohaintzan uzteko aukerarekin.
Kultur topagunea
Re-read dendaren hizkuntza eskaintza zabala da. Gaztelaniazko liburuak nagusi badira ere, atzerriko hizkuntzen atal espezifikoak ere badituzte frantsesez, ingelesez eta alemanez. Euskarari dagokionez, atal berezia prestatu dute, dendaren atariko txoko pribilegiatua gordez. “Eskaintza editorial orokorrarekin alderatuta, euskarazko eskaintza oso ona dugu eta ikusgarritasun gehigarria zein espazio propioa ematen saiatzen gara”, azpimarratu du Beatrizek.
“Inor ez dator diruagatik, liburuek amaiera ona izatea nahi dutelako baizik, zakarrontzian amaitzea saihestuz”
Marco Poppelmann, Re-read dendaren jabea
Denda fisiko bat izateak salerosketatik haratago joateko aukera ematen du. Jabeen asmoa tokia kultura trukatzeko eta partekatzeko gune bihurtzea da. Marcok azaldu bezala: “Gure espazioa eskaini nahi dugu liburu aurkezpenak edo antzezlan txikiak egiteko”. Beraz, edozein kultur jarduera ongietorria da Re-read-en. Era berean, “topagune bat da; bezero askok elkar ezagutu eta adiskidetasuna sortu dute hemen liburuez hitz egiten”, erantsi du Marco Poppelmannek.
Papera bizi-bizirik
Pantailen eta e-book-en gorakadaren aurrean, paperarekiko leialtasuna azpimarratu dute jabeek. Beatriz Moralen ustetan, “jendeak paperari oso lotuta jarraitzen du, baita gazteek ere”. Askok liburu elektronikoa duten arren, gogoko duten titulua paperean ere eduki nahi izaten dute. “Gainera, bigarren eskuko merkatuan gaur egun katalogotik kanpo dauden eta bestela lortu ezin diren altxorrak aurkitzen dira” dio Beatrizek.
Lehen urte honetako helburu nagusia proiektua egonkortzea eta mantentzea da. Horretarako, jada Irungo bi pertsona kontratatu dituzte lanerako. Martxa ona bada ere, jabeen esperantza da oraindik dendaren irekieraren berri izan ez duten herritarrengana iristen jarraitzea, kultura irisgarria Irungo eguneroko bizitzaren parte bihurtu dadin. Beraz, Alfonso Morales kaleko 5. zenbakian ateak zabalik daude astean zehar irakurketaren magia paperean berriro ezagutu nahi duten guztientzat.



